Irakurriena
- 1. M&A operazioak, MONDRAGONen Finantza Foroaren IX. edizioaren ardatz
- 2. Lasterketa Solidarioaren X. edizioak inoizko parte-hartzerik handiena izan zuen
- 3. Dikar-ek Ternua erosi du, kooperatibaren hazkundea bultzatzeko eta marka Euskal Herrian errotzen dela bermatzeko
- 4. Kidek 50. urteurrena ospatu du
- 5. Kooperatibak eta ekonomia soziala: gertutik eraldatzen
- 6. Eusko Jaurlaritzak eta Konfekoopek euskal industria-kooperatibismoarekin kontrastatu dute Euskadi 2030 Industria Plana
Kooperatibak, euskara ikasteko ingurune aproposak
Halaber, ikasitakoa praktikan jartzeko konfiantzazko ingurune bat eskaini dute, lankideak ikasketa-prozesuan inplikatuz eta euskarari kooperatiba barruan komunikazio- funtzioak esleituz. Matrikula egiteko epeak zabalik daude. Aukera asko daude, eta hainbat lekukotza jaso ditugu, inspirazio-iturri izan daitezen.
José Andrés Hernández
Mintzapraktika saioak (Ederfil Becker)

“Zalantzan dagoen lankide bati animatzeko esango nioke, denborarekin euskara maila eta taldeetako integrazioa handitzen doazelako”
Badaramatzat urte batzuk euskara ikasten. Ederfilen, giroa beti izan da oso euskalduna, eta, gainera, kooperatibak erraztasun handiak eskaintzen ditu ikasteko eta hobetzeko. Horrek guztiak animatu ninduen hizkuntzari berriro heltzeko eta pixkanaka aurrera egiteko pausoa ematera. Duela 5 edo 6 urte inguru hasi nintzen.
Prozesuaren nire balorazioa oso positiboa da. Gehien balio didana lankideekiko praktika da; izan ere, horietako batzuekin beti euskaraz hitz egiten saiatzen naiz, hori baita gehien hobetzeko modua. Euskara dinamizatzaile bat ere badugu, Ekain, eta asko laguntzen digu unerik pattalenetan aurrera egiten.
Nire lankideen babesa funtsezkoa da. Eskertzen diet nirekin duten pazientzia beraiei euskaraz zuzentzen natzaienean, batzuetan gauzak behin baino gehiagotan errepikatu behar izaten dizkidatelako. Egunerokoan laguntzen didate aurrera egiten.
Zalantzan dagoen lankide bati animatzeko esango nioke, denborarekin euskara maila eta taldeetako integrazioa handitzen doazelako. Askotan ez da erraza, enpresaren egunerokoan tentsio edo estres handia dagoelako, baina garrantzitsua da gelditzea, saiatzea eta euskara erabiltzea, nahiz eta denbora edo arreta gehiago kostatu. Eta horretarako, lankideak, beren pazientziarekin, laguntza handia dira.
Marian Yuste
Ulermena lantzeko saioak (Danobatgroup)

