“Gure herrian ikastolak kooperatiba moduan antolatuta egotea oso interesgarria iruditu zitzaien Mixeko kideei”

Iñaki Gonzalez, Arizmendi Ikastolako irakaslea, Olarte guneko koordinatzailea eta Bazara egitasmoaren arduraduna.
Card image cap
2026/07/07

Hizkuntza eta hezkuntza dira herri baten nortasunaren bi zutabe nagusiak. Herri baten izaeraren sustrai ezinbestekoak. Elikatu beharrekoak. Euskal Herrian badago hizkuntzaren berreskurapenean ezagutza eta esperientzia, eta hezkuntza eredu berritzaile eta eraldatzailea. Hala egiten dute lan gaurko Ikastolek, baita Arizmendi Ikastolak ere. “Gure eredua esportatu baino, gure eredua ezagutu nahi duenari azaldu egiten diogu, nonahi praktikara eraman dezan”, dio Iñaki Gonzalezek.

Arizmendi Ikastolako irakaslea da, baita Olarte guneko koordinatzailea ere. Era berean, Garabide erakundeko kolaboratzaile moduan 20 urtetik gora daramatza hizkuntza gutxituen berreskurapenean tinko lanean. Berriki, geografikoki Oaxacan (Mexiko) kokatuta dagoen Mixe herrian izan da. Oaxaca estatuko ipar-ekialdeko eskualde menditsuan dago Mixe, 4.600 kilometro koadro inguru hartzen dituen eremuan. Leku isolatua da eta Ayuuk hizkuntza hitz egiten dute.

Nola iritsi zitzaizuen Mixe herrira joateko aukera?

Garabideren bitartez, Mixe herritik egin ziguten eskaera ikastolen elkartera. Gaur egun 145 mila hiztun ditu Ayuuk hizkuntzak eta bizirik badago ere, ez dio joera globalari ihes egiten. Hizkuntzaren transmisioarekin arduratuta daude eta indartu nahi dute, prestigioa eman nahi diote. Mexikoko Estatuak hizkuntza txikiak gutxiesten ditu eta Mixe komunitateak egoera hori irauli egin nahi du.

Oaxaka iparraldeko mendietan dago komunitatea. Toki guztietatik oro urruti, ezta?

Bai, eremu oso menditsua da eta distantzia handiak daude herri batetik bestera. Horrek aukera ematen die autonomia komunitarioa izateko. Lurra eta ura komunalak dira eta kudeaketa ere komunala da. Asanblea da organo nagusia eta modu boluntarioan, errotazio formularekin, ordezkatzen dira udaltzaina, alkatea eta bestelako karguak.

Hezkuntza eta hizkuntzaren kudeaketa ere, Asanblearen erabakien konpetentzia dira?

Ez, Estatu nazioak eraikitzen direnetik hezkuntza asimilaziorako oso inportanteak dira. Kontinenteko leku askotan bezala EBI (Educación Bilingüe Intertelcultural) gaztelera indartzeko tresna bihurtu da. Ayuuk hizkuntzak ondorioz ez du presentziarik eta egoera hori aldatu nahi dute. Gurera etorri zirenean segituan ikusi zituzten hiru-lau ideia amankomun bazituztela.

Hezkuntza bitartezko asimilazio estatalari aurre egiteko, gure herrian ikastolak kooperatiba moduan egotea antolatuta oso interesgarria iruditu zitzaien. Jatorrizko herri askotan moduan beraien antolaketa komunitarioarekin bat egiten duelako. Bestalde, asko gustatu zitzaien gure praktika pedagogikoa pertsona eredu baten garapenera begira egotea modu kontzientean. Pertsona euskaldun konpetente eta koherentea bilatzeaz gain, pertsona erdigunean jartzen duena barne sendotasuna bilatuz, eta bere komunitaterako eraldatzailea, erabakitzaile-ekintzailea eta kooperatiboa dena. Ideia hau gure ikaskuntza esperientzien praktikak partekatuz, oso interesgarria ikusten dute beraien errealitaterako.

“Hizkuntza gutxituak lotzen dira pobreziarekin eta hezkuntza modu egoki eta berritzaile baten egitea garrantzitsua da”

Antolaketa aldetik badaude loturak eta gure alternatiba ona iruditzen zaie. Hizkuntza eta pertsonen eredu: Eraldatzailea, kooperatiboa, konpetentea, euskalduna…

Pertsona eraldatzailea da haiek ere hezi nahi dutena, hemengo eredutik edanez. Hezkuntza eredu berritzaile eta egokiena sustatu nahi dute. Bat, gure seme-alabentzat onena nahi dugulako eta bi, gure herria prestigiotsuago bilakatzen dugulako horrela. Hizkuntza gutxituak lotzen dira pobreziarekin eta hezkuntza modu egoki eta berritzaile baten egitea garrantzitsua da.

Inaki2.jpg

Arizmendi Ikastolaren izenean topaketa batzuetan parte hartu duzu, ezta?

Euskal ereduaren sozializazioa eta euren herriko ezaugarriak ezagutzeko topaketa batean parte hartu dut. Lehenengo beraien SEVILEM izeneko Mixe herriko hizkuntza eta kultura indartzeko astean eta gero 16 irakaslerekin aritu naiz lanean eta Garabidek Maya Yucatan komunitatetik beste lau lagun gonbidatu ditu. Formazioak eguneko 6 orduko saioak izan ditu 5 egunetan zehar, irakasle guztiekin, pertsona eredua aztertzetik, egunerokotasunean ikastolan aste eredu bat nola egiten dugun erakutsi diegu, fokoa haur-hezkuntzan jarriz.

Eta lehenengo pausoak laster emango dituzte, ez da hala?

Uda honetan abuztuan Mixe lurraldeko lau herri ezberdinetan horrelako esperientzia bat jarriko dute martxan. Onarpen komunitarioa dute. Erakutsi nahi dute beste hezkuntza eredu propio bat posible dela. Horrexegatik da garrantzitsua. Gure eredua oso interesgarria delako beste herrialde baterako eta praktika erreal bat egingo delako, erakusteko posible dela. Hala, lehenengo Mixe ikastolak sortzeko hazitegi bat sustatu dugula esan genezake.

Ikastolen eredua izan da oinarria. Gure pertsona eredutik euren pertsona eredura egokiena zein izan daitekeen landu dugu. Euren errealitate horretan, eredu hori eraiki behar dute, eta praktikara eraman.

Zer da bidaia honetatik gehien harritu zaituena?

Autoeraketa mailak izugarri harritu nau. Era berean, berretsi dut hizkuntza gutxituetako herrien artean ditugun ezagurri amankomunak, gauza asko errepikatzen direlako.

Irakaskuntza