Irakurriena
- 1. Batzek, Velatiaren aeronautikako osagaien unitatea erosteko aurreakordioa itxi du
- 2. Fagor Ederbatt, Dakarreko historiako lehen kamioi hibridoaren bultzatzaile
- 3. Agur, Jose Antonio Ajuria
- 4. MONDRAGON Foroaren XIII. edizioa, TU Lankideren zenbaki berriko gai nagusia
- 5. ORBIK da sistema eta ekipo industrialen zibersegurtasunean aurrerapenak bilatzen dituen ABEDI proiektuaren buru
- 6. Jesus Goienetxe hil da
Kontrol gunea
Mariu Artzamendi (Oñati, 52 urte) ez da berria mundu kooperatiboan. Bere ibilbideak erakusten du MONDRAGONeko kooperatiba askotako bazkideek duten ezaugarria: moldakortasuna. 1998tik Fagor Etxetresnak-eko bazkidea izanik, bere lan-bizitza tailerreko jarduerari lotuta egon da (Garagartza, Radar…), harik eta 2012an Fagor Industrialeko plantara batu zen arte.
Hala ere, 2018an, Mariuk bira eman zion bere karrerari. Administrazioko erdi- mailako gradua besapean zuela, fabrikazioa utzi eta Onnera Group-eko harrerara aldatu zen. “Lehen beti tailerrean aritzen nintzen lanean, baina aldaketa honek kooperatiba beste prisma batetik ikusteko aukera eman dit”, azaldu du.
Harrerako lana estatikoa dela uste dute askok, baina esaerak dioen moduan, usteak erdia ustel. Mariuk etengabeko malabarismo ariketa gisa deskribatzen du bere egunerokoa. Santxolopetegiko plantatik, pertsonen eta salgaien etengabeko fluxua kudeatzen du. “Zailena, dena lasaitasunez kudeatzea da”, aitortu du Mariuk. “Dena batera gertatu ohi da: telefonoak jotzen du, bisita bat iristen da, kamioi bat sartzen da… eta presa duzula inork igarri ez dezan lortu behar duzu”.
Bere lana ezinbestekoa da lantegiko segurtasunerako eta logistikarako: bisita bakoitzaren derrigorrezko erregistroa kudeatzen du. Inor ez da sartzen identifikatu gabe eta barneko kontaktu bat izan gabe. “Larrialdiren bat balego, zehazki nor dagoen barruan jakin behar dugu”, zehaztu du. Gainera, garraiolarien eta materialaren sarrera koordinatzen du, bereziki harrerako biltegirako eta SAT zerbitzurako. Kamioiak puntual iristen direla ziurtatu behar du, eta biltegiari abisatu, langilerik ez badago. Bere postuak Erosketak, Komertziala, Giza Baliabideak, Zerbitzu Teknikoa eta Tailerra lotzen ditu.
Etorkizunari begira
Bere lanbidearen etorkizunaz galdetzerakoan, Mariuk argi du: teknologiak lagundu egiten du (berak online itzultzaileak erabiltzen ditu atzerriko garraiolariekin komunikatzeko, adibidez), baina ez du ordezkatzen.
“Arreta pertsonalizatua, ezusteko logistiko baten aurreko malgutasuna eta gertutasuna bisitariarentzat esperientzia askoz atseginagoa sortzen duten plus bat dira”, ondorioztatu du. Erretiratzen den egunerako bere nahia da bere aulkia beste pertsona batek betetzea, ez ordenagailu batek; “gure kooperatibaren balioak definitzen dituen” aurpegi hori eskaintzen jarraitzeko gai izango den norbaitek, alegia.

Enpatia: makinek ez duten tresna
Digitalizazio garaiotan, enpresa batzuek harrerak ukipen-pantailengatik ordezkatzen dituztenean, Mariu giza faktorearen defendatzaile sutsua da. Eta arrazoi sendoak ditu. “Pertsona bat haserre datorrenean edo hizkuntza-arazo bat dagoenean, makina batek ez du haserre edo urduri dagoena lasaitu eta arreta pertsonalizatua eskainiko”, argudiatu du. Harentzat, bere postuko funtsezko hiru gaitasunak argiak dira: enpatia, antolakuntza eta komunikazioa. “Pertsonekin konektatzea gustatzen zait. Arazoak daudenean, aurrean duzuna ulertzen badugu, dena modu lasaiagoan konpontzen da”.
Postuak bilakaera izan du. Orain, Onnera Groupeko harrerak lehen kanpora ateratzen ziren lanak hartzen ditu bere gain (zentralita, kasu) edo laguntza administratiboa ematen dio Giza Baliabideak sailari. Aniztasun horrek motibatzen du Mariu: “Mugimendua gustatzen zait, ez naiz inoiz aspertzen”.