Irakurriena
- 1. Pello Rodriguezek "enpresa egiteko beste modu bat" aldarrikatu du BANG à BIG 2026 ekitaldian
- 2. "Elektrifikazioak, kostuen gaineko presioak eta jasangarritasunak berrasmatzera behartzen gaituzte"
- 3. Eskuratu TERNUA produktu sorta
- 4. Abian da Mondragon City Challenge Nazioarteko Lehiaketaren laugarren edizioa
- 5. Lieder Automotive martxan da Borjan
- 6. Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko errektore izendatua izan da
Elkartasuna nagusi Mundukideren lasterketan
Aretxabaletako Urkulu urtegiak hartu zuen urriaren 18an, igandea, Mundukide Fundazioaren Lasterketa Solidarioaren (MLS) XI. edizioa. Jardunaldian 400 lagun ingurok hartu zuten parte.
Goizean, 9:30ean, haur eta gazteen lasterketak egin ziren, adinaren arabera 100 metrotik 6,3 kilometrora bitarteko ibilbideetan; haur guztiek jaso zuten domina. 10:15ean, oinezkoen eta Nordic walking-en irteera eman zen: 6,3 kilometro, adin guztietarako, eta 157 lagunek egin zuten ibilaldia. 11:15ean, X3 lasterketa jokatu zen: kooperatibetako bazkideez osatutako hiru laguneko 49 taldek (15 gizonezkoenak, 5 emakumezkoenak eta 29 mistoak) korrika egin zuten elkarrekin helmugaraino.

Ausolaneko Edurne Arteagak, Amparo Ibarguenek eta Elena Arizpeletak aitortza jaso zuten.
Debagoieneko herritarrek eta 30 bat kooperatiba eta erakundetako bazkideek hartu zuten parte: Abantail, Arizmendi Ikastola, Athlon, Ausolan, Copreci, Dikar, Emun, Enea, Eroski, Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Ederlan, Fagor Electrónica, Galbaian, Ikerlan, Krean, Laboral Kutxa, Lagun Aro, Lana, LKS Next, Mondragon Assembly, MONDRAGON Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea, Onnera Group, Orbea, Osarten, Tazebaez, Ulma, Ulma Agrícola eta Ulma Construcción, baita Mundukide bera ere.
Jardunaldi osoan, Afrikako, Brasilgo, Kolonbiako eta Ekuadorko musikaz gozatzeko aukera izan zen, Mundukidek lan egiten duen herrialdeen omenez.
Aurtengo berrikuntzak
- «Elkartasuna gara» ekitaldia. Irteera-arkuaren azpian, «Elkartasuna gara» pankartarekin, elkartasuna eta lankidetza direla bidea aldarrikatu zen, lehenik oinezkoen ibilaldiaren aurretik eta ondoren lasterketaren aurretik. Ekitaldi hunkigarria izan zen, isiltasunean egindako oihua.
- Athlon kooperatibak bi zumba saio gidatu zituen, oinezkoen eta X3aren aurreko beroketa gisa, giro alai eta bikaina sortuz.
- Kirol egokitua. Bizi Hadi taldeak kirolari egokituen bi talderekin hartu zuen parte: bata handbike-an, X3ko ibilbidea ireki zuena, eta bestea korrika.
Ausolani aitortza eta Mondragon Unibertsitateari ongietorria
Itxiera ekitaldian, Mundukide Fundazioko zuzendari Itsaso Erretolatzaren hitzaldiaren ondoren, antolakuntzak omenaldia egin zien Ausolaneko Edurne Arteaga, Amparo Ibarguen eta Elena Arizpeletari, 2015etik edizio guztietan parte hartu dutelako. Hirurek jaso zuten txapeldunen domina eta aipamen berezia.
Aginte makila emanez, eskuz esku pasatzen den konpromisoaren ikur, Ulmak antolakuntza taldeko bere lekua utzi zion Mondragon Unibertsitateari. MUk datozen bi urteetan antolatuko du MLS, Copreci eta Athlonekin batera.
X3 lasterketa
X3ko denborarik onena Ulmako gizonezkoen taldeak egin zuen: 24:49.
SAILKAPEN OROKORRA
Lehen postuko taldeek Arteagako bazkaria jaso zuten; bigarrenek, Columbus motxila; eta hirugarrenek, Orbea Foundation-en sudadera. X3n korrika egin zuten gazteen artean, Elias Elajbarik eta Elene Kortabarriak ere Columbus motxila jaso zuten. Jardunaldia zozketarekin amaitu zen: Dikar, Orbea, Athlon, 19.90 eta Eroskiren 22 sari.
Mundukideri emandako babesa
Mundukidek jasotzen duen babesa funtsezkoa da Brasil, Ekuador, Kolonbia eta Mozambikeko tokiko erakundeekin kooperatibismoa, nekazaritza-garapena eta enplegua sustatzeko egiten duen lanerako. Mundukidek 20.000 nekazari familia laguntzen ditu eta 100.000 onuradunengana iristen da, 20 kooperatibarekin eta 60 talde eta elkarterekin elkarlanean. 2025ean, lagundutako nekazari eta kooperatibek 3,6 milioi euroko diru-sarrera gehigarriak sortu zituzten, eta komunitateetan geratzen dira.
«Zuek ematen diguzue indarra munduan gehien behar dutenengana iristeko. Pertsonei laguntzen diegu, pertsonekin. Horregatik eskertzen dizuegu hemen egotea: inoiz baino gehiago behar gaituzte», adierazi zuen Itsaso Erretolatza Mundukideko zuzendariak.
Erretolatzak gogorarazi zuenez, Mundukideren kooperanteak, asko kooperatibetatik irtendakoak, Brasilen, Kolonbian eta Mozambiken bizi dira eta eraldatzen duen lankidetzan dihardute. Haiekin batera, bertako ia 50 lagun ere Mundukide taldekoak dira, eta guztion artean 20.000 familiaren parte-hartzea lortzen da.
Mundukidek parte-hartzaile guztiak gonbidatzen ditu, bakoitzak ekonomikoki ahal duen neurrian, BIZUM bidez ekarpena egitera, 00989 zenbakira, bere lana bultzatzeko eta pertsona gehiagorengana iristeko. Norbanako gisa bazkide egiteko aukera ere badago, www.mundukide.org webgunean.
Eskerrak
Mundukidek eskerrak eman nahi dizkie babesle nagusia den Laboral Kutxari, parte-hartzaile guztiei buff bana oparitu zien RPKri eta sari eta zozketako babesleei (Arteaga, Columbus, Orbea Foundation, Dikar, 19.90 eta Eroski), baita Athlon, Copreci eta Ulma kooperatibei, Mondragon Unibertsitateari, Ausolani (urtero bezala, hornidura-guneaz arduratu baita), Bizi Hadi taldeari, Arrasate Atletismo Taldeari, Kronoaki, UDAri, Aretxabaletako Udalari, Aretxabaletako paellagileei, Etxaluze Baserriari, Angel Ayastui argazkilariari, Oier Zumarraga speakerrari, WCloc-i eta boluntario guztiei ere.