Kooperatibak Ukrainako gerraren eta garraiolarien grebaren ondorioak jasaten ari dira

Konfekoop-ek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, kooperatiben egoerari buruzko azterketa sektoriala egin du, Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin egingo den bilerari begira. Gainera, datu horiek izango dira egoera ekonomiko zailari aurre egiteko estrategia prestatzeko oinarria.
Card image cap
Ikerketak jasotzen duen bezala, kontsumo-kooperatibak hornikuntza bermatzeko modu nekaezinean ari dira lanean.
2022/03/23

Konfekoopek Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak deitutako bileran hartuko du parte, Ukrainako gerrak Euskadiko ekonomian dituen ondorioak aztertzeko, euskal eragile ekonomiko nagusiekin batera. Konfekoopek kooperatiben egoerari buruzko azterketa sektoriala egin du, bilerari eta egoera ekonomiko zailari aurre egiteko estrategia prestatzeari begira. Iñaki Nublak, zuzendariak, eta Rosa Lavínek, lehendakariak, ordezkatuko dute erakundea bileran. 

Egindako azterketaren arabera, gerrak, garraioaren grebarekin batera, zuzenean edo zeharka eragiten dio euskal kooperatiba-sareari, eta egoera kezkagarria sortzen du.

Konfekoopek ohartarazi du Euskadik elikaduraren eta energiaren arloan duen egiturazko mendekotasunak kalte egiten digula une honetan, eta enpresa kooperatibo askok zailtasun handiak dituztela aurrera egiteko. Izan ere, horiek aurretik pandemiaren ondorioak ere pairatu behar izan dituzte.
 
Konfekoopek, Idoia Mendiarekin egingo duen bileran, bere azterketako konklusioak defendatuko ditu, batik bat lanerako eskubidea bermatzeko beharra, bai eta euskal ekonomian pisu handia duten eta herritarrengan eragin berezia duten sektore estrategikoetarako irtenbide zehatzak bilatzea ere.
 
Hala, energiaren sektoreari dagokionez, ezinbestekotzat jotzen du Gobernuak elektrizitatearen prezioak finkatzeko sistema aldatzea eta arautzea, monopolioaren aurkako neurriez gain. Era berean, Konfekoop gerraren zuzeneko eragina jasango duten Enpresentzako Funtsa eta zirkulatzailea finantzatzen laguntzeko finantza-neurriak sortzearen aldekoa da. Jakina, premiazkotzat jotzen du inflazioa kontrolatzeko politikak aktibatzea. 

Azterketaren laburpena

  • Lehen sektoreak eta elikadurarenak zailtasun handiak dituzte animaliak, zerealak eta pentsuak garraiatzeko, eta horrek jarduera geldiaraz lezake, inguruabarrak aldatzen ez badira.
  • Kontsumo-kooperatibak hornikuntza bermatzeko modu nekaezinean ari dira lanean. Haien jarduerak herritarrei zuzenean eragiten die eta funtsezko izaera dute. Sektore horretan eragin handia du inflazioaren gorakadak eta hornidurarik ezak, eta gerta liteke behin-behinean horniduraz gabetzea. Ekilore-olioa eta zereala bezalako produktuen hornikuntza-kostuen igoera handiak eragin larria du. Gainera, hornikuntza murrizten ari da oro har, eta grebak dendetarako banaketari eragiten dio.
  • Garraiolarien kooperatibek oso egoera gogorra bizi dute, nahiz eta gehienek erregaiaren prezioaren igoera xurgatuko duen igoera bat adostea lortu duten beren bezeroekin. Sektorea  gogor ari da lanean, egoerari irtenbidea bilatzeko, piketeek baldintzatuta, eta, gutxienez, lehen sektoreari bere zerbitzuak eskaini ahal izateko, animalien elikagaien hornidura bermatze aldera.
  • Energia-kooperatibek likidezia-arazo larria dute, energiaren prezioaren bat-bateko igoeraren ondorioz. Egoera aldatu egingo litzateke, jakina, prezioak finkatzeko sistema marjinalista baztertuz gero. Gainera, kontuan izan behar da enpresa merkaturatzaileak direla BEZaren % 10eko murrizketa jasaten dutenak.
  • Konfekoopeko kide diren industria-kooperatibek 70 milioi euro fakturatzen dituzte urtean, gutxi gorabehera, eta horrek erakusten du arazoa zenbaterainokoa den.  Ezin dugu ahaztu giza faktorea; izan ere, Moskun, Kieven eta Odesan langileak dituzte, eta zaila da une honetan haiei soldata ordaintzea. Makina-erreminta eta aeronautika dira gehien kaltetutako sektoreak, pisu handia baitute euskal ekonomian.
  • Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerraren eragin zuzena pairatzen duten Enpresentzako Funtsa sortzea proposatu dute sektoreko kooperatibek, ondorioak leundu eta egungo arazoari irtenbide partziala emateko.
  • Irakaskuntza-kooperatibak normaltasunez ari dira lanean une honetan, baina egoerak bere horretan jarraitzen badu, jantoki-zerbitzuari eragin diezaioke.
  • Finantza- eta kreditu-sektoreak ziurgabetasun-une bati aurre egin behar dio, urte baikorra hasi ondoren. Zuhurtasunez jarduten ari dira, inbertsioen esparruan batez ere. 

 
Sektore guztien arabera, eredu sozioenpresarial kooperatiboak erakutsi du, beste behin ere, kontrako egoerekiko formula erresistentea dela, erabakiak modu demokratikoan eta parte-hartzailean hartzen direlako, eta egoera zail honen ondorio kaltegarrienei aurre egiten ari dela.