"Teknologia eta Eraldaketa Digitala gaurko eta etokizuneko errealitate dira Kiden"

Txemi Viedma, Eraldaketa Digitaleko arduraduna da Kiden. Berriatuako kooperatibak Eraldaketa Digitala nola ari den kudeaten kontatu digu honako elkarrizketan.
Card image cap
2024/05/08

Elkarrizketari ekiteko, zuri buruzko gauza gehiago jakitea gustatuko litzaiguke. Zer eskarmentu duzu eraldaketa digitalaren arloan, eta zein da, zure ustez, proiektu honetan izango duzun erronka handiena?

Nire kasuan, esan genezake bizitza profesional osoa daramadala Eraldaketa Digitalerako lanean, eta dagoeneko 30 urte baino gehiago dira. Hainbat enpresatan ibili naiz lanean: ETEetan zein korporazio handietan. Eta askotariko rolak jokatu ditut, baina guztiak informazioaren teknologiekin lotutakoak: sistema informatikoen buru izan naiz, salmenta osteko zerbitzuko informatika zuzendaria, eraldaketa digitaleko zuzendaria...

Prozesua gogorra eta konplexua da, baina ilusio handiz ekin diogu erronkari, beharrezko baliabideak erabiliz eta konpainiaren “bisioan” teknologia eta Kide eskutik joango direla argi izanda

Mondragon Eraikuntza dibisioan hasi naizenetik, enpresei euren Eraldaketa Digitalerako prozesuan laguntzen diet. Zeregin hori egiten dut, oraintxe, nola Kiden, hala Etorkin eta Lanan.

Eraldaketa digitalerako plan handinahi bat osatzen ari da Kide. Zertara dator erabaki hau?

Geroz eta digitalizatuagoa eta lehiakorragoa den industria testuinguru honetan, argi daukagu Eraldaketa Digitalaren arloan aurrerapausoa ematea oso mugimendu garrantzitsua dela konpainiak datozen urteetan izango duen hazkunderako.

Kidek kalitatearen eta bezeroari eman beharreko zerbitzuaren alde egiten duen apustua irmoa da.

Gure prozesuen Eraldaketa Digitalak –nola barne prozesuena hala gure bezeroekin harreman puntu direnetan– halabeharrez ekarriko du gure produktuen eta konpainiak eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea hobetzea. Azken batean, teknologiak lagundu egingo digu gure enpresa lehiakorragoa izan dadin, bai eta merkatuan dugun balio bereizgarria hobetzen ere.

Enpresaren digitalizazioak zer abantaila ekartzea espero da? 

  • Zerbitzua hobetzea: teknologia digitalen bitartez, gure bezeroek online zerbitzuen karpeta bat izango dute, eta hori oso lagungarria izango zaie eurek euren azken bezeroei eskaintzen dizkieten zerbitzuak hornitzeko. Hala, gure etorkizuneko online plataforman besteak beste honako zerbitzu hauek egongo lirateke gure bezeroen eskura: Kideri erositako produktuen osagaiak ikusteko zerbitzuak, bermeen kudeaketa, ordezko piezen eskaera, eskaerei egindako jarraipena, produktuaren trazabilitatea, etab.
  • Produktuaren kalitatea: gure prozesuak tresna digital aurreratuekin kudeatuz gero, ekoizpen prozesuen eta kudeaketa prozesuen kontrol handiagoa izango dugu, eta horren ondorioz, gure azken produktu eta zerbitzuen kalitatea handiagoa izango da. Horrekin lotuta, ekoizpena kudeatzeko tresna aurreratuak ezartzeak (MES sistemak) trazabilitate eta kalitate kontrol handiagoa ahalbidetuko du gure ekoizpen sistemetan. Era berean, gure hotz sistemen funtzionamendua eta errendimendua online monitorizatzeko tresnak ezarrita, produktu lerro horren kalitate eta kontrol estandarrak handituko dira.
  • Zerbitzuaren kalitatea: sektore honetan hainbesteko balioa duten alderdiak −hala nola erantzun denbora edo entrega epeak− hobetu egingo dira, gure barne prozesuetan eraginkortasun handiagoa emango duten tresna digitalak erabilita.

Plan hau gauzatzeko, beharrezkoa izango da bai inbertsio ekonomikoa bai langileena?

