Irakurriena
- 1. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 2. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 3. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 4. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 5. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 6. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 7. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 8. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 9. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 10. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
LANA: merkatu berrietara begira
1962an sortu zen LANA, Leintz Aramaio Nekazari Elkartea. 15 baserritarrek sortutako kooperatiba da, Arizmendiarrieta lagun zutela, eta garai baten 500 bazkide izatera iritsi zen. Helburua, nekazaritza eta abeltzaintza produkzioa handitzeko beharrezko guztia lortu eta eskura jartzea zen. Ibilbide bera mantendu zuen 1990 arte, bi dibisio bereiztuta: basoak eta abereak. Eta bi bazkide mota: bazkide ekoizleak (baserritarrak) eta bazkide eraldatzaileak. Basoaren dibisioa 1964 urtean sortu zen Arrasaten eta ondoren Oñatira pasatu zen 1973an. Egurrarekin lotutako produktu desberdinak egiten zituzten, batik bat enbalaje, eraikuntza eta brikolajera bideratuta.
“Gure ibilbidearen une garrantzitsuenak gogora ekarriz, 1990-92an etapa berri bat hasi zen. Izan ere, LANAren egoera nahiko txarra zen, galera handiekin eta bizirik irauteko zailtasunekin. Horregatik, Korporazioak lagunduta, inbertsio plana definitu eta, Europako joera jarraituta, hiru geruzako taulak egitera ekin genion. Horrez gain, bazkidetza mota aldatu eta lan bazkideak soilik onartu ziren ” dio Mirari Zilaurren, kooperatibaren lehendakariak.
Bideragarritasunari begira, beste mugarri esanguratsu bat 1996-97 urtean eman zen. Zerrategia itxi egin zen eta LANA bigarren transformazioko enpresa bihurtu zen. Horrekin batera, merkatuan ikusgarritasuna handitu zuen eta bezero berriak bereganatu zituen. “1997an sartu nintzen hemen lanean eta gogoan dut orduan hasi ginela komertzial sarea handitzen eta merkatu berrietara joaten” dio lehendakariak. Komertzial gestio propioa definitu zuten garai hartan eta oso emaitza onak lortu zituzten hurrengo urteetan.
Eraldatu, eraiki, balioan jarri
2002an LANA proiektua diseinatu eta martxan jarri zen. 2.100 milioi pezeta inbertitu ziren, planta erabat berriztu zuten, 50 lanpostu berri sortu ziren eta gaur egun duten makineria guztia orduan ezarri zen. Produkzioa, hiru geruzako taulak ekoiztera bideratu zuten eta lehen aldiz internazionalizazioaren estrategia planteatu zuten. “Ez ginen lehiakorrak, izan ere, gure egurra Europatik ekartzen genuen eta transformatu ondoren, berriro Europan saltzen zen. Horregatik, 2005an erabaki zen Txekian planta bat irekitzea eta 2007ko maiatzean martxan jarri zen, gure merkatua han baitzegoen” gaineratu du Kepa Bastida, LANAko zuzendari orokorrak.
Planta berriaren inaugurazioarekin batera, krisialdia gogorra etorri zen, batik bat estatuan eta eraikuntzaren sektorean. “Horren eraginez, Oñatiko plantan larrialdi egoera bizi izan zen baina zorionez, finantza aldetik oso ondo geunden eta poliki-poliki aurre egin genion krisiari” dio Bastidak.
Egungo egoera eta erronkak
Urte hauetan produkzio ahalmena handitu dute Txekia zein Oñatiko plantetan, merkatu berrietan sartu dira eta gainera, erreferenteak dira merkatuan: hiru geruzako tauletan bigarren ekoizleak Europa mailan. 2018an, negozioa dibertsifikatu eta pelletaren ekoizpenari ekin zioten eta aurten inbertsio berri bat egitea onartu dute. “Datorren urtean 11 milioi euro inbertitzeko asmoa dugu, bi plantetan, eta helburua produkzio ahalmena igotzea da, nolabait bezeroen beharretara egokitzeko”.
Fakturazioari dagokionez, 2011an 18 milioiko fakturazioa lortu zuten bi plantetan eta urtero gora eginez, aurten 60 milioitik gora espero dute. Hauetatik, %33 estatuan saltzen da eta gainerakoa Europan. Bezeroak bi motakoak dira: eraikuntzako ekoizleak (ULMAko tableroak, adibidez) eta eraikuntzako materialaren banatzaileak. Merkatuari dagokionez, egungo eskaerak ondo erantzutea da lehendabiziko helburua eta, era berean, merkatu berriak aztertu eta horietan produktua saltzea.
Gizarte erantzukizuna
Kooperatiba izaerarekin bat eginez, egitasmo ezberdinak laguntzen ditu LANAk, batik bat Oñati eta inguruko herrietan, besteak beste: bailarako kirol taldeak, eta beste kirol egitasmo batzuk. Eta zentzu berean ari dira Txekian ere, eta inguruko herrietan dauden kirol taldeak babesten dituzte. “Modu berean, ekintza ezberdinen bitartez, kooperatibaren zentzua eta gure oinarria erakutsi nahi diegu txekiarrei. Iaz hamar urte bete genituen eta festaren bitartez langileak eta beraien familiak inplikatzea izan zen gure helburua”.