Irakurriena
- 1. MONDRAGONek 11.213 milioiko salmentak lortu zituen 2024an
- 2. “Kooperatibismoak enpresen arazo bertsuei, soluzio desberdinak ematen dizkie, pertsona erdigunean jartzen duelako”
- 3. Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak gradu amaierako euskarazko proiektuak saritu dituzte
- 4. Orbeak arrakasta lortu du Eurobike 2025 azokan, Muga 10 e-bike eta 2026rako gama berrituarekin
- 5. BGAEentzako fiskalitate berria. Nola eragingo dio zure pentsioari?
- 6. LKS Nextek Aitor Moreno batu du taldera, adimen artifizialean eta teknologia kuantikoetan erreferentea
Kooperatibetan berrikuntza indartuko du MONDRAGONek Zorrozaurreko proiektuarekin

MONDRAGONek pauso estrategiko bat eman du berrikuntzarekin eta lehiakortasunarekin duen konpromisoan, asmo handiko proiektu bat abian jarrita Zorrotzaurren (Bilbon). Teknologia digitalaren eta ekintzailetza kooperatiboaren alorrean erreferente izan nahi duen ekimena da, ezagutza, teknologia, talentua eta enpresa uztartuko dituen gunea, hain zuzen ere MONDRAGONek bere etorkizuneko estrategia eraikitzeko oinarri dituen lau zutabe nagusiak.
Eraikin berriaren lehen harria jartzeko ekitaldian Pello Rodriguez MONDRAGONeko presidenteak eta hainbat erakunde publikotako ordezkariek hartu dute parte, hala nola, Imanol Pradales lehendakariak, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak, Juan Mari Aburto alkateak eta Mikel Jauregi sailburuak. Mondragon Unibertsitatea eta Ikerlan ere bertan egon dira Bixente Atxa eta Ion Etxeberriarekin.
Imanol Pradales lehendakariak nabarmendu du elkarlanaren eta lan onaren argazkia dela gaurkoa eta "eskerrak eman nahi" dizkiela herri erakundeei eta MONDRAGONi zein IDOMi apustuagatik. "Industria berritzailea behar dugu, ongizatea sortuko duena, ezagutzan oinarritua, manufakturan aritzen dena, jasangarria, teknologikoki aurrertaua eta balio erantsi handiko jardueretan arituko dena. Hori guztia, pertsonen zerbitzura", gehitu du.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak honakoa adierazi du: "Bertakoak eta liderrak diren enpresak datoz Zorrotzaurrera. Talentuarentzat erakargarri diren proiektuak dakartzate, industriari oso lotuak. Aukera goi mailako prestakuntza eskuratu eta proiektu profesional handiak garatzeko. Gazteentzat aukerak eta enpresentzat aukerak".
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea pozik eta harrotasunez azaldu da Bilboren garapenean proiektu honek duen garrantziagatik: "Osagai garrantzitsuak ditu: talentuaren erakarpena eta hari eustea, etorkizunean negozio aukera berriak egon daitezen", adierazi du.
Talentua erakartzeko eta aukera berriak sortzeko giltzarri den proiektua
Ekimen hau, teknologia digital berriak garatzeko konpromiso irmoa da, eta kooperatibetan eragin positiboa izango du negozio-ildo berriak irekitzea ahalbidetuz. “Etorkizuneko apustu oso ilusionagarria da, gune honetan gure enpresen lehiakortasunerako funtsezkoak diren 3 osagai bilduko baitira: Ezagutza, Teknologia eta Talentua”, azaldu du Pello Rodriguezek.
20 milioi eurotik gorako inbertsioa dakar proiektuak, eta teknologia digitaletan talentua zein balio erantsi handiko enpresak erakartzeko polo bat garatzea ahalbidetuko du: adimen artifiziala, datu-analitika, zibersegurtasuna, humanitate digitalak, mekatronika, robotika eta energia-sistema adimendunak, besteak beste.
Etorkizunaren aldeko apustua, balio kooperatiboetatik abiatuta
Zorrotzaurreko proiektua, azken finean, MONDRAGONek etorkizunarekin, ingurunearekin eta kooperatibismoarekin duen konpromisoaren erakusgarri da. Urrats bat gehiago lehiakorragoa, jasangarriagoa eta pertsonetara bideratuagoa dagoen ekonomia bat eraikitzeko bidean, beti ere lankidetzan eta berrikuntzan oinarrituta.
Bilbo, nazioarteko talentuarentzako atea
Ekimen honekin, MONDRAGONek bere presentzia indartuko du Bilbon, eremu digitalean nazioarteko talentua erakartzeko polo garrantzitsu izango den hirian. Zorrotzaurreko gune berria ingurune dinamikoa izango da eta lankidetzara zabalik egongo dena, kooperatibek talentuarekin konektatu eta berrikuntza sustatuko duten proiektuak partekatu ahal izateko.
Zorrotzaurreko RZ-10 lurzatian kokatua, eraikin-multzo berriak Lancor eta Consonniko eraikin zaharrak berreraikitzen ditu, hurrenez hurren 7.526 m² eta 4.281 m²-ko bi bolumen berri sortuz.
Anbizio handiko proiektu honen hasierako fase honetan beste enpresa batzuek ere parte hartzen dute, hala nola IDOMek, bere eraikin propioa izango duenak; Vicomtech; eta Eusko Jaurlaritzaren Parkeak sozietate publikoak.
Lankidetza, garapen-eredu gisa
Proiektu honen alderdirik nabarmenetako bat izaera kolaboratiboa da, MONDRAGON definitzen duten balio kooperatiboekin bat datorrena. Ekimen horretan erakunde publikoak, zentro teknologikoak, unibertsitatea eta enpresak lankidetzan ari dira, eta asmo handiko helburuak lortzeko sarean lan egitearen garrantzia berresten dute.
“Emaitzak biderkatzeko gaitasunak batzen ditugu”, azpimarratu du Rodriguezek, halako proiektuek MONDRAGONen funtsa islatzen dutela gogoratuz: lankidetza, berrikuntza partekatua eta ingurune sozioekonomikoaren eraldaketarekiko konpromisoa.