Mondragon Unibertsitateak proiektu estrategiko berriekin hasi du ikasturte berria

7.400 ikasle matrikulatu ditu bere 19 graduko titulazioetan, 26 masterretan eta lau doktorego-programetan.
Card image cap
2025/09/05

Mondragon Unibertsitateak 2025/2026 Ikasturte akademikoa ofizialki inauguratu du aurten bere 50. urteurrena ospatzen duen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Aretxabaletako campusean. Ekitaldia inauguratu berri den Ideienea eraikinean egin da, euskal ikus-entzunezkoen sektorea bultzatzeko diseinatutako berrikuntza eta ekintzailetza ekosisteman.

Ekitaldian Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek hartu du parte, ekitaldiari itxiera eman diona. Aurretik, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Idoia Peñacoba idazkari nagusiak (aurreko ikasturteko memoria akademikoa aurkeztu du) eta Nekane Arratibel eta Letizia Garcia ikerlariek parte hartu zuten, HUHEZIren 50 urteko ibilbidea euskaratik: ikasitakoa eta erronkak izeneko inaugurazio-ikasgaiaren egileak. Bertan izan dira, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Xabier Egibar Mondragon Unibertsitateko presidentea, errektore ohiak, dekanoak eta erakundeetako ordezkariak.

Hazkunde eta berrikuntza zifrak dituen ikasturtea
Mondragon Unibertsitateak 7.400 ikasle matrikulatu ditu bere 19 graduko titulazioetan, 26 masterretan eta lau doktorego-programetan. Gainera, 8.000 profesionalek baino gehiagok 

etengabeko prestakuntzako programetan parte hartuko dute. Zifra horiek bat datoz unibertsitatearen 2025/2028 Plan Estrategikoarekin. Plan horren helburua da 2028an 8.200 ikasle lortzea eta prestakuntza eguneratzeko programetan  diharduten profesionalen kopurua bikoiztea.

Berrikuntza akademikoaren aldeko apustuan, Mondragon Unibertsitateak bost titulu ofizial berri sartu ditu:

  • Kultura eta Sormen Industrietako Gradua,
  • Euskal Kulturaren Eragiletzako Unibertsitate Masterra,
  • Elikagaien Hartzidurako Unibertsitate Masterra, 
  • Sentsoreen Analisiko eta Kontsumitzaileen Zientziako Unibertsitate Masterra 
  • European Joint Masters in Digital and Sustainable Manufacturing EU4DUAL – Europako Unibertsitate Dualaren lehen masterra.

Vicente Atxa: "Hiriburuak ez ezik, lurralde osoa eta eskualdeak eraldatzea eta benetako eragina izatea da gure apustua"

2024/2025 ikasturteko memoria
Aurreko ikasturteko memoria akademikoan, unibertsitateak ingurune profesional eta globalarekin duen loturan izandako lorpenak nabarmendu dira. Mondragon Unibertsitateko 1.746 ikaslek nazioarteko egonaldiak egin zituzten, eta 4.415 ikaslek enpresetan egin zituzten praktikak. Datu horiek erakundeak ikasleei lan-merkaturako eta nazioarteko ingurunerako prestakuntza praktikoa eskaintzeko lehentasuna duela adierazten dute.

Gizarte-eraldaketarako proiektu estrategikoak
Ideienearen inaugurazioak unibertsitatearen beste proiektu estrategiko batzuekin bat egiten du, hala nola Bilbao-Bizkaia Digital Factory-rekin, Ikerlan zentro teknologikoarekin lankidetzan, eta Basque Culinary Center-en hedapenarekin, urrian Gastronomy Open Ecosystem (GOe) ireki baitzen Donostian eta EDA Drinks & Wine Campus Araban. Gainera, LEINN ekintzailetza-laborategien sareak zentro berri bat jarriko du Bartzelonan.

Hitzaldian, Vicente Atxa errektoreak unibertsitateak Euskadiren garapenarekin eta eragin sozialarekin duen konpromisoa azpimarratu du: "Goi-mailako hezkuntzarekin eta gizartearekin dugu konpromisoa. Hiriburuak ez ezik lurralde osoa eta eskualdeak eraldatzea eta benetako eragina izatea da gure apustua. Ideienea bezalako proiektuak konpromiso horren erakusgarri dira".

Nazioarteko konpromisoa ere funtsezko zutabea da plan estrategikoan, masterreko ikasleen herena nazioartekoa izan dadin. Hori lortzeko, Mexikon eta Latinoamerikan presentzia handituko da, eta lidergoa sendotuko da EU4DUAL Europako aliantzan.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa