TUlankide MONDRAGON

LABORAL Kutxak Berriup ekimenarekin sinatu du hitzarmena

2019/12/27

LABORAL Kutxak aholkularitza eskainiko du negozio-ereduak zehazteko eta start upen nazioartekotzea bideratzeko.
LABORAL Kutxak Berriup ekimenarekin sinatu du hitzarmena

Berrikuntza, sormena eta finantza-zehaztasuna bateragarriak dira. LABORAL Kutxa eta BerriUp enpresen azeleratzailea elkartu egin dira Euskadiko start upen ekosistemari bultzada emateko.

Finantzaketa da enpresa berritzaile berriek aurrean izaten duten erronka nagusietako bat; izan ere, enpresen beharrak eta banku-erakundeen eskemak sarritan ez dira bat etortzen.

Euskal kreditu-kooperatibaren eta BerriUp enpresen azeleratzailearen arteko hitzarmenak etorkizunera begiratzen du. Bi aldeek malgutasuna lehenetsiko dute, eta baterako lanak aurrera egin ahala lankidetza-ildoak zabaltzen joateko asmoa dute. Óscar Muguerza LABORAL Kutxako Enpresen Negozio Garapeneko zuzendaria pozik azaldu da protokolozko sinadura-ekitaldiaren ostean: «hitzarmen honek berretsi egiten du berrikuntza eta gure enpresa-ehunean dagoen ezkutuko talentua sustatzeko gure konpromisoa». Patricia Casado BerriUpeko zuzendariak azpimarratu duenez, «LABORAL Kutxaren ekarpenari esker, start upek aukera izango dute azkarrago hazteko eta aurreikuspen hobeekin iristeko merkatura».

Hala, hitzarmenaren bidez, BerriUpen inguruko start upek lehentasuna izango dute LABORAL Kutxak ekintzailetzara bideratzen dituen tresna guztiak eskuratzeko, besteak beste, aditu-taldea, negozio-ereduaz, zergez edo nazioartekotzeaz aholkatzeko, produktuen katalogoa eta neurrirako zerbitzuak.

Finantzaketaren arloan, hain zuzen, berrikuntza finantzatzeko lerro berezia —InnovFin— jarriko da start upen eskura. 3 urterako kreditu-kontuak eta 10 urtera arteko maileguak eskainiko ditu, 25.000 eurotik 7,5 milioi eurorainokoak, berme gehigarrien beharrik gabe.

Era berean, BerriUpekiko lankidetza bat dator LABORAL Kutxaren estrategiarekin, finantza-erakundeak aukera izango baitu talentua eta berrikuntza antzeman eta horietara hurbiltzeko banku-digitalizaziorako oso garrantzitsuak diren eremuetan, hala nola adimen artifizialean, zibersegurtasunean edo blockchain delakoan.

Zabalik da BerriUpen 10. programarako deialdia

Joan den azarotik martxan da proiektu berriak erakartzeko BerriUpen 10. deialdia. Azelerazio-programarako ekimen berritzaileak biltzea da asmoa, edozein enpresa-sektore edo ekintza-eremutakoak. Hitzarmenaren arabera, BerriUp programak LABORAL Kutxaren laguntza izango du fase guztietan. Adituen epaimahaiak baloratuko ditu datorren urtarrilaren 19ra arte jasoko diren proposamen guztiak. Ondoren, ekitaldi publiko batean emango dira jakitera irabazleen izenak.

Hautatutako proiektuek aukera izango dute lau hilabetez laguntza pertsonalizatua eskainiko dien programa hasteko, eta 50.000 euroko zuzkidura jasoko dute enpresaren % 10eko partaidetzaren truke. Aukeraturiko proiektuak BerriUpen coworkingerako gunean landuko dituzte 16 astez, negozio-eredua balioztatzeko. Gainera, hautatutako ekintzaileek mentore adituen taldea izango dute ondoan, eta prozesu osoan zehar laguntza pertsonalizatua jasoko dute haiengandik.

BerriUp Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo enpresen azeleratzaile pribatua da. 2015. urtean sortu zuten eta 80 lanpostu baino gehiago sortzen lagundu du, 23 enpresa sustatu ditu eta sei enpresa Zuatzuko enpresa-parkean duen egoitzan daude kokatuta. Garatzen hasteko fasean dauden eta hazteko aukera duten enpresa-proiektuetara bideratuta dago azelerazio-programa.

Eguraldia
Astelehena 24 Min: 3
Max: 23
Asteartea 25 Min: 7
Max: 14
Asteazkena 26 Min: 6
Max: 11
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak