Irakurriena
- 1. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 2. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 3. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 4. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 5. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 6. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 7. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 8. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
- 9. Gerodanek MONDRAGONen egoitza nagusiko ekipamendu proiektu berria garatu du
- 10. "Jaguar Land Roverrek funtsezko laguntzaile teknologikotzat hartzen gaitu"
Laboral Kutxak 50 milioi bideratuko ditu gizarte ekonomia bultzatzera
LABORAL Kutxak 50 milioi euro bideratuko ditu gizarte-ekonomia indartzera. EaSI Soziala lerro berria Europako kopuru handienekoa da, eta gizarte-inpaktu positiboa duten enpresek sustatutako proiektuetarako mailegu eta kreditu-kontuak ematea izango du helburu. Europar Batasunak finantzatzen duen Enplegu eta Gizarte-berrikuntzarako Programan(EaSIn) txertatutako berme batean oinarritzen da ekimena. Programa aurkezteko ekitaldia atzo egin zen Bilbon, eta gizarte-ekonomiaren alorreko ordezkaritza zabalak hartu zuen parte bertan.
Eusko Jaurlaritzako ordezkari instituzionalek eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako gizarte-ekonomia osatzen duten erakunde nagusietako ordezkariek adierazi diote babesa LABORAL Kutxaren ekimen berriari.
Xabier Egibarrek, LABORAL Kutxako Negozioaren Garapeneko zuzendariak, kreditu-kooperatibak gizarte-esparrua bultzatzeko duen konpromisoa nabarmendu du: «Finantzaketa-lerro berri horrekin, bestelako banka baten aldeko apustua berresten dugu berriro, gizarte bidezkoagoa eta kohesionatuagoa ahalbidetzen duten enpresei laguntzen dien bankaren aldeko».
Cristina Dumitrescu, Europako Inbertsio Funtsaren investment managerra, pozik agertu da gizarte-esparruan ari diren enpresentzako finantza-euskarria izateko LABORAL Kutxak duen konpromisoarekin. Beraren esanetan, entitatea «bidaide ezin hobea da, ikuspegi kooperatiboa eta enplegua sortzeko ikuspegia biltzen baititu gizarte-ekonomia indartzen laguntzeko lanean».
Prentsa-oharra
Esku-hartzeen txanda amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak aurten gizarte-ekonomiara bideratuko dituen laguntzen programa nabarmendu du sailburu María Jesús San Josék. «4 milioi ingurura iritsiko gara, eta, aurreikuspenen arabera, 850 enplegu berri sortuko dituzten 230 enpresa-proiektu bideratuko ditugu. 2016ko kopuruekin alderatuta, % 17 ingurukoa izango da hazkundea».
50 milioi euro gizarte-inpaktu positiboa lortzeko
Eskabidea egiten duen enpresa bakoitzak gehienez 500.000 euro eskuratuko ditu hitzarmenaren bitartez, proiektuak aurrera eramateko. Maileguak eskuratzen dituzten enpresek 10 urteko epea izango dute itzultzeko, eta 3 urtekoa kreditu-kontuak eskuratzen dituztenek. Ez zaie hipoteka-bermerik eskatuko, eta hitzarmenetik kanpo geldituko dira birfinantzamendu-eragiketak. Hitzartutako zenbateko osoa (50 milioi euro) 30 hilabeteko epean emateko konpromisoa hartu du LABORAL Kutxak.
Finantzaketa-lerro berri horren hartzaileek 30 milioi euro baino gutxiagoko bolumena egiaztatu beharko dute salmentetan eta balantzeko aktiboetan. Forma juridikoari dagokionez, gizarte-ekonomiaren alorreko enpresak izango dira: kooperatibak, lan-sozietateak, arrantzaleen kofradiak, mutualitateak, gizarteratze-enpresak eta enplegu-zentro bereziak, edota jarduera ekonomikoren bat duten fundazioak eta elkarteak.
Ekimenak gizarte-inpaktu positiboa eta neurgarria lortu nahi du, eta, horrenbestez, sortutako inpaktua neurtzeko adierazle batzuk zehaztu dira, finantzaketa eskatu duen erakundeak jorratzen duen jarduera motaren arabera.
Lau jarduera-arlo finkatu dira:
1.– Gizarteratzea.
2.– Osasuna.
3.– Ezagutza eta irakaskuntza.
4.– Industria-, ekoizpen- eta nekazaritza-alorreko enpresak, eta beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituztenak.