Irakurriena
- 1. Laboral Kutxak 154 milioi euro irabazi ditu urteko lehen seihilekoan
- 2. Arrasateko Olandixo eremuaren berrurbanizazioa
- 3. Silizio Karburoaren alorreko soluzioekin, erdieroaleen merkatuko eskaintza indartu du Fagor Electronicak
- 4. MONDRAGONek etorkizuneko negozioak eta gizarte inpaktua indartzeko estrategia berretsi du aurtengo Kongresuan
- 5. MLAKOOPek 60. urteurrena ospatu du eta etapa berri bati ekin dio etorkizunari begira
- 6. Beste bi urtez EU4Dual Europako proiektuaren lidertzan
GOek zortzi foodtech-startupi laguntzen die, haien soluzioak baliozkotzeko ekintzailetza-programa baten bidez
Soluzio berritzaileak baliozkotzen eta hobetzen ari dira merkaturatu aurretik, adimen artifizialaren, hartziduraren, osagai berrien, osasunaren eta ekonomia zirkularraren esparruetan, besteak beste.
Sei eta bederatzi hilabete arteko ibilbide pertsonalizatuan, proiektu bakoitzak bere beharretara egokitutako lan-plan bat garatzen du, bere teknologia baldintza errealetan baliozkotzeko, produktua garatzen jarraitzeko eta hazkunderako prestatzeko. Programak garapen teknologikoa, ingurune errealetako esperimentazioa eta enpresa-arloko laguntza uztartzen ditu, startup bakoitzari ziurgabetasuna murrizten, hobetzeko aukerak identifikatzen eta hazkundearen hurrengo etaparantz sendotasun handiagoz aurrera egiten laguntzeko.
Zortzi startup, programaren lehen edizioan
Startupak honakoak dira: Genky (Bilbo), mahastizaintza- eta ardogintza-industriako azpiproduktuetatik edari funtzionalak garatzen dituena; Marzianos (Bilbo), azukre erantsirik eta palma-oliorik gabeko formulazio garbiagoko donutetan espezializatua; Kampanera (Valladolid), goi-mailako freskagarriak eta edari hartzituak ekoizten dituena; Gastrophysics (Bilbo), kozinatze-prozesu oso azkar eta eraginkorretarako teknologiak garatzen dituena; Comexsoft (Donostia), adimen artifizialean oinarritutako adimen lehiakorreko plataforma baten sortzailea, elikagaien fabrikatzaile eta banatzaileentzat; Kamarere (Valladolid), nekazaritzako elikagaien azpiproduktuak osagai berri bihurtzen dituena; Bakewise (Madril), adimen artifiziala erabiltzen duena okindegietako ekoizpena optimizatzeko eta eskaria aurreikusteko; eta Batee Active (Galizia), itsas baliabideak abiapuntutzat hartuta nutrazeutikoak eta osasun-soluzioak garatzen dituena.
Teknologia ezberdinak garatzeaz gain, kideen profilak ere oso desberdinak dira: elikaduran espezializatutako zientzialariak, ingeniariak, ekintzaile gazteak, beren jarduera berrikuntzaren bidez dibertsifikatu nahi duten eta hamarkadetako esperientzia duten familia-enpresak, eta esperientzia pertsonalak eraldaketa-ahalmena duten enpresa-proiektu bihurtu dituzten sortzaileak.
Laborategitik merkatura
Proiektu bakoitzak ibilbide bat garatzen du, bere beharren arabera. Startup batzuk osagai berriak edo osasun-soluzioak ikuspegi zientifikotik baliozkotzen ari dira; beste batzuk, berriz, industria-prozesuak optimizatzen, kozinatzeko teknologia berriak garatzen edo adimen artifiziala elikagai-industrian aplikatzen.
Lan hauek egiten dituzte, besteak beste: elikagaiek kozinatzeko sistema berrietan duten portaeraren ebaluatu; industrializazio-prozesuak optimizatu, produktuen kalitateari eutsi eta haien balio-bizitza luzatzeko; nekazaritzako elikagaien azpiproduktuetatik lortutako osagaiak garatu; osasun- eta nutrizio-soluzioak zientziaren ikuspegitik baliozkotu; eta elikagaien fabrikatzaile, banatzaile eta gastronomia-sektoreko enpresentzat adimen artifizialean oinarritutako tresna digitalak diseinatu.
Kasu guztietan, helburua berdina da: merkatura iritsi eta eskalatu aurretik ziurgabetasun teknikoa murriztea, soluzioen benetako portaera baliozkotzea, eta proiektu bakoitzari teknologia- eta enpresa-heldutasun handiagoa lortzen laguntzea.
Programa amaitzean, startupek soluzio sendoagoak, aplikazio zehaztuagoak eta ibilbide-orri argi bat dituzte hazkundeari aurre egiteko, merkatu berrietara sartzeko edo etorkizuneko inbertsio-errondak prestatzeko.
Egiten duten lanak elikadura-berrikuntzaren erronka nagusietako bati erantzuten dio: etorkizun handiko teknologiak baldintza errealetan baliozkotu ahal izatea eta merkatura arrakasta-berme handiagoekin iristea.
Izan ere, elikagai-produktu berrien % 80k baino gehiagok porrot egiten dute merkatuan finkatu aurretik. Elikadura-berrikuntza hazkunde handiko unea bizitzen ari bada ere, startup askok zailtasunak dituzte beren soluzioak laborategitik kanpo baliozkotzeko, industriaren benetako beharretara egokitzeko eta merkatuan indartsuago sartzeko.
Erronka horri erantzuteko sortu zen, hain zuzen ere, GOeren Ekintzailetza Programa. Dagoeneko prototipo edo soluzio funtzional bat duten eta hurrengo urratsa eman behar duten startupei zuzenduta dago: beren teknologia baldintza errealetan baliozkotzea, produktua garatzen jarraitzea eta hazkunde-estrategia sendoa eraikitzea.
Ohiko azelerazio-ereduak ez bezala, zeinak prestakuntzan edo aholkularitza-saioetan oinarritzen baitira batez ere, GOe lan aplikaturako ingurune gisa pentsatuta dago, eta, hartan, startupek beren soluzioak baldintza errealetan garatzen eta baliozkotzen dituzte. Helburua ez da soilik negozio-eredu bat definitzea; helburua da teknologiak nola funtzionatzen duen egiaztatzea, hobekuntza tekniko eta operatiboak hautematea, aplikazio berriak identifikatzea, eta produktua behar bezala inplementatzeko eta eskalatzeko prestatzea.
Produktua eta negozioa aldi berean garatzen dituen eredua
Programaren balio nagusietako bat da teknologiaren gaineko lana eta enpresa-estrategia ibilbide berean uztartzen dituela eta, horri esker, prozesu osoan zehar biak modu koordinatuan garatzen direla.
«Startup askok etorkizun handiko teknologia dute, baina frogatu behar dute laborategitik kanpo ere funtzionatzen duela. GOen, puntu horretan izan nahi dugu haien bidelagun: beren soluzioak baldintza errealetan probatzen, hobekuntzak identifikatzen eta hazteko erabaki hobeak hartzen lagundu nahi diegu. Gure proposamenak negozioaren garapena eta produktuaren beraren garapena uztartzen ditu; izan ere, uste dugu horrela soilik irits daitekeela berrikuntza benetan merkatura», adierazi du Irati Lekuek, GOe-Gastronomy Open Ecosystemeko ekintzailetza-arduradunak.
Horretarako, GOek Basque Culinary Centerren gastronomiako zentro teknologikoaren, GOe Tech Centerren, ahalmen zientifiko, teknologiko eta gastronomikoak jartzen ditu proiektuen eskura. Startupek zuzenean lan egiten dute ikertzaileekin, elikagai-teknologoekin, zientzialariekin eta berrikuntzan espezializatutako sukaldariekin, erronka teknikoak konpontzeko eta beren soluzioak merkatura iritsi aurretik baliozkotzeko.
Ibilbidea proiektu bakoitzaren beharretara egokitzen da, eta hainbat laguntza-tresna biltzen ditu: garapen teknologikoa, ingurune errealetako probak, aholkularitza-saio espezializatuak, aholkularitza estrategiko eta juridikoa, inbertitzaileekin egindako saioak, adituekin egindako speed mentoring saioak eta gastronomia-berrikuntzaren ekosistemarako sarbidea. Startup guztiek ez dute ibilbide bera egiten: bakoitzak bere lan-plan pertsonalizatua garatzen du, bere heldutasun-mailaren eta konpondu behar dituen erronken arabera.