TUlankide MONDRAGON

Ikerlan %5,7 hazi da 2019an, bezeroen zorroa sendotu du, eta ikerketa propioko proiektu gehiago garatu ditu

2020/06/18

Zentro teknologikoak 24,1 milioi euroko diru sarrerekin bukatu zuen urtea. Datuak gaur eman ditu jakitera, Batzar Orokor telematikoan.
Ikerlan %5,7 hazi da 2019an, bezeroen zorroa sendotu du, eta ikerketa propioko proiektu gehiago garatu ditu

Ezkerretik eskumara: Roberto Palacios, Errektore Kontseiluko idazkaria; Jose Maria Balzategi, Kooperatibaren presidentea; eta Marcelino Caballero, idazkari orokorra.

Pasa den urtean, IKERLAN euskal zentro teknologikoak 24,1 milioi euroko sarrerak lortu zituen. Emaitza bikaina da, eta 2018an baino % 5,7 emaitza handiagoa da hori. Horrek erakusten du, halaber, IK2020 Plan Estrategikoaren barruan 2014az geroztik zentroa izaten ari den etengabeko hazkundeari eusten ari zaiola. Zentroak bere sorreraren 45 urteak betetzearekin batera, emaitza horiekin IKERLANek berretsi du transferentzia teknologikorako duen eredua sendoa dela; izan ere, 2019an kontsolidatutako bere negozio zifraren % 54 enpresekiko kontratuetatik dator.

Zehazki, 2019an IKERLANek 13 milioi euro fakturatu zituen epresekin garatutako I+G proiektuen bitartez, aurreko urtean lortutako kopuru zorrotzarekin parekatuta. Horrez gain, 10 milioiko sarrerak ikerketa propioko jardueretatik etorritakoak dira. 2018an jarduera mota horretatik lortutakoa baino % 11,2 gehiago da, eta guztirako fakturazioaren % 41.  Azpimarratzekoa da, gainera, deialdietan izandako arrakasta tasa altua.

Enpresekin egindako kontratuen bidez fakturatutakoa, eremu hauetatik datoz: hasteko, ekipo ondasunetatik (% 42), ondoren garraiotik (% 28) eta, azkenik, energiatik (%20), non bezero garrantzitsuak baititu, hala nola Orona, CAF, Fagor Arrasate edo LauLagun.

Ikerketa propioko proiektuei esker lortutako 10 milioi euroei dagokienez, guztirako diru sarreren % 25,9 Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programen bidez etorri ziren, % 13,6 Europako hainbat erakundek sustatutako ekimenetatik, eta finantzaketaren gainerakoa, hau da, % 6,7, Estatuaren Administrazio Orokorrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mondragon Korporazioak finantzatutako proiektuetatik.

Pertsonen atalean, azken urteetako hazkunde dinamikari jarraituta, IKERLANek 42 ikertzaile berri eta 17 doktoregai berri hartu zituen pasa den urtean. Hala, zentroak 350 pertsona inguruko lantandea zuen 2019ko ekitaldia itxi zuenean, langileak eta prestakuntzako pertsonak tartean zirela. Beraz, ehun bat laguneko talentu harrobia dauka barruan.

Azpiegiturei dagokienez, 2019an IKERLANek bere  egoitza nagusia eraberritzeko proiektua bukatu zuen, Arrasate-Mondragonen, eta inbertsio garrantzitsuak egin zituen azpiegitura teknologikoetan, Arrasate-Mondragoneko TEIC laborategi berriak abian jarriz eta Smart Mobility eta Samart Buildingekoak Galarretan (Hernani).

Gaur, ekainaren 18an, egin da Batzar Nagusian onartu dira pasa den urtean IKERLANek lortutako emaitza horiek guztiak.  Lehenengo aldiz, batzarra telematikoa egin da, bideokonferentziaren bitartez eta streaming bidez (LKS NEXTen eta Artemanen laguntzari esker) eta bazkide langileak, erabiltzaileak eta laguntzaileak eta inaktiboak bildu ditu, urrutitik.

Jose Mari Balzategik zuzendu du Batzarra, eta IKERLANek 2019an lortutako emaitza bikainak azpimarratu ditu eta “IKERLAN osatzen duten pertsona guztiei” eskerrak eman dizkie egindako ekarpenagatik. Azpimarratzekoa da ekitaldi honetan Batzar Nagusiak Balzategiri esker ona erakutsi diola bere presidentzialdian egindako lan onagatik eta edukitako inplikazio handiagatik, 2018az geroztik baitago kargu horretan, eta une honetan kargua utziko du, erretiroa hartuko duelako. 

Zuzendari nagusi Marcelino Caballerok, berriz, adierazi du “2019ko urtea oso positiboa izan dela, bai ikerketaren ikuspuntutik, bai enpresei teknologia transferitzeko proiektuen ikuspuntutik. Halere, COVID-19aren pandemiaren inpaktuak, lehenengo osasun eremuan eta gero eremu ekonomikoan, behartu gaitu gure etorkizuneko estrategia berraztertzera, enpresei ematen zaien balio erantsia optimizatzeko eta Herriaren ekonomiaren susperraldian agente aktiboa eta garrantzitsua izatea lortzeko”.

