Irakurriena
- 1. Cikautxo eta Fagor Ederlan, klima-kudeaketan munduko enpresa liderren artean
- 2. Kooperatibetan berrikuntza indartuko du MONDRAGONek Zorrozaurreko proiektuarekin
- 3. "Euskaldunei buruzko topikoak ezagutzen nituen, baina niretzat oso gertuko jendea zarete"
- 4. Orbik Cybersecurity, kooperatiba mistoa bihurtu den lehen start-up teknologikoa
- 5. Euskararekin duen konpromisoa berretsi du Kidek plan estrategiko berriarekin
- 6. Ondoan eta LKS Next enpresek Legoan garatu dute, Adimen Artifizial Sortzailea arauen zaintzaren zerbitzura bideratuz
- 7. Historia bizia omendu du Soralucek jubilatuei eskerrak emanez
“IdeiEnea laborategiak beste ingurune edo ekosistema batean jarriko gaitu”

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Aretxabaletako campusean egindako hausnarketa prozesu aberats eta anpliazio baten bitartez IdeiEnea laborategia sortu du. Hala, gradu bakarra eskaintzetik, bigarren gradu bat eta unibertsitate master berri bat eskaintzera pasako da. Espazio berria ere izango du, komunikazioan ekintzailetza eta sormena sustatzeko; herri, bailara eta komunitate osoari irekita dagoen gune berri bat. Xabi Igoa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazio arduradunak eman ditu IdeiEneari buruzko xehetasunak MUniversitas aldizkariari eskainitako elkarrizketan.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzia Fakultatea haziz eta haziz doa etengabe zerbitzu berriak eskaintzen eta gero eta gehiago herritarrei zabaltzen. Bi premisa horiek zizelkatuta daude zuen misioan?
Gakoa da hurrengo epealdiko plan estrategiakoan fakultate bezala planteatzen dugula bizi osorako ikerketa eta ikaskuntzarako fakultatea garela. Horrek suposatzen du gu beste plano batean jartzea eta irekiagoa izatea zentzu zabalenean: herrira, ingurunera, gure ezagutza arlotik gertu egon daitezkeen enpresa eta erakundeetara. Plataforma izaera hartzen dugu, non beste batzuek ere egin ditzaketen gurekin gauzak, beti ere, unibertsitate izaerari uko egin gabe, noski.
Eskoriatzan ere aurretik kafetegi-gunea sortu zenuten ildo antzekotik…
Bai, horren adibide txikiak izan dira, espazioak dira adibide nabarienak, nola gure espazioak baliatu ditzaketen hirugarrenek ere. Baina hortik harago doa eta irudikatzen dugu egiteko modu bat elkarlanean: izan gure ikerketa, eskaintza akademikoa zein etengabeko prestakuntza, eskaintzak besteekin elkarlanean diseinatu eta osatu ahal izateko. Hori trasladatu dugu espazioetara ere bai, baina ez bakarrik espazioetara.
Definitu IdeiEnea…
Eraikinetik harago doan laborategi bat. Aretxabaletako campusa orain arte lotu izan dugu gehienbat Ikus-entzunezko Komunikazioa graduarekin. Eta IdeiEnea da proiektu bat zeinek jarriko gaituen beste ingurune edo ekosistema batean. Laborategi bat ez dena soilik eraikinaren anpliaziora mugatzen, baizik eta campus osoari dagokion laborategi bat. Jarraipen bat da, dena da laborategia. Ibilbide logiko bat da, irailetik aurrera izango baititugu bi gradu, master bat eta espazio berri bat. Horri esker, ekintzaileak egongo dira, kultura eskaintza eta ekitaldiak izango dira…
"Komunikazioaren ekosisteman, berrikuntza sustatu daiteke inkonformismo puntu batekin, orain artekoa aitortu eta aukera berriak aintzat hartuta"
Noiztik dator IdeiEnea sortzeko hazia? Eta nolako prozesua izan da?
Aukera bat planteatu zen campusaren baitan espazio batzuk handitzeko, baina era berean hurrengo epealdirako plan estrategikoa ere bazetorren; eta hor bi helburu horiek bat egin zuten. Hala, aukera hori baliatu zen campusak beste jauzi bat egiteko.
Plan estrategikoaren lanketa prozesu parte-hartzailea izan da, fakultateko lankide askok parte hartu dugu. Zenbait saio komun egin ditugu. Lehenengo inspirazio fase bat izan zen, eta fase hori bat etorri zen Mondragon Unibertsitateko plan estrategikoaren lanketarekin. Ondoren, saio kolektibo dezente egin ditugu sustatzeko plan estrategiko partekatu bat erakunde osoarena. Bi erronka nagusi identifikatu dira: bizitza osorako, ikaskuntzarako eta ikerketarako fakultatea izatea, kanpora begira; eta barrura begira, etorkizuneko testuinguruei aurre egiteko pertsona talde bat izango garela.
Prozesuan eraldatzen eta aberasten joan da abiapuntua?
