TUlankide MONDRAGON

Mondragon Unibertsitateak hezkuntza-berrikuntza, prestakuntza eta ikerketaren aldeko apustua egiten du

2019/09/16

Mondragon Unibertsitateak hezkuntza-berrikuntza, prestakuntza eta ikerketaren aldeko apustua egiten du

«Gure esku dago datorrenari aurre egiteko ahalik eta ondoen prestatzea. Eta zenbat eta ahalegin handiagoa egin gure gazteen trebakuntza hobetzeko, eta gure enpresen lehiakortasuna bultzatzeko, orduan eta prestatuago egongo gara etorkizunerako». Mondragon Unibertsitateak aurrean duen erronka hori nabarmendu zuen pasa den ostiralean (irailak 13) Vicente Atxa errektoreak, Oñatiko Enpresagintza Fakultateko campusean egin zen 2019-2020 ikasturtearen hasiera-ekitaldi ofizialean. 

Hiru erronka

Mondragon Unibertsitatea-kurtso hasiera

Atxak bigarren agintaldia izango du Mondragon Unibertsitateko buru gisa.

Ikasturte honetan unibertsitateak aurrean dituen hiru erronka eta mugarri nagusi azpimarratu zituen errektoreak. Bat datoz Euskal Unibertsitate Sistemaren Planarekin eta eragin positiboa izan nahi dute giza garapen jasangarriaren eredu bihurtuko den Euskadiren eraikuntzan. MONDRAGONeko mugimendu kooperatiboaren hasierako helburua izanik hau.

1/ Unibertsitate-hezkuntzaren berrikuntzan liderrak izaten jarraitzea, ikasleen ikasketa eta unibertsitate-esperientzia nabarmen hobetzeko. Unibertsitatearen DNAn dago, hezkuntza-eredu propioan.

2/ Bizitza osoko prestakuntza-eredua bultzatzen jarraitzea, gero eta espezializatuagoak eta konplexuagoak izango diren programen bidez, pertsonen enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna bermatzeko, etorkizuneko lanak eskatuko dituen gaitasunen aurrean.

3/ Ikerketa aplikatua lantzea, enpresekin elkarlanean, euskal enpresa-sareari hobeto lehiatzen laguntzeko.

Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateko errektoreak nabarmendu duenez, «hiru horiek dira gure erronka nagusiak: gazteen ikaskuntzaren hobekuntza, etengabeko formazioa eta goi mailako ezagutzaren sorkuntza eta bere transferentzia enpresa modu arin eta eraginkorrean.»

2019-2020 Ikasturte hasierako ekitaldia

Errektorearekin batera, ekitaldian izan ziren Iñigo Urkullu lehendakaria, ikasturteari hasiera ofiziala emanez, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacoba, aurreko ikasturteko txosten akademikoa aurkeztuz, eta irekitze-hitzaldia eskaini duen Eduardo Castellanos doktorea. Halaber, bertan izan dira Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Mikel Alvarez Mondragon Unibertsitateko presidentea, politikako eta arlo akademikoko beste agintari batzuekin batera.

Berrikuntza, lehiatzeko gakoa

Euskadiren etorkizuna gazteen goi mailako formazioa eta ikerketa, herrialdearen estrategiarekin lerrokatuta egon behar direla konbentzituta egonik, Mondragon Unibertsitateak helburu bezala jarri dio bere buruari, gure herriaren eraiketan eragile giltzarria izatea. Errektorearen esanetan, «herrialde batek, lehiakorra izango bada, gazte eta profesional trebatuak behar ditu. Eta horretarako, ikaskuntza maximizatu behar dugu hezkuntza-maila guztietan, eta, nola ez, unibertsitatean».

Mondragon Unibertsitatea-kurtso hasiera

Haren iritzian, ezagutza, teknologia, industria eta merkatuak mende honetan hain konplexuak bilakatu direnez, ezin ditugu gazteak aurreko mendeko modu berean prestatu, hori «geure buruari traizio egitea litzateke, historiaren eta aurrerapenaren erlojua atzeratu nahi izatea. Eta herrialde gisa lehiakide izango ditugun beste batzuek ez dituzte haien erlojuak geldituko; gazteen ikaskuntza aldatu eta hobetu egingo dute, horretan ari dira. Beraz, jarrai dezagun guk ere aurrera; berritu dezagun goi-mailako prestakuntza, unibertsitate-prestakuntza», adierazi du errektoreak.

Bizitza osoko prestakuntzari dagokionez, Mondragon Unibertsitateko errektoreak uste du unibertsitateak erantzun egin behar diela bai enpresek eta erakundeek aurkituko duten egoera demografiko eta laboralari, eta bai egoera horretara egokitzeko profesionalek konpetentzietan eta gaitasunetan behar izango duten moldaketari.

Gizarteak aurrean duen egoera demografikoa kontuan hartuta, zenbait profesional ordeztea zaila izango dela deritzo. Haren esanetan, «enpresa askotan kostatuko zaigu profesional batzuk ordezkatzea. Eta ezin dugu onartu jardunean dauden pertsonak atzeratuta gelditzea lanpostu berriek eskatuko dituzten gaitasunetan». Uste du enpresekin eta administrazioekin batera etengabeko prestakuntzako programak garatu beharko direla, dagoeneko lan-merkatuan dauden pertsonen enplegagarritasuna ziurtatu eta hobetzeko. «Mondragon Unibertsitatean 7.000 profesional baino gehiago trebatzen ditugu urtean; baina, profesional horientzat programa ofizial eta titulu propio gehiago diseinatzen jarraituko dugu, gero eta programa espezializatuagoak eta konplexuagoak sortzeko helburuarekin, eta teknologia berriak erabili beharko dira horiek garatzeko».

