Irakurriena
- 1. "Kooperatibismoari kontakizuna falta zaio. Ez istorio faltagatik, baizik eta kodeak ez direlako gaur egungoekin bat etortzen"
- 2. Batzek 69 milioi euroko finantzaketa sindikatua itxi du 2032ra arteko hazkundea sustatzeko
- 3. MONDRAGONek 11.322 milioiko salmentak lortu zituen 2025ean, eta 1.346 enplegu berri sortu
- 4. Fagor Taldeak 1.735 milioi euroko salmentekin itxi du 2025eko ekitaldia
- 5. Eroskik itzulkinak emango ditu 15 urte eta gero
- 6. Erreka Medicalek Microliquid integratu du osasun arloan aurrera egiteko
Lehendakariak Bexen Medical bisitatu du, pandemian egin duen lana eskertuz
Iñigo Urkullu Lehendakariak, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera, Bexen Medical enpresak Hernanin dituen instalazio nagusiak bisitatu zituen atzo arratsaldean. Bertan, pandemiaren unerik zailenetan egindako lana eskertu eta aitortu zuen, “ziurgabetasun global betean, Bexen Medicalen jarrera eta erantzuna lehen mailakoa izan zen”.
Urkulluk nabarmendu zuen enpresak maskarak ekoizteko baliabideak martxan jarriz eman zuen berehalako erantzuna. “Garai hartan ezinbestekoa zen produktu hori”, adierazi du.
Bexel Medicalek maskarak fabrikatzeko instalaziorik handiena ireki zuen 250 milioi unitateko edukierarekin, pandemia betean, produktu eskasia handiena zegoenean.

Halaber, txertoak iritsi zirenean, Hernaniko kooperatibak txertoak kudeatzeko eta banatzeko zerbitzu logistiko osoa eskaini zuela azpimarratu du. "Osasun-larrialdietan ezinbestekoak diren beste produktu edo zerbitzu batzuk ere eskaini zenizkiguten", gaineratu du. Bexen Medical enpresak 3,8 milioi Covid-19 txerto-dosi baino gehiago kudeatu eta banatu ditu gaur arte OSAKIDETZAk helarazitako beharren arabera.
Bioservices, Euskadiko Covid-19aren txertoak kudeatzen eta biltegiratzen diren eremua, 2016an jarduerari ekin zion estatuko lehen bioerrepositorio pribatua da. Arlo horretatik kudeatzen dira bai lagin biologikoak (serumak, odola, garunak), bai sendagai termolabilak (txertoak edo terapia aurreratuak).
Horrela, Lehendakariak hurbiltasuna, erantzuteko gaitasuna eta jarrera positiboa, berehalako erantzuna eta kalitatea balioetsi ditu. "Hauxe da Bexen Medicalen nortasuna eta konpromisoa", adierazi du.
Bisitaldian, Gipuzkoako kooperatibak egiten duen jarduera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Horrela, gela zuria ezagutu dute – ISO-7 ingurune kontrolatuko espazio bat, ospitaleko eremuetan funtsezkoak eta bereziki sentikorrak diren produktuen kalitatea, segurtasuna eta trazabilitatea zorrotz zaintzeko – edo Bioservices ultraizoztagailuen unitatea – laginak eta sendagaiak tenperatura baxuetan kontserbatzen direna –.