Kidek inbertsio plan indartsu bat dauka, Eraldaketa Digitalaren proiekturako diru sail garrantzitsu bat barne hartzen duena. Proiektu horren bidez, besteak beste, teknologian egin beharreko inbertsioak eta arlo teknologikoen gaitasun teknikoak indartuko dira. Argi dugu negozio helburu handinahiak lortzeko, gure ekintza planak neurri berean izan behar duela handinahia.

Noizko dago aurreikusita martxan jartzea? Eta noizko amaitzea?

Esan genezake Kidek dagoeneko hasi duela bere Eraldaketa Digitalerako prozesua. 2021. urtean zehar Digitalizazio Plan bat egin genuen, hurrengo hirurtekorako, eta hor jaso genituen enpresaren Eraldaketa Digitalerako helburuak. Amaitze datari dagokionez, teknologia digitalek zer-nolako abiaduran aurrera egiten duten ikusita, esan genezake Eraldaketa Digitala geratzeko etorri den prozesua dela. Oraingo plana, aurreikuspenen arabera, 2025. urte amaieran bukatuko da, baina esan bezala, amaierarik gabeko prozesua da honako hau.

Argi dugu negozio helburu handinahiak lortzeko, gure ekintza planak neurri berean izan behar duela handinahia

Zein dira eraldaketa digital horren etapak?

Digitalizazio Plana amaitu ondoren, konpainiaren sistema digitalak berregituratzeko eta modernizatzeko etapa batean murgilduko da prozesua. Horretarako, beharrezko aliantza estrategikoak egin dira, azken belaunaldiko plataforma teknologiak eskuratzeko. Eta barne baliabideak erronka teknologiko berrietarako gaitzen ere ari gara.

Bigarren fasean, balio erantsi handiko soluzio digitalen inplementazioa landuko da, kalitatea eta eskainitako zerbitzua hobetzeko eta, hartara, gure marka irudia indartzeko.

Zein izango dira eraldaketa digital honetarako lehentasunezko sail edo zerbitzuak?

Hasi dugun Eraldaketa Digitalerako prozesua erabat zeharkakoa da, eta enpresako sail guztiei eragiten die. Egia da sail batzuetan eragin handiagoa izango duela, gertatuko diren aldaketak sakonagoak izango baitira, baina sail guztiek parte hartuko dute prozesu honetan, neurri handiagoan edo txikiagoan.

Hala, besteak beste, ekoizpenaren, merkataritzaren, logistikaren... arloek ikusiko dute beren egungo prozesuak tresna digitalak erabiliz hobetu egiten direla, eta prozesu horien kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea lortuko dute.

Behin digitalizazioa osatuta, zer eragin izango du horrek Kidek eskaintzen dituen zerbitzu eta produktuetan? Zer eragin izango du zuen oraingo eta etorkizuneko bezeroengan?

Lehen esan dudan bezala, oraintxe bertan oso itxaropentsu gaude. Bezeroaren ikuspegitik, espero da hark balio bereizgarria aurkitzea Kidek zerbitzu digitalen bidez eskaintzen dion zerbitzuan.


Eta gure bezeroei eskaini nahi dizkiegun balioak dira honako hauek ere: informazioa online eskuratzea, baita enpresa zerbitzuak ere, erantzunetan bizkorrak izatea, etab.

Produktuei dagokienez, oso konektagarriak, irisgarriak eta zerbitzu digitalen bidez kudeagarriak izatea nahi dugu.

Horrek guztiak, beste faktore batzuekin batera –hala nola berrikuntza, %100 nazionala den ekoizpena edo sektorean dugun esperientzia–, posizio indartsua emango digu hazten jarraitzeko.

Datu zehatzen bat edo iruzkinen bat gehitu nahi duzu?

Ondorio gisa, azpimarratu nahi nuke erabat sinetsita gaudela teknologia digitalak ezinbesteko bitartekoak direla Kideren bilakaerarako eta geratzeko etorri direla. Prozesua gogorra eta konplexua da, baina ilusio handiz ekin diogu erronkari, beharrezko baliabideak erabiliz eta konpainiaren “bisioan” teknologia eta Kide eskutik joango direla argi izanda. Mondragon taldean, garrantzi handia eman zaio Eraldaketa Digitalari, eta Kiden ere proiektu arrakastatsua izatea espero dugu.

 

Hotz ganberak