Aniztasunak abantaila konpetitiboa eskaintzen die erakundeei Mondragon Unibertsitatearen ikerketa baten arabera

Bi urteko ikerketaren ondoren, bost herrialdetako unibertsitateek, enpresek eta erakundeek osatutako partzuergoak azken emaitza aurkeztu du: ELEVATEren Handbooka, metodologia berri hau abian jartzeko doan eskuragarri dagoen gida praktikoa.
Card image cap
2026/10/01

Aniztasuna eguneroko errealitatea da dagoeneko edozein erakundetako taldeetan, bezeroengan eta lankidetzetan. Hala ere, proiektu honen esparruan egindako ikerketaren arabera, langileen % 44k baino ez du aniztasuna lehiarako abantaila izan daitekeen zerbait bezala hautematen. Izan ere, erakundeen % 8k baino ez du aniztasuna kudeatzeko estrategia argi eta benetan integraturik. Errealitate horri heltzea izan da, hain zuzen ere, ELEVATEren abiapuntua. Erasmus+ proiektu horretan Mondragon Unibertsitateak parte hartu du, Enpresagintza Fakultatearen bidez, Frantzia, Alemania, Luxenburgo eta Poloniako beste bost bazkiderekin batera.

Erakundeen % 16 eta % 10 artean baino ez du aniztasunari berariaz eskainitako lanposturik, eta gehiengo zabal batek (% 66k langileen artean eta % 86k aholkularien artean) aitortzen du bere erakundeak ez duela kultura-aniztasuna metodo formal baten bidez ebaluatzen

Urte hauetan, partzuergoak 80 iturri akademiko baino gehiagoren eta kultura arteko gaitasunari buruzko 12 ereduren berrikuspena profesional eta aholkulariei egindako inkesta eta elkarrizketekin uztartu du. Ikerketa horrek erakusten duen argazkia argia da: erakundeen % 16 eta % 10 artean baino ez du aniztasunari berariaz eskainitako lanposturik, eta gehiengo zabal batek (% 66k langileen artean eta % 86k aholkularien artean) aitortzen du bere erakundeak ez duela kultura-aniztasuna metodo formal baten bidez ebaluatzen.

Elevate-5.jpg

ELEVATEren proposamena

Egoera horren aurrean, ELEVATEk ikuspegia aldatzea proposatzen du: kultura arteko gaitasunetik —pertsona bakoitza desberdintasunetara egokitzean oinarritzen dena— kulturaz gaindiko gaitasunera igarotzea. Azken hori erakunde batek elkargune berriak modu aktiboan eraikitzeko eta aniztasuna partekatutako balio bihurtzeko duen gaitasun gisa ulertzen da, aniztasuna kudeatu beharreko zerbait izatera mugatu gabe. Praktikan gauzatzeko, proiektuak elkarrekin funtzionatzen duten lau tresna garatu ditu.

Autoebaluaziorako tresna (Self-Assessment Tool), erakundeek beren burua diagnostikatu eta beren indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak identifika ditzaten. Ikaskuntza-ibilbidea (Learning Path), saio gidatuekin eta taldeen benetako lan-ingurunean egindako praktikarekin. IAk lagundutako e-learning gunea, ibilbidea talde bakoitzera egokitzen duena eta jarraipena eta feedbacka eskaintzen dituena. Handbooka, metodologia osoa prestatzaileentzat, Giza Baliabideetako arduradunentzat eta hezitzaileentzat jasotzen duen gida.

Irailaren 28an iritsi zen proiektuaren amaiera ofiziala markatzen duen azken mugarria: Handbookaren aurkezpena. Dokumentu hori ELEVATEk proposatzen duen prozesu osoa azaltzen duen gida praktikoa da: ikuspegia ulertzea, abiapuntuko egoera ebaluatzea, ELEVATEk diseinatutako ibilbidearen bidez ikastea eta aldaketa denboran zehar mantentzeko gakoak.

Argitalpenarekin, ELEVATEk gaur, irailaren 30ean, bi urteko lana amaitzen du, eta metodologia ireki eta aplikagarria uzten du, kultura-aniztasuna benetako abantaila bihurtu nahi duen edozein erakundek erabil dezan. Handbooka deskarga dezakezu HEMEN klik eginez, eta proiektuari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu haren webgunean: www.elevatecompetences.com

Administrazio eta enpresa irakaskuntza

Irakaskuntza unibertsitate zentroa