Irakurriena
- 1. AMETS Power Electronics sortu dute MONDRAGONek eta Artechek potentzia-elektronika sustatzeko
- 2. BGAEentzako fiskalitate berria. Nola eragingo dio zure pentsioari?
- 3. LKS Nextek Aitor Moreno batu du taldera, adimen artifizialean eta teknologia kuantikoetan erreferentea
- 4. Joxe Azurmendi hil da, “El hombre Cooperativo” lanaren egilea
- 5. Kooperatibetako barne komunikazioa irauliz
- 6. “Kooperatibismoak enpresen arazo bertsuei, soluzio desberdinak ematen dizkie, pertsona erdigunean jartzen duelako”
HUHEZIko Kontseilu Errektoreak Begoña Pedrosa izendatu du dekano berri

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Kontseilu Errektoreak onartu du Begoña Pedrosa fakultateko dekano izendatzeko erabakia, karguaz 2014ko irailean jabetuko bada ere. Ordura arte, gaur egungo Dekanoarekin, Nekane Arratibel doktorearekin partekatuko du postua. Izan ere, Nekane Arratibelek abuztuaren 31ra arte jarraituko du karguan. Halatan bada, irailera bitartean bizikidetza-aldia izango da Dekanotzan, ordezkatze-prozesua naturala eta antolatua izan dadin.
Begoña Pedrosa
Begoña Pedrosa Filologia Ingeleseko lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, Hizkuntzalaritza Aplikatuko doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Hizkuntzalaritzako Masterra du Estatu Batuetako Illinoiseko Unibertsitatean.
2002az geroztik Literatura eta Hizkuntzen Didaktika Departamentuko irakaslea da Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Lehen eta Haur Hezkuntzako Graduan eta Ikus-entzunezko Komunikazioetako Graduan, bietan ala bietan bi irakasgai sortu, ezarri eta koordinatu ditu.
BAHI-IALE ikertaldeko kidea da. Hainbat gai-eremu ikertzen ditu: Hizkuntza minorizatuen testuinguruan eleaniztasunaren konpetentziaren garapena, CLIL testuinguruetako estrategia pedagogikoak, eta ikasleen jarrerak hizkuntzen ikaskuntzan.
Kudeaketari dagokionez, ikerketa-mahiko kidea izan da eta gaur egun atzerriko hizkuntzako aipamena koordinatzen du Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako Graduan. Era berean, Lehen eta Haur Hezkuntzako Gradurako Egokitzapen Ikastaroak eta Lehen eta Haur Hezkuntzako linea bidezko Gradua ere koordinatzen ditu.
Nekane Arratibel
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko gaur egungo dekanoak bi agintaldi eman ditu jarraian Fakultateko Dekanotzan: 2006tik 2010era bitartekoa eta 2010etik 2014ra bitartekoa (unibertsitateko ardura goreneko postuek lau urteko iraunaldia izaten dute). Zehazki, Nekane Arratibelek 2006ko irailean hartu zuen Dekanotza, eta bertan jarraituko du 2014ko abuztura bitartean. Dekanoa Psikologian doktorea da eta Dekanotza utzi ondoren irakasle- eta ikertzaile-lanetan jarraituko du fakultatean.