“Euskaraz etengabe hitz egiten den sail batean egiten dut lan, beraz, hobetzen asko laguntzen didan murgiltze bat da. Edozein zalantza izanez gero, ez dute inoiz arazorik izaten laguntzeko”
Hasteko aukera Giza Baliabideen sailaren proposamen baten ondorioz sortu zen. Iruditu zitzaidan euskararekin nuen harremana hobetzen lagun ziezadakeela, eta onartzea erabaki nuen.
Egiten dudan balorazioa oso positiboa da. Ikastaroak nire hiztegia zabaltzeko eta "buruko arintasun" handiagoa izateko aukera eman dit, bilera batean euskaraz hitz egiten denean, laneko gaiak aipatzen direnean edo elkarrizketa informalagoetan, kafearen bueltan esaterako, ulertzeko. Gainera, oso prozesu dinamikoa izan da, eta gaurkotasuneko gaiak jorratu dira; horrek entretenigarriago bihurtzen du eta gehiago inplikatzen zaitu. Antzeko maila duten beste lankide batzuekin egoteak ere laguntzen du, galdetzea errazagoa bihurtzen delako. Xabierrek, irakasleak, bere aldetik dena jartzen zuen denok ulertzen genuela ziurtatzeko, nahiz eta batzuetan gauzak pixka bat zail jartzen genizkion.
Bai kooperatibak, bai nire lankideek, oso erraz jarri didate. Euskaraz etengabe hitz egiten den sail batean egiten dut lan, beraz, hobetzen asko laguntzen didan murgiltze bat da. Edozein zalantza izanez gero, ez dute inoiz arazorik izaten laguntzeko.
Zalantzan dagoenari, merezi duela esango nioke. Giro lasaian zaude, hobetzen laguntzeko prest dagoen irakasle batekin. Hiztegia zabaltzen zein "belarria egiten" laguntzen dizu, eguneroko bilerak edo elkarrizketak errazago jarraitu ahal izateko. Askotan oinarrizko hiztegi bat izaten dugu, baina arintasuna ere behar da elkarrizketa bat jarraitzeko eta testuingurua ulertzeko. Eta ikastaro honek bietarako laguntzen du.
Miriam García
Euskara ikasteko euskara eskolak (Lagun Aro EPSV)

“Nire gomendioa argia da: oso inbertsio ona da eta merezi du. Zalantzan dagoenari esango nioke arintasun handiagoa lortuko duela, pila bat hobetuko duela eta, batez ere, laneko gai zehatzak landuko dituela”
Nire euskara ikasteko prozesua aspalditik dator. Nire ama hizkuntza gaztelania da eta txikitan eskolan dena gaztelaniaz ikasi nuen. Nerabezaroan, ordea, euskara ikasteko harra sartu zitzaidan eta Tolosako Aitzol euskaltegian aritu nintzen 8 urtez. Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit, eta nola ez, gurea ere bai. 2017an Lagun Aron hasi nintzen lanean. Nire aurreko enpresan euskaraz hitz egiten zen, baina Lagun Aron askoz gehiago. Euskara Plana dugu, eta nire egunerokotasunean, adibidez, emailak euskaraz idazten ditut.
Enpresan euskara eskolak zeudela komentatu zidaten eta berehala apuntatu nintzen.
Esperientzia oso baikorra izan da. Eskola hauetan ez da hizkuntza bakarrik ikasten; gure lanean erabiltzen dugun hiztegi eta esamolde espezifikoak lantzen ditugu. Ni Administrazioa eta Finantzak sailean nago, eta pertsonal arloko zereginak egiten ditut. Lehen, adibidez, jubilazio edo pentsio kontuak euskaraz kalkulatzea kostatu egiten zitzaidan, eta hori ere klaseetan landu dugu. Orain nire burua arinago eta segurtasun handiagoarekin hitz egiten ikusten dut. Emuneko irakasle oso onak izan ditugu, eta niretzat esperientzia bikaina izan da. Gainera, ikasten ari zarena egunero aplika dezakezu, baita familiarekin ere; seme-alabekin euskaraz egiten dut.
Oso gustura nago. Lankideen aldetik, asko hitz egiten da euskaraz eta zerbait gaizki esaten baduzu, ez da ezer gertatzen. Jendeak asko estimatzen du egiten duzun esfortzua. Hasieran, hemengo hizkera kostatu zitzaidan: Arrasatekoa, Oñatikoa, Markinakoa… baina gero belarria egiten duzu. Orain, askotan, umeekin ere Arrasateko hizkera ateratzen zait.
Nire gomendioa argia da: oso inbertsio ona da eta merezi du. Zalantzan dagoenari esango nioke arintasun handiagoa lortuko duela, pila bat hobetuko duela eta, batez ere, laneko gai zehatzak landuko dituela.