LABORAL Kutxak eta SEAk hitzarmena berretsi dute

Arabako enpresen elkartea da SEA, eta berau osatzen duten enpresek baldintza berezietan jasoko dituzte banku-produktuak eta zerbitzuak. SEAk espero du akordio honi esker Arabako enpresek ahalik eta ondoen aurre egitea etorkizun ekonomiko konplexuari.
Card image cap
Susana Andres eta Pascal Gomez, Laboral kutxa eta SEAko kideak, hurrenez hurren.
2022/10/27

LABORAL Kutxak eta SEA Arabako Enpresa elkarteak lankidetza-hitzarmena berritu dute. Hala, Arabako enpresa elkarteari atxikitako enpresei hainbat zerbitzu ematen zaizkie, baldintza berezietan, baita finantzaketa-lerro bereziak ere.

Bi erakundeen arteko hitzarmena SEAren Gasteizko egoitzan sinatu da. Euskal finantza-erakundearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena garrantzi handikoa da Arabako enpresentzat, batez ere «enpresarik txikienentzat, horiek izaten baitituzte ezinbesteko duten finantzaketa lortzeko zailtasunik handienak», Pascal Gomez SEAko lehendakariak hitzarmena sinatzeko ekitaldian azaldu duenez.

Ikerfel erakundeak eginiko galdetegi baten arabera, enpresek 8,2ko nota jarri diote LABORAL Kutxak enpresa-arloan duen profesionaltasunari

Bestalde, LABORAL Kutxa kreditu-kooperatibaren ordezkariak, Susana Andres zuzendari komertzialak, hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du, eragileen borondateak bateratzeko beharraren erakusgarri: «Elkarrekin, Arabako lurraldeko ekonomia bultzatzeko ahalmen handiagoa izan dezakegu, batik bat ingurune globalean hainbat mehatxu daudela kontuan hartuta; besteak beste, Ukrainako gerra eta haren ondorioak hornidura-arazoak eta oso inflazio handia eragiten ari dira».

Halaber, entitateak enpresa bezeroei ematen dien zerbitzuaren kalitatea nabarmendu du Susana Andrések. Ikerfel kanpoko aholkularitza-enpresak orain gutxi egindako azterlan baten arabera, enpresek 8,2ko nota jarri diote LABORAL Kutxak enpresa-arloan duen profesionaltasunari. Arabako enpresentzat une garrantzitsua delarik berritu da hitzarmena.

Izan ere, urteko azken txanpan daude enpresak, eta, lehengaien eta energiaren prezio handien ondorioz, marjinak gero eta txikiagoak dira. Gauzak horrela, SEAko lehendakariak espero du LABORAL Kutxarekin sinatutako lankidetzak aukera emango duela ziurgabetasunez betetako egoerari ahalik eta ondoen aurre egiteko, aurreikuspen guztien arabera datorren ekitaldian ere bere horretan jarraituko baitu egoerak.

Sinatutako akordioaren atal batean, prestakuntza-jarduerak eta ekintzailetzara bideratutako ekintza-lerro bat ere jaso dira

LABORAL Kutxak SEAko enpresa elkartekideei laguntzen jarraituko du, LABORAL Next doako aholkularitza-zerbitzuaren bidez. Zerbitzu horrek enpresen eskura jartzen du Europako Next Generation EU funtsek ematen dituzten aukerei buruzko informazio guztia.

Sinatutako akordioaren atal batean, prestakuntza-jarduerak eta ekintzailetzara bideratutako ekintza-lerro bat ere jaso dira. Gaztenpresa, LABORAL Kutxaren enplegurako fundazioa, arduratuko da horretaz.

Ekimenak ekintzaile berriei doako laguntza integrala emango die, ekintzailetza-prozesuaren fase guztietan.

SEA-LABORAL Kutxa 2022 hitzarmenaren produktuak eta zerbitzuak: KOI lerroa, Energia-efizientziako proiektuetarako finantzaketa, Finantza-berregituraketa, Confirming lerroak, EIFren mikrokredituak, Next Generation EU funtsen dirulaguntzen aurrerakina eta inbertsioetarako finantzaketa.

Banketxea