Urrats sendoak espezializazio teknologikoan

2019ko emaitzek espezializazio teknologikoaren alde eta enpresetarako eta gizarterako baliagarriak diren eremuetan egiten dugun apustua berresten dute. Diru sarreretan guztira lortu dugun 10 M€-ko zifra errekorretik haratago, zentroak emaitza bikainak eduki zituen tokiko, estatuko eta nazioarteko eremuetako deialdi guztietan.

Tokiko eremuan, Eusko Jaurlaritzako EMAITEK+ programan IKERLANek adierazleen % 93,24 bete ditu, eta nabarmentzen da, batez ere, enpresentzako teknologia eta talentuaren transferentziari lotutako adierazleetan. Gainera, euskal lurraldeko zentro liderra izateari eutsi dio, 15 ELKARTEK proiektutan eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako 4 proiektutan parte hartuta.

Estatuaren eremuan, zentroak AGE-Estatuko Administrazio Orokorraren CERVERA programaren lehen deialdira aurkeztutako hiru proiektuak finantzatu zituen azkenean, eta lorpen horrekin IKERLAN bikaintasuneko zentro teknologiko gisa posizionatzen da nazioarteko agertokian.

Proiektu europarrei dagokienez, H2020 Programaren esparruan finantzatutako beste 13 proiektu gehiago lortu dira, 6,3 M€-ko diru sarrera metatuak ekarri dituztenak. Kopuru horrek adierazten du aurkeztutako proiektuetatik  % 74tan arrakasta izan dugula, eta azpimarratu daiteke proiektu horietan 13 euskal enpresa sartu direla. Ildo horretan, zuzendari nagusi Marcelino Caballerok hau azaldu du: “garbi daukagu zein den gure fokua: gure inguruko enpresa industrialetarako erabilgarria den teknologia garatzea. Horrenbestez, oso selektiboak gara zer proiektutara aurkeztu erabakitzen dugunean, eta horrek, egiaztatzen dugun esperientziarekin batera, daukagun arrakasta indize altua azaltzen dute".

Zentroak nazioartearen eremuan duen posizionamendu onaren erakusgarria izan zen IKERLANek bera partaide deneko hiru proiektu europarrak gidatu zituela, SAFE4RAIL2, ETEKINA eta TESTINN proiektuak, zehazki. IKERLANerako eta bere bezeroentzat  oso interesgarriak diren sektoreekin, hala nola tren, industria edo aeronautikaren sektoreekin, lotura duten proiektuak dira; horrek berresten du, beraz, zentroak nazioarteko eremuan duen posizionamendu ona.

Lankidetza estrategikoak

IKERLAN agente aktiboa izan da Eusko Jaurlaritzak bultzatutako BRTA-Basque Research and Technology Alliance izeneko Partzuergo berriaren sorreran eta dinamizazioan. Horrela, 2019an Zientzia, Teknologia eta Ikerketako Euskal Sareko agenteen arteko aliantzaren etapa berri bat abian jartzen lagundu zuen IKERLANek, IK4 Aliantzaren barruan parte hartzen eta laguntzen 14 urte egin ondoren.

Beste lankidetza batzuei dagokienez, azpimarratu daiteke MU/MGEPrekin egiten dugun elkarlana indartu dugula, batera ditugun IBAT ikerketa taldeen bitartez eta MASTERTECH sistema elektroniko aurreratuetako unibertsitate master berria sortuz, bikaintasuneko prestakuntza teknologiko espezializaturako unibertsitatearen eta zentro teknologikoaren arteko lankidetzaren aldeko apustu bakarra eta bereizgarria baita.

Gainera, 2019an IKERLANek lankidetza estuan jarraitu du Zibersegurtasun Euskal Zentroaren (BCSC) jardueretan eta gobernantza lanetan, eta bi lankidetza hitzarmen garrantzitsu sinatu ditu EHUrekin eta Oviedoko Unibertsitatearekin.

IKERLANi buruz

 

IKERLAN, BRTAko kidea, zentro liderra da teknologiaren transferentzian eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hiru arlo nagusi hauetako hainbat eremu teknologiko uztartuz: Elektronika, Informazio eta Komunikazioko Teknologiak (EIKT); Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. 2018an, IKERLANek AENORen egiaztagiria lortu zuen, bere kudeaketa sistema integralagatik (UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014), zeinarekin zentroak I+G+B alorrean duen bikaintasun maila aitortzen baita. Gaur egun, 350 pertsona inguruk osatzen dute langile taldea.

 

 

Eguraldia
Asteazkena 5 Min: 13
Max: 31
Osteguna 6 Min: 14
Max: 38
Ostirala 7 Min: 19
Max: 38
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak