Irakurriena
- 1. Dikar-ek Ternua erosi du, kooperatibaren hazkundea bultzatzeko eta marka Euskal Herrian errotzen dela bermatzeko
- 2. Kidek 50. urteurrena ospatu du
- 3. Kooperatibak eta ekonomia soziala: gertutik eraldatzen
- 4. Eusko Jaurlaritzak eta Konfekoopek euskal industria-kooperatibismoarekin kontrastatu dute Euskadi 2030 Industria Plana
- 5. Arizmendi Ikastola, Mondragon Mexiko Unibertsitatean
- 6. Fagor Taldeak Tokixan egitasmoa babestuko du, elikadura burujabetzan sakontzeko
Lea Artibai eta Basque Culinary Center, berrikuntzaren alde elkarlanean

Markina-Xemeinen kokatutako Lea Artibai Ikastetxeak urteak daramatza Basque Culinary Center (BCC) erakunde akademikoarekin elkarlanean proiektuak eta ekintzak garatzen. Oraingo honetan, ikastetxeko Elikagaien Industriako Prozesuak eta Kalitatea prestakuntza zikloko bigarren mailako ikasleek BCC-ko Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen Graduko Elikagaien Garapena eta Teknologia espezializazioko laugarren mailako ikasleen proiektuetan parte hartzeko aukera izan dute.
Pasa den azaroan ekin zioten lankidetza-jarduera horri BCC-ko ikasleen proiektuen aurkezpenarekin. Beraiek garatutako bost proiekturen inguruko azalpenak eta xehetasunak eman zizkieten Lea Artibai Ikastetxeko elikagaien industriako ikasleei: Arrain analogoa, Gazta beganoa, Gozagarriak, Ogi-hondakinekin egindako garagardoa eta Olibondo hostoa esnekietan, hain zuzen ere.
Zentro bietako ikasleek elkarlanean, ikastetxeko laborategi eta dastaketa gelan elikagai horiek aztertu eta analizatu dituzte
Ondoren, elikagaietako ikasle bakoitzak egitasmo horietako bat aukeratu zuen bere ekarpena egiteko eta elkarlanean proiektua osatzeko. Helburua bost proiektuetan garatutako elikagaiei ikuspegi zientifikoa gehitzea izan da; hau da, balio erantsia ematea. Horretarako, zentro bietako ikasleek elkarlanean, ikastetxeko laborategi eta dastaketa gelan elikagai horiek aztertu eta analizatu dituzte. Proteina eta gantzen analisiak, analisi mikrobiologikoak, ezaugarri organoleptikoak, elikagaien ehunduraren azterketa, alkohol mailaren neurketak eta beste hainbat prozedura burutu dituzte.
Jarduera honen bidez, ikasleek produktu berriak nola sortu ikasi dute, gastronomia eta aholkularitza teknologikoa uztartuz, ezagutzak partekatuz eta taldean lan eginez. Esperientzia oso atsegina eta aberasgarria izan da bi erakundeen ustetan, eta, beraz, etorkizunean ere lankidetzan aritzeko asmoa adierazi dute.
Lea Artibai Ikastetxeak elkarlana eta berrikuntza nagusitzen diren baloreetan oinarritutako hezkuntzaren aldeko apustua berretsi du
Lea Artibai Ikastetxeak elkarlana eta berrikuntza nagusitzen diren baloreetan oinarritutako hezkuntzaren aldeko apustua berresten du, eta Basque Culinary Center bezalako izen handiko erakundeekin mota honetako proiektuak gauzatzeko aukera ezinbesteko abantaila da bere ikasleen motibaziorako eta hezkuntzarako.