Irakurriena
- 1. Pello Rodriguez Zabaletak ordezkatuko du Iñigo Ucín MONDRAGONeko lehendakaritzan, 2024ko abuztuaren 1etik aurrera
- 2. K-Foroa 2023: Estrategia, hedabideen gestioa eta Adimen Artifiziala
- 3. MONDRAGON TFG/TFM Sariak banatu dira Donostiako Kursaal Jauregian
- 4. Javier García, Copreciko zuzendari nagusi berria
- 5. Finantza Foroa 2023
- 6. MONDRAGONek eta Bexen Medicalek Cocoon Bioscience-n inbertitu dute
- 7. Nafarroako kooperatibak eta Irulegi, eskuz esku
- 8. "Basoa ikasgela bilakatu dugu"
- 9. Orbea Gravel Arabako Errioxa, erreferentziazko kirol egitasmoa
- 10. Saharar Herriaren arrakala digitala murrizteko elkarlanean
Konfekoop-ek 2012ko Kooperatiben Nazioarteko urtea aurkeztu du

Prestatu diren ekitaldi garrantzitsuenen artean, ondoko hauek aipatu daitezke: CIRIECek antolatu duen Gizarte Ekonomiaren ikerlarien XIV Jardunaldi Nazionalak ekainaren 20, 21 eta 22an Donostia eta Oñatin; TESS Gizarte Ekonomia Jardunaldia 2012ko otsailaren 1ean; Kooperatiben Nazioarteko Biltzarra eta amaiera-ekitaldia Euskalduna Jauregian 2012ko azaroaren 29an; eta Kooperatiben Jaialdia Landako Gunean (Durangon) 2012ko azaroaren 11n. Azken hori ekimen irekia izango da, kooperatibek kooperatibentzat antolatutakoa, eta 2012an jakinaraziko dugu programa osoa.
Euskal kooperatibismoaren nazioarteko presentzia
Urriaren 31n, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzako presidente Pauline Greenek Kooperatiben Nazioarteko Urteari hasiera eman zion New Yorken, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren aurrean. Bere hitzaldian esandakoaren arabera, “munduan 100 milioitik gora lagun dira kooperatibetan lan egiten dutenak", eta ia bi mendetan zehar, "kooperatibek ekarpen handiak egin dituzte, hala nola gatazkak arintzeko, gizarte-kohesioa bultzatzeko, trebetasunak eta gaitasunak garatzeko, tokiko lidergoaren ahalmena garatzeko, eta emakumeei laguntza emateko euren jarduera ekonomikoa eta euren komunitateetan duten lidergoa hazi dadin”. Ondoko hauek ere bere hitzak dira: "Kooperatiba guztiek kausa komun bat defendatzen dute. Euskadiko Mondragonetik hasi eta Herbehereetako Rabobankera edo Txinako hornikuntza eta merkaturatze kooperatibetara. Denek ala denek, euren neurria bata ala bestea izan, nazioarteko garapenarekin konpromiso argia eta zuzena daukate, eta euren kooperatiba-izaeraren berezko konpromisotzat jotzen duten horretan parte-hartze aktiboa daukate."
Pauline Greenek euskal kooperatiben mugimenduarekin egongo da, eta 2012ko azaroaren 29an Bilboko Euskalduna Jauregira etorriko da, Kooperatibismoaren Nazioarteko Biltzarrean eta amaiera-ekitaldian parte-hartzeko. Ekitaldi horretan, halaber, Juan Antonio Pedreñok, CEPESeko presidenteak ere parte hartuko du.
Konfekoop - Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Euskadin kooperatibak ordezkatzen dituen erakundea da, eta bere barne hartzen ditu bertan diren Federazio Sektorial guztiak. 1996an sortu zen, Euskal Kooperatiben Mugimenduaren garrantzia ekonomiko eta soziala aintzat hartuta, hura sendotzeko beharrari aurre egiteko. Gaur egun, Konfekoop 900 Kooperatibaren ordezkaria da. Kooperatiba horiek 55.700tik gora langile dituzte Euskadin, eta horietako 38.475 lan-bazkideak dira.
Forokoopen V. Jardunaldia eta Kooperatiben 89. Nazioarteko eguna
Kooperatiben Nazioarteko Urtea, nahita jarri da abian Euskadin Forokoopen V. jardunaldiarekin eta Kooperatiben Nazioarteko 89. Egunarekin batera. “Gazteak, kooperatiben etorkizuna” izan da aurten hautatu den leloa. Horrela, NBEk 2011n ospatu duen Gazteen Nazioarteko Urtearekin bat egin du Konfekoopek. Jardunaldian Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua egon da, euskal kooperatibismoari babesa erakusteko.