Arizmendi Ikastolak haur zein nerabeen ingurune digitalari buruzko hitzaldia antolatu du

Manu Machimbarrena EHUko ikertzaile eta psikologian doktoreak hartuko du hitza urriaren 14an, Kulturaten. Saioaren helburua pantailen inguruko azken ikerketen datuak modu ulergarrian azaltzea da, muturreko ikuspegiak baztertu eta familientzat erabilgarriak diren gako praktikoak eskaintzeko.
Card image cap
2026/10/06

Haur eta nerabeen ingurune digitalak, sare sozialek zein pantailen erabilerak kezka zein zalantza ugari eragiten dituzte gaur egun familiengan. Egoera horri erantzuteko eta gaiari angelu guztietatik helduko dion espazio bat eskaintzeko asmoz, Arizmendi Ikastolak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) hitzaldia antolatu dute elkarlanean datorren urriaren 14rako, 17:30ean kulturaten, Arrastean.

Saioaren bidez, azken ikerketa zientifikoetan jasotako datuak modu ulergarri eta praktikoan helarazi nahi zaizkie guraso zein hezitzaileei

“Ingurune digitala eta ongizatea: Argiak, itzalak eta familientzako proposamenak” izenburupean, Manu Machimbarrena Psikologian doktorea, EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea eta eremu honetan aditua den ikertzailea izango da hizlaria.

Saioaren bidez, azken ikerketa zientifikoetan jasotako datuak modu ulergarri eta praktikoan helarazi nahi zaizkie guraso zein hezitzaileei. Izan ere, ingurune digitalaren inguruan askotan azaltzen diren alarma-mezu edo ikuspegi muturrekoen aurrean, hitzaldiak "argi eta itzalen" arteko gris-sorta zabala izango du ardatz. Pantailen erabilerak ekartzen dituen aukerak zein arriskuak neurtuz, familientzat benetan erabilgarriak eta aplikagarriak izango diren tresna nahiz proposamenak eskainiko dira. Ekimena gaian interesa duten herritar guztiei irekia dago. 

Irakaskuntza