Irakurriena
- 1. MONDRAGONek etorkizuneko negozioak eta gizarte inpaktua indartzeko estrategia berretsi du aurtengo Kongresuan
- 2. MLAKOOPek 60. urteurrena ospatu du eta etapa berri bati ekin dio etorkizunari begira
- 3. Beste bi urtez EU4Dual Europako proiektuaren lidertzan
- 4. Kreanek eraikiko du Lascaray-LEAren lantegiaren aro berria
- 5. Gutun irekia Arizmendiarrietari
- 6. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
MUk Ate Irekien jardunaldiak egin ditu bere hezkuntza-eredua ezagutarazteko
Mondragon Unibertsitateak ateak zabaltzeko jardunaldiak egin ditu bere campusetan, bere hezkuntza-eredua ezagutarazteko xedez. Unibertsitate aurreko jardunaldi bakoitzak bi ordu inguru iraungo du eta, horietan, fakultate bakoitzak bere eskaintza akademikoa eta titulazioak zehatz-mehatz aurkeztuko ditu. Zehazki, Goi Eskola Politeknikoan, jardunaldia 10:30ean izango da, Arrasateko campusean. Bestalde, Enpresagintza Fakultateak 11:00etan egingo du berea, Oñatiko campusean. Azkenik, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak bi deialdi egin ditu, biak ere 11:00etan: bata Eskoriatzako campusean, non Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ematen duen, eta bestea Aretxabaletako campus berrian, aurtengo ikasturtean estreinatu baitu Ikus-entzunezko Komunikazioa emateko.
Ateak zabaltzeko jardunaldiak Mondragon Unibertsitatea aurrez aurre ezagutu nahi duten etorkizuneko unibertsitarioei zein guraso, irakasle eta bideratzaileei zuzenduta daude. Izan ere, jardunaldiotan, fakultate bakoitzak bere zentroetan eskainitako titulazioak zehatz-mehatz ezagutarazi eta bisitariek izan ditzaketen zalantzak argituko ditu. Mondragon Unibertsitatearen ezaugarriak nabarmendu egingo dira topaketa horietan: enpresekin dituen harremanak, ikasketak eta lana bateratzeko aukera, hezkuntza-eredua, nazioarteko mugikortasuna eta karrera-bukaerako proiektuak, besteak beste.
Unibertsitate aurreko orientazio-jardunaldiak osatzeko, Mondragon Unibertsitateak bere hezkuntza-eredua aurkeztuko du Euskal Autonomia Erkidego osoko ehun ikastetxetan baino gehiagotan.
Jardunaldi horien inguruko argibide gehiago jasotzeko, Mondragon Unibertsitatearen webgunera jo daiteke: www.mondragon.edu/prest edo telefono honetara deitu: 902 110 436.