Irakurriena
- 1. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 2. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 3. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 4. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 5. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 6. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 7. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 8. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 9. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 10. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
LABORAL KUTXAk eredu omnikanala eta eraldaketa digitalaren aldeko apostua egin du
LABORAL Kutxak Ohiko Batzar Nagusia egin zuen larunbatean, apirilaren 21ean. Arauz finkatutakoaren arabera, 2017ko ekitaldiko urteko kontuak eta gai-zerrendan proposatutako gainerako gai guztiak onetsi zituzten. Donostiako Kursaal Jauregiko entzunareto nagusian bildu ziren euskal kreditu-kooperatibako bazkideek joan den urtean egindako gestioa berretsi zuten aho batez. Jarraian, 2018 honetarako zehaztutako jardunbide nagusiak ezagutzeko aukera izan zuten.
LABORAL Kutxako zuzendari nagusi Julio Gallastegik iaz lortutako emaitzen meritua nabarmendu zuen. Izan ere, interes-tasen egoeraren ondorioz ohiko banku-negozioa sortzea zaila izan arren, LABORAL Kutxak 121,4 milioi euroko zerga ondorengo irabazia lortu du; hau da, 2016an baino % 9,1 handiagoa.
Jardueraren zenbatekoei dagokienez, LABORAL Kutxak ekitaldi ederra itxi du. Baliabide bitartekotuek % 5 egin dute gora, eta balantzetik kanpoko figurek % 10eko hazkundea izan dute. Kreditu-inbertsioari dagokionez, behin betiko joera-aldaketa ikusten da, kreditu-formalizazioetan izan diren hazkunde handiei erreparatuz gero: etxebizitza erosteko hipoteka-kredituek, adibidez, % 10,2 egin dute gora eta merkataritza-helburuetako formalizazioek, berriz, % 12,5.
Etorkizuneko estrategia
Ondoren, Txomin Garcíak, LABORAL Kutxako lehendakariak, hitz egin zuen. LABORAL Kutxak aurrean dituen erronka estrategiko nagusietako batzuk zerrendatu zituen mandatudun donostiarrak, eta berme osoz gainditzeko gakoak ere azaldu.
Hitzaldian, Garcíak kapital-eskakizunak garestitzen dituen arau-presioaren pean dagoen banku-ingurunea irudikatu du. Ildo beretik, etorkizun hurbilean eragin zuzena izango duten arau berriak ere aipatu ditu; adibidez, datuak babesteko legea, PSD2 zuzentaraua, higiezinetarako kreditu-kontratuak arautzeko lege berria, bai eta arriskuen kontrolerako informazioko txostenak, erakundeek organismo ikuskatzaileei helarazi beharrekoak, hala nola Kapitalaren eta likideziaren autoebaluzio-txostena (IACL) edota arriskurako grinari buruzkoa (RAF eta RAS). Eskakizun horiek guztiak betetzeko egokituko ditu LABORAL Kutxak bere egiturak eta prozesuak.
LABORAL Kutxako lehendakariak digitalizazioaren harira azaldu duenez, «ingurune lehiakorragoan eskari berriei erantzuna emateko goitik beherako eraldaketari heldu behar diogu; izan ere, egoera horretan, teknologiak bezeroarekiko harreman-eredua birdefinitzeaz gain, negozio-eredua bera ere eraldatzen du». Txomin Garcíaren hitzetan, LABORAL Kutxaren erantzuna «omnikanalitatea da; alegia, eredu hibridoaren bidez, bulego fisikoa eta pertsonen eginkizunak estrategia multikanalera egokitzea».
Hiru izango dira, LABORAL Kutxako lehendakariaren ustean, entitatearen datozen urteotako lehentasunak: gestio komertziala, eraldaketa digitala eta pertsonen gestioa.
LABORAL Kutxak proiektu estrategiko eraldatzaileak ditu zehaztuta alor horietako bakoitzean. Hitzaldia amaitzeko, Txomin Garcíak etorkizunari begirako konfiantza adierazi du; izan ere, beraren esanetan «gure printzipio eta balio kooperatiboetatik abiatuta, eta eredu omnikanalaren bidez, bezeroentzako balioa sortuko dugu».
2018ko Gestio Plana
Ondoren, Julio Gallasteguik 2018rako gestioaren norabidearen zehaztu. Berak adierazi zuenez, hiru aldagai garrantzitsuk baldintzatuko dute negozio errepikariaren errentagarritasuna: kredituaren bilakaerak, interes-tasek eta berankortasunak.
Gallasteguik kreditu-inbertsioa pixkanaka hobetuko delako konfiantza adierazi du. Beraren esanetan, kurben atzean ezkutatzen diren interes-tasek 2018an eragin txikia izango duen igoera apala agertzen dute, eta etorkizuneko hazkunde moderatua iragarri. Halere, berankortasunaren alorrean portaera hobea izango delakoan dago.
Salmenta-sarearen jarduera komertzialari dagokionez, honako hauetara zuzendutako ikuspegia adierazten dute 2018ko gidalerroek: merkataritza-negoziora; aseguruen merkaturatzera; eta emaitza-kontua hobetzen eta pasiboa balantzetik kanpoko bitartekotza-figuretara dibertsifikatzen lagunduko duten bestelako zerbitzuetara. Entitateak hori guztia lortzeko aseguru- eta finantza-aditu talde handia duela adierazi du LABORAL Kutxako zuzendariak. Bezeroek ondo baloratzen dituzten profesionalak dira, aholkularitza-eginkizuna betetzeko kalifikazio egokia dutenak.