Irakurriena
- 1. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 2. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 3. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 4. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 5. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 6. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 7. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 8. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
- 9. Gerodanek MONDRAGONen egoitza nagusiko ekipamendu proiektu berria garatu du
- 10. "Jaguar Land Roverrek funtsezko laguntzaile teknologikotzat hartzen gaitu"
IKERLAN % 5,5 hazi da 2018an, enpresekin eduki duen fakturazioaren bultzadari esker
Pasa den urtean, IKERLAN euskal zentro teknologikoak 22,8 milioi euroko sarrerak lortu zituen, 2017an baino % 5,5 gehiago, alegia. Horrek baieztatzen du 2014tik zentroa etengabe hazten ari dela. Emaitzak berresten du euskal erakundeak transferentzia teknologikorako duen eredua sendoa dela; izan ere, bere negozio zifra kontsolidatuaren % 57 enpresekiko kontratuetatik dator.
Zehazki, IKERLANek 13 milioi euroko sarrerak eduki zituen erreferentziako denbora tartean enpresekin egindako I+G proiektuen ondorioz.
Horrek esan nahi du, beraz, aurreko ekitaldian baino % 8,3 sarrera gehiago izan zituela. 8,9 milioiko sarrerak, berriz, ikerketa propioko jardueretatik etorri ziren. 2017an jarduera mota horretatik lortutakoa baino % 2,2 gehiago da, eta guztirako fakturazioaren % 38,5.
Enpresekin egindako kontratuen bidez fakturatutakoa, eremu hauetatik datoz: hasteko, ekipo ondasunetatik (% 38), ondoren garraiotik (% 27) eta, azkenik, energiatik (% 26); eta eremu horietan bezero garrantzitsuak ditu, hala nola ORONA, CAF, FAGOR ARRASATE edo LAULAGUN.
Ikerketa propioko proiektuei esker lortutako sarrerei dagokienez, zentroko guztirako diru sarreren % 23,2 Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programetatik datoz, % 13,9 Europako hainbat erakundek sustatutako ekimenetatik, eta % 1,4 Estatuaren Administrazio Orokorraren proiektuetatik.
“Pasa den ekitaldia oso garrantzi handiko urtea izan zen IKERLANen proiekturako, eta ez bakarrik emaitza bikainak lortu zituelako, enpresei egindako transferentzia teknologikoetan zentro aitzindari gisa dugun posizionamendua indartu zelako ere bai”, ziurtatu du erakundearen zuzendari nagusi Marcelino Caballerok.
IKERLANek pasa den urtean lortu zituen emaitza horiek ekainaren 20an onartu ziren, Ikerlanek GARAIA Parke Teknologikoan egin zuen Batzar Nagusian, non bazkide langileak, erabiltzaileak eta kolaboratzaileak eta agintaritzak elkartu ziren.
Jarraian, Arrasate-Mondragoneko egoitza nagusian, kooperatibaren 45. urteurrena ospatu zen plantilla guztiarekin, proiektua partekatzen duten pertsona guztiei eskerrona erakusteko egindako ekitaldi baten bitartez. Halaber, egoitza nagusia inauguratzeko ere balio zuen, izan ere, berritu egin da eta hainbat laborategi berri ditu, hala nola Zibersegurtasun Industrialekoa, Errekuntzakoa eta Smart Mobility / Smart Buildingekoa, bai eta proiektu berezien Esperimentaziorako Arlo berri bat ere. Era berean, ekitaldiaren helburua izan zen 1974an herriko lehen zentro teknologikoa izateko hartu zen konpromisoa berritzea.
Pertsonak, proiektuaren ardatza
IKERLAN osatzen duten pertsonen trebetasunak, gaitasunak eta jarrera dira IKERLANen motorra, eta horregatik egiten du apustu sendoa zentroak pertsonen talenturik hoberena erakartzearen eta garatzearen alde.
Horren froga moduan, eta azken urteetako hazkuntza dinamikari jarraituta, pasa den urtean IKERLANek 35 ikertzaile berri eta 15 doktoregai berri hartu zituen, langileak eta prestakuntzako pertsonak batuta 318 lagun izanik.
Horrez gain, garapen profesionalaren eta kontziliazioaren eremuetan, 2018an hainbat ekimen egin ziren, hala nola egutegi formatu berri baten ezarpena, non urteko ostiral guztiak trinkoak baitira plantilla osoarentzat, eta genero berdintasunaren alorrean aurrera egin da, Berdintasun Batzorde bat sortuz eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean Etorkizuna Eraikiz barruan arituz.
Europan kontsolidatuta
Jarduera zientifikoaren adierazleen kapituluan, une honetan IKERLANek 49 ikerketa proiektu ditu martxan: 16 Eusko Jaurlaritzarekin, 5 Estatuan, 4 Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta 24 Europan. Europako Batzordeak bultzatutako prozesu lehiakorretan zentroak ondo jardun izana erakusten du azken datu horrek. Soilik pasa den urtean, erakundeak guztira 13 proiektu berriren esleipena eskuratzea lortu zuen. Horrek esan nahi du % 27ko arrakasta eduki zuela (finantzatutako proiektuen portzentajea, guztira aurkeztu diren proiektuekiko), hau da, Estatuko eta Europako arrakasta tasaren bikoitza, zeinarekin 5,8 M€-ko sarrera metatuak dauzka datozen urteetarako.
“Gure ikerketarekin bat datozen eta gure inguruko industrien erronkei erantzuten laguntzen diguten proiektuetara baino ez gara aurkezten. Guretzat, Europa bide bat da eta ez helburu bat. Horregatik, selektiboak gara proiektuetara aukeratzeko unean, eta horrek egiten du guk arrakasta tasa handia edukitzea”, baieztatu du Caballerok.
2018aren amaieran, IKERLANek 31 artikulu zientifiko zituen argitaratuta eta 40 hitzaldi eta kongresutan egon zen partaide.
BRTA Partzuergo berriaren alde aktiboa
Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko berrantolatzeak, Eusko Jaurlaritzak pibotatuta, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) sortzea ekarri du, eta IKERLANek aktiboki parte hartu du horretan. BRTA lankidetza proiektu bat da eta funtsezkoa da Euskadiren etorkizunerako, eta IKERLANek proiektu horrekin bat egin du ilusioz eta energiaz, enpresekiko lankidetza eta enpresentzako transferentzia teknologikoa ulertzeko duen modutik ekarpena egiteko.
Nortasun berria garai berri baterako
Irudi korporatiboaren birformulazioa izan da zentro teknologikoak berriki heldutako beste mugarri nagusi bat, eta THINK BAI kanpainaren bitartez egin du hori. Erakundearen nortasun teknologikoa eta ingurunearekiko lankidetza indartzea eta enpresentzako teknologiaren transferentzian erreferente izaten jarraitzea dira ekimen horren asmoak (Teknologia, gure izaera).
Logotipo berria da kanpaina honen elementurik ikusgarriena, baina IKERLAN berritzea ez da bakarrik bere nortasun grafikoa birformulatzea izan. Funtsezko beste alderdi batzuk ere sartzen dira berritze horretan, hala nola antolaketa eredua bera eta bere instalazio eta laborategiak, zeintzuek azken urteetan eraldaketa sakona izan duten.
“IKERLANek uste du etengabe aldatu beharra dagoela egokitzeko eta gure inguruneko premia eta erronkei aurrea hartzeko ere bai. Gure THINK BAI kanpainan islatu dugu ideia hori, izan ere, positiboan pentsatzen dugu, uste osoz eta beti gure nortasun ezaugarriak mantenduz”, esan du bukatzeko zuzendari nagusiak.