Kooperatibek mundu hobea eraikitzen dute

Uztailaren 3an Kooperatiben Eguna igaro berritan, Rosa Lavinek, Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak iritzi artikulua idatzi du kooperatibagintzak mundu hobe bat eraikitzen egiten duen ekarpenaz.
Card image cap
2025/07/07

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2025 Kooperatiben Nazioarteko Urtea izendatzeko ebazpena hartu zuen. Historian NBEk kooperatibei nazioarteko urte bat eskainiko dien bigarren aldia da, eta ez da kasualitate hutsa. Jaio eta kokatzen garen leku eta inguruneekin dugun konpromisoak bultzatuta, kooperatibak egokitzen joan gara gure garaiko arazo aldakorrak gainditzeko, eta historian behin eta berriz erakutsi dugu mundu hobea eraikitzen laguntzen dugula. Enpresa egiteko modu batekiko konpromisoak, erreferente bihurtu gaitu lurralde-errotzean, kohesio sozialean, berrikuntzan eta lehiakortasunean.

Kooperatiben Nazioarteko Urtea aukera bat da, ez bakarrik enpresa kooperatiboek gizartean eta ekonomian dugun eragina ospatzeko, baita zer lortu den eta egiteko dagoenaz hausnartzeko ere, betiere kooperatibismo gehiago eta hobea, oparotasuna eta ongizate handiagoa sustatzeko.

Euskadiko kooperatibok aspaldiko errebindikazio bat onartu dugu: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko kide izatea. Horri esker, gure ahotsak, ezagutzak eta esperientziak Euskadin garatzen diren enplegu-politika aktiboen diseinuan ekarpena egiteko aukera dugu.

Kooperatiben ekarpen sozialak eta ekonomikoak onartzen dituen zerga-araubide bat izateak finantzaketarako sarbidea erraztuko digu eta berrikuntza, kalitatezko enplegua eta gizarte-kohesioa sortzen jarraitzeko aukera emango digu

Aurrerapen teknologikoaren, adimen artifizialaren eta robotizazioaren ondorioz lan-merkatua goitik behera eraldatu den testuinguruan, kooperatiba-ehuna, Euskadiko enplegatzaile nagusietako bat, ezin zen gehiago mantendu Lanbidetik kanpo. Gure konpromisoa da enpresa kooperatiboen esperientzia, berrikuntza-gaitasuna eta ezagutza enplegu gehiago eta hobea sortzearen zerbitzura egotea, eta, horrela, Enpleguari buruzko Euskal Legearen helburuetako bat errealitate bihurtzea, hau da, Euskadin sortzen den enplegua kalitatezko enplegua izatea.

Aurrean ditugun erronkei aurre egiteko, administrazioekin batera, ingurune mesedegarriak eta esparru politiko eta legal egokiak sustatu behar ditugu, enpresa kooperatiboak garatzen eta errotzen diren enpresa-ekosistemak indartzeko. Gure lehiakortasun-mailei eusteko eta hobetzeko, beharrezkoa da Foru Aldundiek egin duten zerga-errebisio prozesuarekin jarraitzea kooperatiben fiskalitateari dagokionez. Enpresa kooperatiboen berezitasunetara egokitutako zerga-esparrua izan behar dugu. Kooperatiben ekarpen sozialak eta ekonomikoak onartzen dituen zerga-araubide bat izateak finantzaketarako sarbidea erraztuko digu eta berrikuntza, kalitatezko enplegua eta gizarte-kohesioa sortzen jarraitzeko aukera emango digu.

Une kritiko baten aurrean gaude, industria Euskadiko motor ekonomiko handi gisa jartzeko beharraren aurrean

Une kritiko baten aurrean gaude, industria Euskadiko motor ekonomiko handi gisa jartzeko beharraren aurrean, industriak ematen baitio gure lurraldeari ongizatea eta gizarte-kohesioa. 2028 Industria Plan Estrategikoak enpresa kooperatiboak izan behar ditu industria-ehunaren trakzio-elementu. Automobilgintza, energia berriztagarria edo teknologia aurreratuak bezalako sektore estrategikoetan dugun esperientzia aukera gisa hartu behar da Euskadirentzat eta Europako berrindustrializazio-proiektuarentzat.

Manchesterren egindako ACIren –Kooperatiben Nazioarteko Aliantza- batzarrean ikusi ahal izan da, Euskadi erreferentzia dela kooperatibismoan, gure kooperatibek ekonomiaren sektore guztietan duten sarpenagatik. ASETTek ere (Arizmendiarreta Social Economy Think Tank) Euskadi munduko gizarte ekonomiaren eta enpresa kooperatiben itsasargia izaten jarraituko duela islatzen du. Ikasketa-zentro bat, berrikuntzarako leku bat, ezagutzak trukatzeko sare bat, enpresak, erakundeak, gizarte-erakundeak eta akademia lotzen dituena, pertsonak erdigunean dituen ekonomia-eredu bat hedatzeko. Azken batean, mundu hobea eraikitzeko leku bat. Orain, hain zuzen ere, gehien behar denean.