Hasiera batean kontzeptualki isolatutako proiektu bat zen, eta lortu dugu proiektu hori campusera ekartzea eta osotasunean irudikatzea campusa. Batetik, alderdi akademikotik, pasatu gara gradu bakarra eskaintzetik, bi gradu izatera, orain arteko Ikus-entzunezko Komunikazio gradua eta irailetik aurrera: Kultur eta Sormen Industrietan gradua, Euskal Kulturaren Eragiletzan unibertsitate masterra ere Aretxabaletan eskainiko dugu eta profesionalei zuzendutako hainbat ikastaro ere; eta, bestetik, ekintzailetza eta enpresa-erakundeen berrikuntzarako espazio bat sortu dugu. Horrekin lotuta, areto bat daukagu zeinek aktibitate horri guztiari erantzuna emango dion. Eta, aldi berean, kultur eskaintza beste agente batzuekin batera, elikatuko duena bertako aktibitatea eskaintza akademikotik harago. Ulertzen dugu kultura eskaintza inspirazio iturri eta guztiontzat sozializazio gune gisa.
Zer ezaugarri ditu eraikinak?
Irisgarritasuna %100ean bermatu dugu; energetikoki ahalik eta efizienteen eta jasangarrien izateko eguzki plakak jarri dira, termikoki ere lanketa egin da; eta dagoeneko campusak Eraginkortasun energetikoaren A1 Eraginkorragoa ziurtagiria jaso du Eusko Jaurlaritzaren aldetik.
Eta beste gako garrantzitsu bat irekia izatea da. Irekia gaur egungo campuseko erabiltzaileentzako: konektatuta daude espazio berriak orain artekoekin. Eta, bestetik, irekia edozeinentzat; horregatik bi sarrera ditu: bat fakultatekoa eta beste bat herriarentzat.
Nori eta zeri ematen dio erantzuna IdeiEneak?
Batetik, guri, unibertsitateko komunitateari. Bestetik, euskarazko ikus-entzunezkoen ekosisteman ekintzailetasuna edo berrikuntza proiektuak egin nahi dituen orori: gure ikasle ohiek ekintzailetasun proiektuak egiteko; enpresa edo erakundeek proiektu berritzaileak garatzeko akonpainamendua; eta Aretxabaletari, bailarari eta kultura sektoreko ekintzaile eta artistei espazio berri bat emanaldiak antolatzeko.
Nola funtzionatuko du IdeiEneak?
Ideia da ekintzailetzako deialdi bat egitea inkubagailuan parte hartzeko; enpresa eta erakundeentzako gunea zabalik dago eta gure erakunde eta enpresa lagunekin kontaktuan gaude; eta aretoaren kasuan, irekita egongo da bestelako erabiletarako.
Udalarekin akordioa berritu duzue…
Aretxabaletako Udalarekin hitzarmen orokor bat sinatuta dugu; horren baitan daude Huhezinema, liburutegia herritarrei zabalik egotea, gure ezagutza esparrutan kolaborazioa Udalarekin, eta hor zehazten da, baita ere, udalak IdeiEnea-ko aretoa erabiltzeko aukera.
Nola sustatu daiteke esperimentazioa eta berrikuntza komunikazioaren ekosisteman?
Sustatu daiteke inkonformismo puntu batekin gauza desberdinak egiteko, orain arteko bidea aitortuz eta aukera berriak, teknologia berriak, aintzat hartuz. Komunikazioak aukera asko ematen ditu, gero eta garrantzia handiagoa dauka gizartean eta baditu baldintza batzuk, adibidez teknologikoak, aukera bilakatu daitezkeenak. Dago ingurune zabal bat oraindik lantzeko, zer hobetu, zer landu eta zer eraiki. Batik bat gakoa da inkonformismo puntu bat izatea, orain artekoari balioa emanez, jakina.
"IdeiEneak posizionatzen gaitu komunikazio ezagutza alorrean erreferente bezala eta erakunde, enpresa zein ekintzaileentzako espazio ireki bezala"
Erakundeei komunikazioaren alorrean puntako talentua, ezagutza eta aholkularitza eskaini nahi diozue. Nola?
Unibertsitate izatera eta batetik talentu gaztea gurean egonda bada aukera erakunde eta enpresek talentu hori eskura izan dezaten; bestetik, ikerketarekin lotuta etengabeko hobekuntzarako aukera; eta, azkenik, ekintzaileek eta enpresa erakundeek berrikuntza prozesuak garatzeko inkubagailu bat daukagu.
Nola posizionatzen du IdeiEneak Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea eta Mondragon Unibertsitatea?
Bi esparrutan posizionatzen du: bat, komunikazio ezagutza alorrean erreferente bezala eta erakunde, enpresa zein ekintzaileentzako espazio ireki bezala; eta, bestalde, kultura eta sormen esparruan ere artistentzako, ekintzaile, erakundeentzako… gune bezala. Ez da kasualitatea datorren ikasturtean hemen bertan Euskal Kulturaren Eragiletzan Unibertsitate Masterra izatea.
Zer mezu zabaldu nahiko zenieke herritarrei?
Irekita dagoela eta asmoa dugula ahalik eta gauza gehien irekian egiteko; eta etortzeko eta erabiltzeko.