Laboral Kutxak 222 milioiko zerga ondorengo irabazia lortu du 2023an

Beste urtebetez, bere merkatuko entitaterik kaudimendunena da Laboral Kutxa, % 23,85eko CET1 kapital-ratioarekin
Card image cap
Laboral Kutxaren bulegoak, Arrasaten.
2024/02/19

2023ko protagonista ekonomiko nagusia inflazioa izan da, bai eta, horren ondorioz, banku zentralek inflazioa geldiarazteko hartu dituzten neurriak ere. 2022ko uztailetik tasak 10 aldiz igo ondoren, Europako Banku Zentralak % 4,5ean kokatu du finantzaketa-eragiketa nagusien interes-tasa, eta horrela jarraitzen du joan den irailetik, inflazio-mailak % 2 ingurura noiz itzuliko zain.

Banku-negozioaren esparruan, diru-politikaren aldaketak finantza-erakundeen ustiapen-kontuen marjina zabaltzea ekarri du. Orobat, Laboral Kutxak igoera nabarmenak lortu ditu bere negozio-eremu nagusietan ere, bai familiei eta enpresei emandako kredituen atalean, bai aurrezkiaren atalean.

Testuinguru ekonomiko horren eta ekitaldiko bultzada komertzialaren ondorioz, Laboral Kutxak 222,7 milioi euroko zerga ondorengo irabazi bateratuekin itxi du 2023. urtea; horrenbestez, baliabide propioen errentagarritasuna (ROEa) % 10,78ra igo da. Emaitza on horiei esker, Laboral Kutxak berretsi egin du bere posizio sendoa, eta erakunderik kaudimendunena izaten jarraitzen du, arrisku-politika egokia, kapitalizazio-maila handia eta likidezia-posizio lasaia dituelako.

Laboral Kutxak berretsi egin du bere posizio sendoa, eta erakunderik kaudimendunena izaten jarraitzen du

Hortaz, 2023an zehar, balantzea are gehiago indartzea lortu du Laboral Kutxak, kaudimenari dagokionez, eta CET1 ratio liderra du, % 23,85eraino igo ondoren; hori dela eta, alde nabarmena ateratzen die bere eragin-merkatuan lehiatzen diren erakunde guztiei. Halaber, MONDRAGONeko kreditu-kooperatibak hobetu egin du bere likidezia-egoera ere; hain zuzen, % 66,28koa da, LTD (Loans to Deposits) ratioaren arabera. Bestalde, entitateak kreditu-kalitate bikainari eusten dio; izan ere, zalantzagarritasun-tasa egonkorra du, % 2,70ekoa, eta ez da inolako narriadura-zantzurik hautematen.

Laboral Kutxak 2023an izan dituen emaitzen inguruko informazio gehiago honako estekan: laboralkutxa.com

Banketxea