LABORAL Kutxa eta Dikar Arrasate Udalatx mendi lasterketaren X.edizioaren babesle nagusi izango dira

Larunbatean, otsailaren 28an, jokatuko da Arrasate Udalatx mendi lasterketaren hamargarren edizioa. Aurtengoa ospakizun eguna izango da, urte hauetan guztietan lasterketa posible egin duten korrikalari, boluntario eta laguntzaile guztien lana eta konpromisoa aitortuko baita. Goizeko 9:30ean abiatuko da, urtero legez, herriko plazatik, eta 400 korrikalari baino gehiago izango dira irteera puntuan. Aurten, beste behin, lasterketak LABORAL Kutxaren eta Dikar kooperatiben babesa izango du. Arrasateko Udala ere babesle nagusi izango da.
Card image cap
Antolatzaileak Arrasateko alkatearekin lasterketaren aurkezpenean.
2026/02/24

Urtez urte sendotuz eta haziz joan den lasterketa honek bere nortasunari eusten dio: mendi proba teknikoa, baina aldi berean gertukoa, herritik sortua eta herriarentzat egina. X. edizioa, ordea, urrats bat harago doa, indar berritua, irudi berria, berrikuntzak eta ospakizun giro berezia eskainiz.

Ibilbide berria

Lasterketak 22 kilometroko ibilbidea eta +1.400 metroko desnibel metatua izango ditu; Anporreta, Meatzerreka eta Udala auzoa zeharkatuz eta lehen aldiz Udalatx tontorreraino igota. Mendi proba teknikoa bihurtzen du ibilbide berriak eta segurtasun neurri bereziak hartu ditu antolakuntzak. Hala nola, eremu neutralizatua, derrigorrezko materialaren erabilera eta denbora muga berriak.

Urtero bezela, Goiena telebista eta Goiena.eus atarian zuzenean emango da, baina zuzeneko emanaldia indartuta dator. Aurten EITBren telebistan eta bere plataforma digitalean jarraitu ahal izango da, 9:30etik aurrera. Zehazki, goizez ETB4n eta KIROLAKEITB.EUS en lasterketa zuzenean emango da. Arratsaldeko 15:00etan, aldiz, ETB1en errepikapena eskainiko da

Zuzeneko emanaldia EITBn eta Goienan

X. edizio honetan, Arrasate Udalatx Mendi Lasterketak proiekzio berezia izango du. Urtero bezela, Goiena telebista eta Goiena.eus atarian zuzenean emango da, baina zuzeneko emanaldia indartuta dator. Aurten EITBren telebistan eta bere plataforma digitalean jarraitu ahal izango da, 9:30etik aurrera. Zehazki, goizez ETB4n eta KIROLAKEITB.EUS en lasterketa zuzenean emango da. Arratsaldeko 15:00etan, aldiz, ETB1en errepikapena eskainiko da. Telebista eskaintzak lasterketari oihartzun handiagoa emango dio, lasterketako irudi ikusgarriak Euskal Herri osora zabalduta.

Kooperatiba ugariren babesletza

Asko dira, oraingo edizioan, antolatzaileei eta lasterketari babesa eskaini dieten MONDRAGONeko kooperatibak. LABORAL Kutxa, Dikar, Soraluce, Lana, Eroski, Krean eta Gsr, esaterako, babesletzan izango dira, beste enpresa eta erakunde batzuekin batera. Hala, guztiek bat egin dute babesle nagusi den Arrasateko Udalarekin, eta noski, antolatzaile nagusi den Mondraitz kirol klubarekin.

X. urteurreneko jaia

Bestalde, kirolaz harago, ospakizunerako tartea ere izango da. Egun osoan zehar Sebero Altube plazan karpa berezia egongo da egitarau bereziarekin. Goizean zuzeneko emanaldia emango da bertan, eta X. urteurreneko jaia 18:00etatik aurrera hasiko da. Arratsaldeko 20:00etan DJ Goikolearen emanaldiarekin, lasterketa eta festa uztartuko dituen giro berezia sortuko da gauerdira arte.

Ia 500 korrikalari

491 korrikalari daude deituak irteera puntura. Horietatik, 170 arrasatearrak dira, eta guztira 323 korrikalari Gipuzkoakoak, herriko eta lurraldeko sustrai sendoak erakutsiz. Bestalde, lasterketak Espainiar Estatuko 17 probintziatako ordezkaritza izango du, eta horrek agerian uzten du Udalatxen proiekzioa Euskal Herritik harago ere zabaltzen ari dela. Generoari dagokionez, 67 emakumek parte hartuko dute aurten, urtetik urtera gorantz doan parte-hartzea izanik. X. edizio honetan maila handiko parte-hartzea izango da, eta lehia estua aurreikusten da bai emakumezkoen zein gizonezkoen kategorietan. Emakumezkoen artean, Naiara Irigoyen izango da faborito nagusietako bat. Harekin batera, aurreko postuetan ibiltzeko hautagai sendoak izango dira Carrodilla Cabestre (Oskako korrikalaria), Oihana Zubillaga, Nerea Urteaga eta Leire Uribe, maila handiko korrikalariak guztiak.

Gizonezkoen kategorian, Ibai Larrea izango da erreferentzia nagusia. Azken edizioko garailea izanik, faborito gisa irtengo da. Hala ere, lehia estua aurreikusten da, besteak beste, Gontzal Murgioitio, Alain Santamaria, Lluís Puigvert, Oier Zubeldia eta Paul Ormaetxea bezalako korrikalariekin. Irabazleek, emakumezko zein gizonezkoen kategorietan, txapela, garaikurra eta 600 euroko diru-saria jasoko dituzte. Horrez gain, urtero bezala, beteranoen kategoriako sariak ere banatuko dira, bai emakumezkoen zein gizonezkoen artean, eta lehen arrasatearrak ere aitortza eta saria izango du.

Bestalde, antolakuntzarentzat berezia den Joseba Iglesias saria ere banatuko da, Udala eta Udalatx tontorrerako igoera azkarrenak egiten dituzten emakumezko eta gizonezkoentzat. Sari honek, gainera, 150 euroko diru-saria izango du.

Antolakuntzak, lasterketa egunera begira ohar batzuk helarazten ditu: Dortsalak Arrasateko Intersport Loramendin jaso ahal izango dira lasterketa atariko asteazken, ostegun eta ostiralean. Lasterketa egunean, goizeko 8:00etatik 9:00etara banatuko dira Sebero Altube plazako karpan. Igande goizean Udala auzoko trafiko arazoak saihesteko, Arrasate Udalaren laguntzaz autobus zerbitzua eskainiko da 7:30etik 13:30era. Goizean zehar Udala auzora igotzeko errepidea itxita egongo da; beraz, bertaratzeko autobusa edo oinez joatea gomendatzen da. Mondraitz Kirol Klubetik, babesle, laguntzaile eta boluntario guztiei esker ona adierazi nahi diete; haien lanik gabe ezinezkoa litzateke halako ekitaldi bat antolatzea. Herritar guztiei, berriz, egun berezi honetaz gozatzera ateratzeko deia egiten diegu: mendian zein herriko kaleetan, kirol eta giro aparta bizitzeko aukera paregabea izango da. 

Mendirako arropa ekoizten duen euskal marka.

Finantza eta aseguru zerbitzuak.