Irakurriena
- 1. MONDRAGONek etorkizuneko negozioak eta gizarte inpaktua indartzeko estrategia berretsi du aurtengo Kongresuan
- 2. MLAKOOPek 60. urteurrena ospatu du eta etapa berri bati ekin dio etorkizunari begira
- 3. Beste bi urtez EU4Dual Europako proiektuaren lidertzan
- 4. Kreanek eraikiko du Lascaray-LEAren lantegiaren aro berria
- 5. Gutun irekia Arizmendiarrietari
- 6. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
Euskara garai berrietara egokitzeko estrategiak
Kooperatiba, dibisio eta korporazioaren arteko elkarlanean oinarrituta dago markoa, eta hiru zutabe nagusi ditu: lan eremuan eta gizartean erreferente izatea, euskararen erakundetzean sakontzea eta talentuaren integrazioa euskaratik ere egitea. Hizkuntza gure nortasun ikur gisa indartu nahi da, ingurune digitala bermatu eta aniztasunari nahiz migrazioari begirako lanketak txertatu. Ander Etxeberria eta Leire Mugerzarekin elkartu gara, gaian sakontzeko.
MONDRAGON dagoeneko bada erreferente euskararen arloan. Zer indartu nahi duzue datozen urteotan?
Ander E. Euskadin enpresen %1ek dauka euskara plana. MONDRAGONen %66k. Erreferenteak gara Elgoibar, Arrasate edo Markina inguruan… Indartu nahi dugu gure presentzia, gizartean egiten dugunaz kontzienteago izateko eta gainerako enpresei bidea erakusteko.
Leire M. Elkarrekin daukagun indarra gehiago baliatu nahi dugu, euskararen indarra eta prestigioa aldarrikatzeko eta merezi duen lekua izaten segitzeko. Gure nortasunaren adierazle den euskara garai berrietara egokitzeko bidea elkarrekin landuko dugu, eta gero bakoitzak egingo du bere bidea. Garaiak aldatu egin dira, euskara normalizatuta dagoela ikusten da askotan, gazteek aukerak izan dituztelako, baina horrek arriskuak ditu, eta landu beharra dago.
Kooperatibak ari dira euskara gaietan inpaktua lortzen. Hala ere, gizartea asko aldatzen ari da, eta lankidetza gero eta beharrezkoagoa da.
Leire M. Horixe da MONDRAGONetik egin dezakeguna, bakarrik heldu ezin garen lekuetara heltzeko, lankidetzan antolatzea. Gizarteak ikus dezan lan munduan ere euskara baloratua dela, eta elkarrekin gizartean eragiteko aukera handiagoa dugula.
Ander E. Barrura begira, urteak dira euskara kudeatzen dela kooperatibetan, eta euskara batzordeak ditugu kooperatibetan zein Korporazioan. Kanpora begira, arreta jartzen dugu euskararekin lotutako batzorde eta foroetan lankidetzan parte hartzeko. Foro horietako hainbatetan, partaideen erdia baino gehiago MONDRAGONeko kooperatibak dira!
Kooperatibek euskararen erabilera mailari eusteko zer zaindu beharko da datozen lau urteotan?
Ander E. Euskararen ezagutzan arreta berezia jarri behar dugu. Mapa demografikoa azkar aldatzen ari da eta euskara ez dakiten gero eta langile gehiago datoz. Bestalde, hizkuntza teknologiak aurrerapauso handiak ematen ari dira. Kooperatibetan erreminta horiek asko lagunduko digute euskararen irakaskuntzan eta erabileran.
Leire M. Inportantea da erabileran fokua ipintzea, eta birbalorazio emozionala ere garrantzitsua izango da. Guk lan asko egin behar izan dugu euskaraz ikasi eta lan egiteko prozesu luzean, eta horrek lotura emozional handia utzi digu. Beraz, gaur egun, belaunaldi berrieri harrotasunetik edo emozioetatik hori transmititzen asmatu behar dugu, benetan delako aberasgarria hizkuntzak eta kulturak ematen diguna.

Etorkizuneko talentuaren integrazioa euskaratik egin nahi duzue. Zein izango da MONDRAGONen ekarpena?
Leire M. Talentu berriaren integraziorako euskara aukera modura ikusten dugu. Gu ohituta gaude hizkuntzaren kudeaketan, eta gai honi era inklusiboan eta positiboan begiratzen diogu. Euskal hiztunok talentu berriaren bidelagun izan behar dugu. Migrazioaren alorrean MONDRAGONen egingo den lanketan euskararen begirada sartuko dugu, historian egin dugun bezala. Noski, harrera sistemak-eta bakoitzak bere errealitatera egokituko ditu. Eta AA ere aukera bat dela uste dut.
Ander E. Gure herrietara bizitzera datozenek lana izan nahi dute. Ez hori bakarrik, herriko bizitzan parte hartu nahi dute. Kooperatibetan hori errazten duen baliabide bat (gehiago) da euskara. Etorri berriak jakin behar du gainera kooperatibetan langile euskaldunak trebatzen ari garela, bidelagun izateko.
Euskara jakin ez eta lanean euskalduntzea lortu duten lankideen esperientziak badaude kooperatibetan. Zer esan nahi diezue kooperatibak lanerako aukeratzat ikusten dituztenei?
Ander E. Pentsatu baino gehiago dira euskara kooperatiban ikasi dutenak. 60ko hamarkadako immigrazio olatuan (Estatutik lurralde industrialetara) ehundaka pertsonarentzat kooperatibak gizarteratzeko modu aparta izan ziren, bai lanean eta bai sozialki. Orduko hori gaur ere aukera da.
Leire M. Guztiz ados. Nire inguruko askok prozesu hori egin dute, eta orain harrotasunez begiratzen diote euskarari. Garapen profesionalaz gain, pertsonala ere hobetzeko balio izan die. Lanaz haratago doan propositu bat eta egiteko era ezberdin bat nahi duenarentzat, aukera ona gara kooperatibak.