Irakurriena
- 1. Eskuratu TERNUA produktu sorta
- 2. Abian da Mondragon City Challenge Nazioarteko Lehiaketaren laugarren edizioa
- 3. Lieder Automotive martxan da Borjan
- 4. Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko errektore izendatua izan da
- 5. NanoSPharm jaio da, sektore biomedikoko enpresa berria, MONDRAGONen eta i+Meden arteko aliantza kooperatiboaren eskutik
- 6. MONDRAGON Hospitalityko lau kooperatibak parte hartu dute Ibis Styles Zumaia-Zestoa hotelean
"Elektrifikazioak, kostuen gaineko presioak eta jasangarritasunak berrasmatzera behartzen gaituzte"
Joxeba 2006an iritsi zen FESKra, proiektua abian jarri zenean. "Bilakaera izugarria izan da; planta, herrialdea eta gizartea asko aldatu dira", adierazi du. Gaur egun, 150 pertsona inguruko eta ia 30 milioi euroko fakturazioko planta baten buru dela, egindako bidea, proiektuaren gakoak eta bere bizitzaren funtsezko zati ere bihurtu den esperientzia errepasatzen ditu.
Kokatzeko, zer fabrikatzen du gaur egun Fagor Ederlan Eslovakiak?
Automobilgintzarako aluminiozko osagaiak fabrikatzen ditugu, zehazki powertrain arlorako: motorren eta transmisioen piezak. Presio handiko aluminiozko injekzioa (HPDC) erabiltzen dugu. Pieza konplexuak dira, eta ondoren mekanizatu egiten ditugu; gainera, gero eta gehiago, muntaketarako osagaiak ere txertatzen dizkiegu. Azken batean, gero eta balio erantsi handiagoa eskaintzen dugu prozesu osoan.
Eta zein dira zuen ohiko merkatuak?
Ekialdeko Europa, eta hori izan zen Eslovakian ezartzeko arrazoietako bat. Automobilgintzaren sektorea duela 20 bat urte hasi zen herrialde horietara lekualdatzen, eta guk ere bide bera jarraitu genuen. Gaur egun, Eslovakia da munduan biztanleko auto gehien fabrikatzen duen herrialdea.
Bezeroen plantetatik gertu egotea funtsezkoa da kostuengatik, zerbitzuagatik eta eguneroko harremanagatik. Gure bezero gehienak 300 kilometro baino gutxiagoko erradioan daude, nahiz eta beste helmuga batzuetara ere hornitzen dugun, proiektu bakoitzaren arabera.
Eraldaketa betean dagoen sektore batean, aluminioaren eta pieza konplexuen inguruan dugun ezagutza oinarri ona da etorkizuneko ibilgailuak eskatuko dituen osagai berrietara egokitzeko.
20 urte hauen ikuspegiarekin, zein izan dira, zure ustez, proiektuaren arrakastaren gakoak?
Oinarrietako bat lehendik zegoen enpresa bat erostea izan zen, hutsetik berri bat egitea baino. Inguruak industria-tradizio handia du, batez ere aluminioaren arloan, metala ekoiztetik hasi eta eraldaketa-teknologia desberdinetaraino. Planta erostearekin batera, bertako pertsonak eta haien ezagutza ere geureganatu genituen: prestakuntza tekniko bikaina zuen taldea.
Oinarri horretatik abiatuta, garatzen jarraitu dugu, eta talde hori funtsezkoa izan da berritzeko eta gaur egun garena izatera iristeko. Beste faktore garrantzitsu bat Fagor Ederlan Taldearen babesa izan da. Haren teknologiara, bezeroetara eta esperientziara iristeko aukera izan dugu, baina betiere bertako taldeari protagonismoa emanez.
Duela bi hamarkada hasitako apustu hura zer datutan islatzen da gaur egun?
Gaur egun, plantak 150 pertsona inguru ditu eta 30 milioi euro inguruko fakturazioa.
Zifrez eta proiektu industrialaz harago, zer balantze pertsonal egiten duzu 20 urte hauen inguruan?
Niretzat oso esperientzia aberasgarria izan da: beste kultura bat, beste hizkuntza bat, beste pentsamolde bat... Hasierako urratsak ez ziren batere errazak izan, baina denborarekin ikaskuntza eta hazkunde pertsonal izugarria ekarri dit. Eslovakiera ikastea hartu nuen erabakirik onenetako bat izan zen: ate asko irekitzen ditu, bai fabrikan bertan, bai handik kanpo.
Eslovakiera ikastea hartu nuen erabakirik onenetako bat izan zen: ate asko irekitzen ditu, bai fabrikan bertan, bai handik kanpo.
Eta Eslovakia zure bizitza pertsonalaren zati garrantzitsu ere bihurtu da...
Bai. Nire emaztea hemengoa da, eta gure alabak ere bai, nahiz eta Oñatirekin harreman estua izaten jarraitzen dudan. Lehen gehiago bidaiatzen nuen, lanak hala eskatzen zuelako. Gaur egun, teknologiari esker, bilera gehienak bideokonferentzia bidez egiten ditugu. Hala ere, urtean hiruzpalau aldiz Euskadira joaten saiatzen naiz eta, gutxienez, bi aldiz familia osoarekin.
Gaur egun, teknologiari esker, bilera gehienak bideokonferentzia bidez egiten ditugu. Hala ere, urtean hiruzpalau aldiz Euskadira bidaiatzen saiatzen naiz eta, gutxienez, bi aldiz familia osoarekin.
20 urte hauetan hainbeste pertsonarekin proiektua partekatu ondoren, ba al dago bereziki gogoratu nahi duzun inor?
20 urte hauetan FESKetik igaro diren pertsona guztiak. Haiek dira istorio honetako benetako protagonistak. Eta Taldeari ere eskerrak eman nahi dizkiot urte hauetan guztietan eman digun konfiantza eta babesagatik. Eskerrik asko!
Eta orain, 20 urte beteta, 40 urteen bidean? Nola irudikatzen duzu Fagor Ederlan Eslovakiaren etorkizuna?
Sektorea eraldaketa betean dago. Elektrifikazioak, kostuen gaineko presioak eta jasangarritasunak berrasmatzera behartzen gaituzte. Aluminioaren eta pieza konplexuen inguruan dugun ezagutza oinarri ona da etorkizuneko ibilgailuak eskatuko dituen osagai berrietara egokitzeko. Baina aldarrikapen handirik gabe. Urtez urte jarraituko dugu, esaten den bezala, partidaz partida; horrela egiten baita bidea.