Errektoreak tarte berezia eskaini dio ikerketari: «gure enpresei maila globalean lehiakorragoak izaten lagundu nahi badiegu, gu ere globalagoak izan behar gara. Gehiago nazioarteratu behar gara bai formazioan eta baita ere ikerketan. Handitu eta maximizatu egin behar dugu gure ikerketak eta berrikuntzak enpresa-sarean duten inpaktua», azpimarratu du.

Mondragon Unibertsitatea-kurtso hasiera

Errektorearekin batera, ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, ikasturteari hasiera ofiziala emanez.

2021-2024 aldirako plan estrategiko berria

Era berean, Errektoreak nabarmendu du ikasturte honetan zehaztuko dela 2021-2024 aldirako Mondragon Unibertsitatearen plan estrategikoa eta martxan jarriko dela 2019-2022 aldirako Euskal Unibertsitate Sistemaren Plan berria. Beraz, ikasturte honetan finkatuko dira Euskadiko unibertsitatearen eta enpresen etorkizunean eragingo duten ildo estrategikoetako batzuk. Unibertsitatearen Plan Estrategikoari buruz adierazi duenez, «ziur nago asmo handikoa izango dela. Giza garapen jasangarrian erreferente izatea dugu helburu. Eta badakit Mondragon Unibertsitatea txikia dela mundu mailan baina badakit baita ere, zaila dela Euskadi Mondragon Unibertsitaterik gabe irudikatzea. Bera izan zen MONDRAGONeko industria eta enpresa kooperatibo mugimenduaren hazia, zeinen azken helburua hasieratik giza garapen jasangarria izan den».

Unibertsitateko arduradun nagusiak ziurtatu du, halaber, Mondragon Unibertsitateak ekarpena egin nahi duela 2030ean Euskadi Europako eskualde aurreratuenetako bat izan dadin berrikuntzaren arloan, eta bizi-maila eta enplegu-kalitate handia izan dezan. Horixe da, hain zuzen, 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren asmoetako bat.

Ikasturte-hasierako hitzaldian, Mondragon Unibertsitatearen benetako bokazioa eta xedea azpimarratu nahi izan du errektoreak: «Gizartea eraldatzea eta pertsonak eta gazteak trabatzea; hain zuzen ere, egoera soziala eta gaitasun ekonomikoa edozein dutelarik ere, herrialde industrial, lehiakor eta aurreratuen artean herrialde hau eredu izan dadila nahi dutenak».

Gaur egun, Mondragon Unibertsitateak 9 campus ditu Euskadin eta beste 7 laborategi-egoitza Euskaditik kanpo —Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Querétaron, Pueblan, Shanghain eta Seoulen—.Azken lau urteetan %23 handitu da graduko ikasle berrien kopurua, eta ikasturte honetan 1.300 izango dira graduko ikasle berriak, iazkoan baino %7 gehiago. Horrez gain, %27 handitu da euren gaitasuna hobetzeko Mondragon Unibertsitatea aukeratzen duten profesionalen kopurua. Iaz, zehazki, 7.000tik gora izan ziren. Azkenik, I+Garen alorrean egindako jarduera %28 baino gehiago hazi da. Gainera, jarduera horren %50 enpresek finantzatzea lortu da; izan ere, unibertsitatea Euskadiko 230 enpresa baino gehiagorekin batera ari da proiektuak lantzen. Ikasturte honetan, Unibertsitateak, 31 gradu eta masterretako titulu eskainiko ditu – 16 gradu eta 15 master. Horietatik 18, dualak izango dira.

Errektorearen hitzaldiaren aurretik, Enpresagintza Fakultateko irakasle den Eduardo Castellano doktoreak eskaini du irekitze-hitzaldia: «Negozio-eredu berriak 4.0 datuen aroan». Bertan azaldu duenez, etengabe aldatzen ari den munduan zerbitizazioa potentzial handiko bidea da, 4.0 teknologietako inbertsioei etekin ekonomikoa ateratzeko. 

2018-2019 ikasturteko txostena

2019-2020 Ikasturte hasierako ekitaldia

Bestalde, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacobak 2018-2019 ikasturteko txosten akademikoa aurkeztu zuen. Mondragon Unibertsitateak graduko 15 titulu eta 15 master ofizial eman zituela nabarmendu du. Era berean, gogorarazi du unibertsitateak Business Data Analytics Gradu berria eskainiko duela, ikasturte honetan, Bilbon, eta hiru master berri diseinatu dituztela.

2018-2019 ikasturteko matrikulazioen azterketaren arabera, guztira 5.125 ikaslek eman zuten izena, aurreko ikasturtean baino %6,7 gehiagok. Gainera, 7.000 lagun baino gehiago matrikulatu ziren graduondoetan, titulu propioetan eta unibertsitateak eskola presentzial, erdipresentzial eta onlinekoetan eskaintzen dituen profesionalentzako beste ikastaro batzuetan, aurreko ikasturtean baino %6,5 gehiago.

Gero eta gehiago dira, gainera, prestakuntza atzerrian osatzen duten ikasleak eta Mondragon Unibertsitatean ikasten duten beste herrialde batzuetako ikasleak. Aurreko ikasturtean, 1.210 ikasle joan ziren atzerrira (aurreko ikasturtean baino %27 gehiago). Ikasle atzerritarrak, berriz, 399 izan dira.

Eguraldia
Asteartea 15 Min: 8
Max: 19
Asteazkena 16 Min: 13
Max: 22
Osteguna 17 Min: 13
Max: 22
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak