Coprecik eta Mondragon Unibertsitateak industriari zuzendutako ikerketa-, transferentzia- eta prestakuntza-programa bat bultzatuko dute

Unibertsitatean sortutako ezagutza industriaren benetako beharretara hurbiltzea eta teknologia-transferentzia bizkortzea ahalbidetuko du lankidetzak.
Card image cap
Ezkerretik eskumara: Javi Garcia, Copreciko zuzendari nagusia eta Carlos Garcia, MGEPeko ingeniaritza-koordinatzailea
2026/09/16

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak eta Coprecik akordioa sinatu dute, ikerketa-, transferentzia- eta prestakuntza-programa bat abian jartzeko. Ezagutza sortu eta partekatzea izango du xede, eta I+Gko baterako proiektuak garatzea eta industriarako estrategikoak diren esparru teknologikoetan talentu espezializatua prestatzea.

Lankidetzari esker, ikerketa-taldeak sortuko dira Mondragon Unibertsitateko ikertzaileekin eta enpresako profesionalekin, unibertsitatean sortutako ezagutza industriaren benetako beharretara hurbiltzeko eta teknologia-transferentzia bizkortzeko.

Ikerketa-ildoak

Programak enpresaren berrikuntza-esparru nagusiei lotutako hainbat arlo jorratuko ditu, hala nola, fluidoen eroapena eta bero-transmisioa; elektromagnetismoa; potentzia- eta kontrol-elektronika; softwarea eta algoritmia, ikaste automatikoa edo machine learninga barne; sistema mekanikoak; industria-antolamendua; zibersegurtasuna, eta jasangarritasuna.

Sinatu ondorengo lehen lau hilabeteetan, bi erakundeek lau urterako bide-orri teknologikoa zehaztuko dute, garatu beharreko ikerketa-ildoak eta teknologiak lehenesteko, eta urtero berrikusiko dute, enpresaren eta ingurune industrialaren beharren bilakaerara egokitzeko.

Programan ekimen hauek bideratuko dira, besteak beste: industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak, bideragarritasun-analisiak, teknologia-erakusleak, eta ezagutza zaintzeko eta transferitzeko jarduerak.

Talentua prestatzea eta sustatzea

Lankidetza horretan, prestakuntza ere osagai nabarmena izango da. Bi erakundeek ikertzaile, doktoregai eta ikasleen parte-hartzea sustatuko dute proiektuetan, baita programako ikerketa-eremuei lotutako doktorego-tesien, gradu- eta master-amaierako lanen eta praktika akademikoen garapena ere.

Gainera, industriaren beharrekin bat datozen prestakuntza arautu eta etengabeko programak diseinatuko dituzte, gaitasun profesionalak hobetzeko eta talentu gazteei enpresa-munduan sartzen laguntzeko.

Aliantzari esker, Mondragon Unibertsitateak eta Coprecik ikerketa aplikatuaren, ezagutza-transferentziaren eta talentuaren prestakuntzaren aldeko apustua indartu dute, gaitasun teknologiko berriak garatzen eta industria-ehuna berritzen laguntzeko.

Aliantzari esker, Mondragon Unibertsitateak eta Coprecik ikerketa aplikatuaren, ezagutza-transferentziaren eta talentuaren prestakuntzaren aldeko apustua indartu dute, gaitasun teknologiko berriak garatzen eta industria-ehuna berritzen laguntzeko.

Etxetresna elektrikoetarako osagaiak

Mondragon Unibertsitateko ingenieritza fakultatea

Irakaskuntza unibertsitate zentroa