"Gure xedea da alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko bidean eragitea"

Card image cap
2020/01/10

Zein helbururekin jaio zen Bai Euskarari elkartea?

Bai Euskarari Elkartearen xedea da alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko bidean eragitea, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz. Horien artean, Bai Euskarari Ziurtagiria, Enpresarean –enpresa eta profesionalen sarea-, Lansarean lan-ataria, Euskaragileak enpresa batzordea, Lanabes eta abar luze bat aipa daitezke. Elkarlana da proiektu honen oinarria sorreratik beretik, eta denon inplikazioari eta ekarpenari esker pixkanaka hazi da eta jatorrizko proiektutik, ziurtagiritik, harago joatea lortu dugu.

Noiz eta zer helburuekin jartzen da martxan Enpresarean? Zer da?

Euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana sustatu nahi da, 2012tik, Enpresarean proiektuaren bidez. Bi urtean behin antolatzen den Enpresarean azoka, Enpresarean Foroa eta telebista eta Enpresarean.eus webgunea dira egitasmoaren ardatz. Gipuzkoako Foru Aldundia da proiektuaren babesle nagusia; horrekin batera, Laboral Kutxa, SPRI eta Orona fundazioa ari dira proiektua laguntzen. Enpresarean euskaraz lan egiten duten edo-eta zerbitzuak eta produktuak euskaraz eskaini nahi dituzten profesionalen eta organizazioen elkargunea da. 

Bestelako zer proiektu lantzen dituzue enpresa arloan?

Esango genuke Bai Euskarari Elkartearen proiektu, tresna eta baliabide guztiak enpresa arlora daudela bideratuta. Gainera, alor sozioekonomikoan dauden entitateen arteko konexioak ari gara bideratzen. Izan ere, alor sozioekonomikoan espazioak euskaraz betetzeko bidean eragitea da gure helburua. Arlo horretan Lansarean lan-ataria sustatzen dugu: euskara hutsez dagoen lan-atari bakarra. Alde batetik, enpresek hautaketa-prozesuak kudeatzeko aukera dute bertan eta eskaintzen dituzten lanpostuetarako hautagaiak aurkitu ahal izango dituzte. Bestetik, lan bila ari diren pertsonek enpresen lan-eskaintzen berri izan eta horietan izena eman ahal izango dute. Euskaragileak enpresa batzordearen dinamizazioaz arduratzen ari gara. Euskaragileek, enpresa munduan euskararen sustapenari eta kudeaketari dagokionez eredu izateaz gain, eragile aktibo ere izan nahi dute eta eragite horretarako zenbait tresna sortzen jardun dute. Batzorde horretan MONDRAGON agente aktiboa da.

Guk ez dugu zalantzarik eta erronkari heldu nahi diogu, argi dugulako gure esperientzia eta ikaspenak lagungarriak izaten ari direla Euskal Herriko espazioak euskaraz betetzen joateko

Zer nolako garapena izan du euskararen erabilerak arlo profesionalean?

Gero eta enpresa gehiago ari da euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen, hizkuntza paisaian, barrura eta kanpora begira. Hor daude, esate baterako Bai Euskarari Ziurtagiria edo Bikain agiria duten enpresak eta euskara plana dutenak. Aldaketak ari dira ematen eta, pixkanaka, euskara sustatzeak eta erabiltzeak ekar ditzakeen onurez ari dira jabetzen enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak.

Zein da epe luzera helburura? eta nola lortu?

Eremu sozioekonomikoaren espazioetan euskaraz aritzea, barrura eta kanpora begira. Bai Euskarari Elkarteak, sorreratik beretik, nabarmendu izan du enpresa munduan, eremu sozioekonomikoaren espazioetan oro har, jauzia emateko garaia dela. Denok norabide berean, elkarlanean eta ilusioz, gakoetako bat baita administrazioen, enpresen, kontsumitzaileen, sindikatuen, euskalgintzaren, enpresa eta kooperatiba elkarteen ahalegina behar bezala jostea, osagarritasuna bilatuz. Guk ez dugu zalantzarik eta erronkari heldu nahi diogu, argi dugulako gure esperientzia eta ikaspenak lagungarriak izaten ari direla Euskal Herriko espazioak euskaraz betetzen joateko.

Euskaraldia 2020. Norbanakoak inplikatzeaz gain, entitateak ere eragile nagusiak izango dira hurrengo edizioan. Zer nola lagundu dezake helburu honetan Bai Euskarari elkarteak?

Arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioan norbanakoak ahalduntzea eta espazioen egokitzea ezinbestekoa da. Bigarren arlo honetan, euskaraz egiteko gune erosoak sustatuko ditu Euskaraldiak. Ahozkotasun eta eremu digitalari lotuta. Beharrezko pausua da hari-guneekin lanketa egitea, espazioak identifikatuz eta euskaraz eroso egin daitekeen espazioak identifikatuz. Hori abiapuntua izan behar da, gero bestelako urratsak emateko. Idatzizko harremanetan edo eta bestelako euskarrietan. Lotura bat egon behar da, Bai Euskarari ziurtagiriaren metodologiekin edo euskara planekin, edo eta bestelakoekin. Denok irabazi behar dugu.

Kooperatibak eta euskara. Somatzen al duzu konpromisorik zentzu honetan? hau da, kooperatiba izateagatik bada zuzeneko konpromisorik euskararekin.

Argi dago sekulakoa dela kooperatibetan eta bestelako enpresen arteko aldea. Euskararen kudeaketan kooperatibak dira aurreratuenak.