Irakurriena
- 1. Eroskik itzulkinak emango ditu 15 urte eta gero
- 2. Erreka Medicalek Microliquid integratu du osasun arloan aurrera egiteko
- 3. Etorki eta Lana kooperatibek Europa hegoaldeko zerrategirik eraginkorrena inauguratu dute
- 4. Abian da Harrobia: Mondragon Unibertsitateko ikasleek dagoeneko izena eman dezakete proiektuetan
- 5. MONDRAGONeko Lanbide Heziketa: talentua barneko kooperatibetan geratzen da
- 6. “Kooperatibara HURBILTZEN” formazioa eskainiko du estreinakoz LANKI Ikertegiak
MONDRAGONek 11.322 milioiko salmentak lortu zituen 2025ean, eta 1.346 enplegu berri sortu
MONDRAGONek 2025 urtea bere adierazle ekonomiko nagusietan bilakaera positiboarekin itxi zuen. Industria eta Banaketako kooperatibek 11.322 milioi euroko salmentak erdietsi zituzten, aurreko urtean baino %1 gehiago, 71.415 langilerekin, eta 1.346 lanpostu berri sortu ondoren.
Enpleguaren sorrera ekitaldiko mugarri aipagarrienetako bat izan zen, talde kooperatiboaren helburu nagusietako bat indartzen baitu: kalitatezko enplegua sortzea eta lurraldearen garapen sozioekonomikoan laguntzea. Datu horiek MONDRAGONeko kooperatibak EAEko lehenengo enplegatzaile, Nafarroako bigarren eta Estatuko bosgarren enplegatzaile pribatu gisa sendotzen dituzte.

Gaur goizean emaitzen aurkezpenean, MONDRAGONeko presidente Pello Rodríguezek adierazi du 2025a urte ona izan dela. Azaldu duenez, nazioarteko ziurgabetasunak gorabehera, MONDRAGONek aurreko ekitaldian baino negozio handiagoa izan du, 11.000 milioi euroko salmenten langa gaindituz eta 600 milioi eurotik gorako irabazi agregatuak lortuz. Hala ere, azpimarratu du MONDRAGON "ez dela negozioa bakarrik", eta kooperatiba izaera sozioenpresariala nabarmendu du. Rodríguezen hitzetan, "aberastasuna enpleguaren bidez eta irabazien banaketaren bidez sortzea da MONDRAGON bereizten duen ezaugarrietako bat".
"2025a urte ona izan da. MONDRAGON ez da negozioa bakarrik, baizik eta nola eta zertarako lan egiten dugun. Aberastasuna enpleguaren bidez eta irabazien banaketaren bidez sortzea da MONDRAGON bereizten duen ezaugarrietako bat."
Ekitaldiko beste datu esanguratsuetako bat kooperatibek egindako inbertsio-ahalegina izan zen. 2025ean, MONDRAGONek 406 milioi euro bideratu zituen inbertsioetara, aurreko urtean baino %7,8 gehiago. Azken bost urteetan egindako inbertsioen batura 1.800 milioi eurokoa da, negozioen lehiakortasuna handitzeko, produktu berriak garatzeko eta enpresen egokitzapen teknologikoa bizkortzeko.
Bestalde, irabazi garbi agregatua 618,8 milioi eurokoa izan zen, 2024an baino %1,2 txikiagoa. Emaitza hori zenbait merkatu estrategikoren moteltzeak, tentsio geopolitikoek eta nazioarteko lehia gero eta handiagoak markatutako testuinguruan lortu zen.
Gainera, 2025ean etorkizunerako estrategikotzat jotzen diren sektoreei lotutako hiru enpresa berri sortu ziren. Hauek dira: Orbik Cybersecurity, zibersegurtasun industrialean espezializatua; Amets Power Electronics, energiari eta industriari aplikatutako potentzia-elektronikako soluzioetan oinarritua; eta Innkia, enpresentzako adimen artifizialeko tresnen garapenean espezializatua.
Gizarte-konpromisoa
MONDRAGONek ekarpen sozial zabala egiten du. Kooperatibek eta MONDRAGON Fundazioak ekitaldi honetan, 49 milioi euro baino gehiago bideratu dituzte pobrezia eta inklusioa, klima eta bioaniztasuna, kultura, osasuna eta kirola, hezkuntza edo euskara bezalako gaietan lan egiten duten mila bat erakundetara.
Garatu ziren ekimenen artean nabarmentzekoak dira kolektibo zaurgarriei zuzendutako gizarteratze eta laneratze programak, ofizioetan eta txikizkako merkataritzan belaunaldi-erreleboa sustatzeko proiektuak eta eskola-porrota prebenitzeko jarduketak. Era berean, Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank (ASETT) proiektua ere bultzatu zen, Donostiako Miramar Jauregian kokatua, ekonomia soziala sustatzeko eta nazioarte mailan ezagutza sortzeko helburuarekin.
Negozio-arloen araberako bilakaera
Banaketa arloan, salmentak 6.403 milioi eurora iritsi ziren, batez ere Eroskiren bilakaera onari esker; izan ere, lehen aldiz 6.000 milioi eurotik gorako fakturazioa lortu zuen. Halaber, Erkop nekazaritzako elikagaien taldearen hazkundea ere nabarmendu zen, bere salmentak 322 milioi euroraino handitu baitzituen.
Industria arloak 4.919 milioi euroko fakturazio agregatuarekin itxi zuen 2025a, 26.975 langilerekin eta 277 lanpostu berri sortuta. Gainera, salmenten %73 nazioarteko merkatuetatik etorri ziren, eta inbertsioak 219 milioi eurora iritsi ziren.
Ezagutzaren arloan, MONDRAGONek 218 milioi euro inbertitu zituen I+Gn, industriako salmenta guztien %4,4, eta 2.100 ikertzaile baino gehiago izan zituen lanean. Proiektu estrategikoen artean nabarmentzekoa da Bilboko Zorrotzaurreko polo teknologikoaren garapena.
Bestalde, Finantzen esparruak berriro ere bilakaera positiboa izan zuen. Laboral Kutxak 305 milioi euroko emaitza errekorra lortu zuen, eta bitartekotutako baliabideak 33.913 milioi euroraino handitu zituen. LagunAro EPSVk, berriz, %6,78ko errentagarritasuna lortu zuen eta bere ondare-funtsa 7.817 milioi eurotan kokatu zuen.
2026ko bilakaera
2026ari begira, MONDRAGONek bilakaera positiboari eusten dio. Urteko lehen lau hilabeteetan, salmentak %2,5 hazi dira 2025eko datu errealarekin alderatuta, eta enpleguak ere goranzko joera izan du. Hala ere, ekitaldirako hazkunde-aurreikuspenak nahiko moderatuak dira, izan ere, nazioarteko gatazkek luzaroan jarraituz gero eta hornikuntza-kateetako tentsioek gora eginez gero, munduko egonkortasun ekonomikoa zalantzan jartzen da. Testuinguru horretan, Rodríguezek honela adierazi du: "Lehen lauhilekoko bilakaera ona izan da, baina adi jarraitzen dugu nazioarteko egoeraren aurrean eta testuinguru geopolitikoaren bilakaerari begirik kendu gabe."
Lehen lauhilekoko bilakaera ona izan da, baina adi jarraitzen dugu nazioarteko egoeraren aurrean eta testuinguru geopolitikoaren bilakaerari begirik kendu gabe.