Irakurriena
- 1. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 2. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 3. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 4. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 5. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 6. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 7. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 8. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 9. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 10. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
PBL Day, Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza proiektuen egun handia
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ingeniaritza-graduetako lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako 146 ikaslek 26 proiektu jarri zituzten ikusgai iragan asteartean, ikasturteko lehen hiletan garatutako proiektu guztietatik onenak. Benetako arazoak ebaztean oinarritutako PBL (Project Based Learning) metodologia erabilita garatutako lanak guztiak ere. Izan ere, 15 urte baino gehiago daramatza Mondragon Unibertsitateak metodologia hori erabiltzen.
Unibertsitateko ingeniaritzako 500 ikasle baino gehiago eta batxilergoko ikastetxeetako beste hainbat ikasle bildu dira jardunaldian
Talde guztiak lehiatu dira PBL Day jardunaldiaren aurtengo edizioan, lau sarietako bat irabazteko helburuarekin: lehen saria, 1.000 euroz hornitua (Oronak babestua); ekintzailetzako accesit bat, 300 euroz hornitua; 200 euroko saria hirugarren finalistarentzat, eta 100 euroko saria laugarren proiektu finalistarentzat.
Unibertsitateko ingeniaritzako 500 ikasle baino gehiago eta batxilergoko ikastetxeetako beste hainbat ikasle bildu dira jardunaldian.
Proiektuak
PBL proiekturik onena izateko lehiarako aukeratu diren 26 lan horiek ingeniaritzako 10 espezialitatetakoak dira; hona hemen espezialitateok: industria-elektronika, mekanika, energia, biomedikuntza, mekatronika, informatika, industria-prozesuetako ekoteknologiak, industria-diseinua, industria-antolakuntza eta Mondragon Unibertsitateak martxan jarri duen azken ingeniaritza, industria aplikatutako fisika.
Askotariko proiektuak egon dira tartean: haize-errota eramangarriak, artritisa duten pazienteentzako konponbideak, zartagin desmuntagarrien diseinu berritzaileak, eroriko eta istripuetarako alarma-sistema, arrantza-eremuen kudeaketa optimizatzeko aplikazioa, garbiketa-zerbitzua pasatu baino lehen jai-guneetan sortutako hondakinak bereizteko sistema autonomo bat eta eraikinak eraisteko arriskua txikitzeko irtenbideak, besteak beste.
Lau Finalistak
- INDUSTRIA ANTOLAKUNTZAKO INGENIARITZAKO LEHEN MAILA
Izena: Etxeko aerosorgailu elektrikoa, Eolicare Sorgailua
Kideak: Carmen Álvarez, Ainizte Tejería, Iraia Beitia, Izaro Antxia, Gilen Aizeaga, Beñat Arratibel
Deskribapena: Haize-sorgailu merke bat diseinatu eta eraikitzea, etxeetako terrazetan edo teilatuetan instalatzeko, energia zinetikoa etxeetan erabil daitekeen energia elektriko bihurtzeko.
Proiektuak adierazle ezberdinak neurtu ahal izateko bi software garatu ditu, neurtu ditzakeen parametroak dira etxeko aparatuak martxan jartzeko beharrezkoa den haizea, etxeko aparatu bakoitzaren kontsumoa eta zein ordutan erabiltzen den, tenperatura termikoak ekar dezakeen aurrezpena, etab.
- INGENIARITZA MEKANIKOKO BIGARREN MAILA
Izena: Automobilen balazta elektronikoa, eBrake
Kideak: Naroa Arambarri, Uxue Azkue, Miquel Elduaien, Libe Illarramendi, Leire Maiza
Deskribapena: Ohiko balaztek sistema hidrauliko baten bitartez funtzionatzen dute eta mekanikako 2. mailako ikasleek diseinatu eta fabrikatutako soluzioa balazta elektroniko bat da. Erabiltzaileek erabilera berdina izan dezaten, erronka da balazta elektronikoa aktibatzeko ere, pedala sakatu behar izatea. Horretarako, taldeak simulator feel sistema bat garatu du.
- INGENIARITZA MEKANIKOKO HIRUGARREN MAILA
Izena: Hondakinak bereizteko sistema autonomoa, Smart Recycling
Kideak: Luis Chinchurreta, Jon Erkiaga, Ander García de Kortazar, Beñat Gurudi, Ander Irizar, Beñat Leturiaga
Deskribapena: Egun hauetan, jai herrikoi gehienetan jende asko biltzen da kontzertu, ekitaldi edo lehiaketen inguruan, eta ondoren zaborra kalean abandonatuta geratzen da, garbiketa zerbitzua noiz pasatuko zain. Zabor mota nahasi horrek beste arazo bat sortzen die garbitzaileei: hondakin mota desberdinak bereiztea, ondoren birziklatzeko. Eragozpen nagusia da gaur egun ez dagoela konponbide praktikorik arazo handi hori konpontzeko. Hori guztia kontuan hartuta, proiektu honen helburu nagusia honako zehaztapen hauek betetzen dituen gailu mugikor eta eramangarri bat garatzea da:
- Tokiko jai baten ondoren aurki daitezkeen material motak bereizi, ordenatu eta sailkatzeko gai izatea, garbiketa-zerbitzuek jaso aurretik.
- Trinkoa eta ergonomikoa izatea
- Erabiltzaileentzako eta ingurumenerako asegurua (energia-kontsumoa eta kutsadura akustikoa kontuan hartuta).
- Modu autonomoan edo urrutiko kontrolaren bidez funtzionatzeko gai izatea, beharren arabera.
- INDUSTRIARI APLIKATUTAKO INGENIARITZA FISIKOAREN LEHEN MAILA
Izena: Eraikinak erortzea saihesteko sistema etxe orratz baten diseinuari aplikatuta, eraikinaren arriskua saihesteko
Kideak: Irati Azpilgain, Estibaliz Cruz, Olazt Fernández, Sofía Garlito, Adei Jiménez
Deskribapena: Altuera handiko eraikinak lurrikarak jasan ditzakete. Mota horretako eraikinak sismo eta fenomeno atmosferikoetatik babesteko garapen berrienen artean, Masa Sintonizatuko Motelgailuak (AMS) nabarmentzen dira, etxe orratzen goialdean kokatutako pendulu-mekanismoa erabiltzen baitute bibrazioak arintzeko.
Proiektu honetan etxe orratz baten eskalako maketa bat garatu da, eta pendulu bat gehitu zaio. Penduluaren maiztasun-, masa- eta moteltze-ezaugarriak balio-tarte zabal batean alda daitezke, eraikinaren ezaugarriekin sintonizatzeko. Era berean, bibrazioak eskuratzeko sistema bat gehitu da eta datuak doitu dira Matlaben Curve fitter tresnaren bidez. Multzo osoa simulatu da Simulink eta Simscape-n garatutako eredu sinplifikatu baten bidez.
Benetako arazoak ebaztean oinarritzen den ikaskuntza-metodoa da PBL, eta Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da Estatuan eredu hori erabiltzen
Proiektuaren ondorioa da masa sintonizatuko motelgailuak nabarmen areagotzen duela eraikinaren moteltzea sistema behar bezala doitzen denean, eraikina erortzeko arriskua murriztuz.
Ekitaldia
Lehiaketarako aukeratu diren 26 proiektuok jardunaldi osoan egon dira ikusgai, panelak eta bideoak barne. Horien artean onenak hautatu eta 2023ko PBL proiekturik onenaren saria eta ekintzailetzarako PBL proiektuaren saria eman dira. Unibertsitateko zenbait irakaslek eta Orona, Ikerlan, Jema eta Innobasque enpresetako ordezkariek osaturiko epai-mahai batek aukeratu du talde irabazlea, planteatutako irtenbide teknikoa eta taldeek standean egindako komunikazioa kontuan hartuta.
PBL Day
Proiektuen erakusketaz gain, ekitaldira bertaratu diren 500 ikasleei zuzendutako hitzaldiak eskaini dituzte zenbait enpresak. Jasangarritasuna dute jarduera nagusi enpresa horiek; hauek izan dira: Basoa Suites (ostatu-zerbitzuak eskaintzen ditu Nafarroako basoetako zuhaitzetan), Jolasplay (haurrentzako jolastokietarako jokoak eta altzariak diseinatu eta fabrikatzen ditu), Ekomodo (plastiko birziklatuzko produktuak ekoizten ditu) eta Insertec (hondakinen birziklapenaren sistemari lotutako industria-enpresa).
Benetako arazoak ebaztean oinarritzen den ikaskuntza-metodoa da PBL, eta Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da Estatuan eredu hori erabiltzen. Ezagutzak etorkizunean egingo duten modu berean aplikatzea da hezkuntza-eredu horren xedea: arazoak aztertu eta ebazteko ikasturtean zehar landu dituzten ezagutza-eremuak integratuta. Zeharkako gaitasunak jorratzeko aukera ere ematen du ereduak, hala nola talde-lana, komunikazioa, lidergoa eta abar. Benetako arazoak ebaztea abiapuntutzat hartuta, eginez ikastea eta trebatzen ikastea da PBL metodoaren funtsa. Esperientzia horrek aberastu egiten du jarrera profesionala eta enpreseena.