Kooperatibismoa ispiluaren aurrean: Etorkizuna pentsatu, iraganetik ikasiz

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak "kooperatibismoa ispiluaren aurrean: Etorkizuna pentsatu, iraganetik ikasiz" izenburupean hitzaldia antolatu du. Hitzordua otsailaren 26an izango da, 18:30ean Kulturaten. MONDRAGONeko presidente ohi Xabier Sotilek eskainiko du hitzaldia. Arizmendiarrietaren heriotzaren 50. urteurrenaren testuinguruan antolatu du ALEk saioa.
Card image cap
2026/02/18

Geopolitika berriak, digitalizazioak, krisi ekologikoak eta gizarte-aldaketa sakonek markatutako testuinguru honetan, etorkizun justuago eta jasangarriago bat eraikitzen lagun dezaketen eredu ekonomikoen inguruko gogoeta proposatzen du hitzaldiak. Hitzaurreak esperientzia kooperatiboa aztertuko du, kooperatibismoak aberastasuna sortzeko eta modu orekatuagoan banatzeko izan duen gaitasuna erakusteko, gizarte-kohesioa, berrikuntza eta ongizatea sustatuz.

Ikuspegi nostalgikotik urrun, solasaldiak hezkuntza, lidergoa, balioak eta erantzukizun kolektiboa bezalako gai nagusien inguruan hausnartzera eta ekitera gonbidatzen du

Aldi berean, bere mugak, bizi izan dituen krisiak eta historiako une ezberdinek utzitako ikasgaiak ere aztertuko dira. Ikuspegi nostalgikotik urrun, solasaldiak hezkuntza, lidergoa, balioak eta erantzukizun kolektiboa bezalako gai nagusien inguruan hausnartzera eta ekitera gonbidatzen du.

Izan ere, antolatzaileen hitzetan, kooperatibismoa ez da soilik iraganeko ondare bat, baizik eta egungo erronkei aurre egiteko eta etorkizun hobe bat eraikitzeko proposamen bizia.

1c01961d-47a4-4508-b09c-01968ed54253.jpeg

Hizlaria: Xabier Sotil Arriaran

Hitzaldia Xabier Sotil Arriaranek emango du, ALEko kidea eta euskal kooperatibismoaren erreferentea. 40 urte baino gehiagoko ibilbide kooperatiboa du, hainbat kooperatibatan eta ardura-postutan jardundakoa. LKSko zuzendari nagusia izan zen, Ingeniaritza eta Aholkularitzako presidenteordea, Berrikuntzako presidenteordea eta, ondoren, MONDRAGON Korporazioko presidentea 2016ko uztailean erretiroa hartu arte. 2007 eta 2014 urteen artean, Mondragon Unibertsitateko presidente ere izan zen. Gaur egun, kooperatibismoaren etorkizunari buruzko gogoetan aktiboki parte hartzen jarraitzen du, TU Lankide aldizkariko Erredakzio Kontseiluko kidea da eta hitzaldiak eskaintzen ditu hainbat forotan.

Ekimen honen bidez, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak Arizmendiarrietaren pentsamenduaren zabalkundea eta eguneratzea sustatzeko konpromisoa indartzen du, bere ondarea gaur egungo erronkekin lotzen duten analisi eta eztabaida guneak bultzatuz.

Gonbidapen irekia

Sarrera dohakoa da, baina aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Interesa dutenek hurrengo helbide elektronikora idatzi beharko dute: amigos.jma.lagunak@mondragon.edu

José María Arizmendiarrietaren heriotzaren 50. urteurrena

2026an, Jose Maria Arizmendiarrieta hil zenetik 50 urte beteko dira. Urteurren hori dela eta, Arizmendiarrieta Lagunak Elkarteak lurraldeko beste erakunde batzuekin elkarlanean ekitaldi eta jarduera sorta zabala prestatzen ari da 2026an zehar egingo direnak.

Helburua da bere figura eta ondarea aitortzea, eta bere balioen kooperazioa, parte-hartzea, gizarte-erantzukizuna, berrikuntza gaurkotasunari buruz hausnartzea, bizi dugun energia, industria eta teknologia trantsizioaren testuinguruan. Hitzaldia 2026ari begira egiten ari den bultzada horren parte da: etorkizunari Arizmendiarrietaren irakaspenetatik begiratzeko gonbidapena.