Irakurriena
- 1. LagunAroren Batzar Nagusia: 2025 ekitaldi bikaina; 2026 zalantzati hasi da testuinguru ekonomikoan
- 2. 24. Korrika MONDRAGONen
- 3. Bost hamarkada hezkuntzaren abangoardian
- 4. Enpresen lehiakortasun globalean Txinak duen eragina, MONDRAGONen Pertsonen Kudeaketarako XVI. Foroaren ardatza
- 5. BATZek WEC enpresa aeroespazialaren %60a erostea onartu du Ezohiko Batzarrean
- 6. Ategi, 2026ko Gipuzkoako Zerbitzu Enpresa gisa aitortua
HUHEZIk nazioarteko gradu bikoitza eta bi aipamen dual berri eskainiko ditu
Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak titulu berri bat eta bi aipamen dual berri emango ditu 2026‑2027 ikasturtean, egungo eskaintzaz gain: Ikus-entzunezko Komunikazioko eta Diseinu Grafikoko Nazioarteko Gradu Bikoitza, Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Mexiko unibertsitateak elkarrekin sinatutako programa; Humanitate Digital Globaletako Aipamen Duala (Humanitateen esparruan aipamen duala emango duen Estatuko lehen unibertsitate bihurtuko duena), eta Kooperatibismoko eta Kudeaketa Sozioenpresarialeko Masterraren Aipamen Duala. Bi aipamen dualok sendotu egingo dute Mondragon Unibertsitateak Espainian eta Europan prestakuntza dualean duen erreferentziazko lidergoa, guztira aipamen dual ofizialeko 12 gradu eta 15 unibertsitate-master eskainiz.
Datorren ikasturtetik aurrera eskainiko duen eskaintza berriarekin, Fakultateak gradu hauetako 6 titulu eskainiko ditu: Haur Hezkuntza (4 aipamen), Lehen Hezkuntza (6 aipamen), Humanitate Digital Globalak, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Kultura eta Sormen Industriak, nazioarteko gradu bikoitzarekin batera.
Bi aipamen dualok sendotu egingo dute Mondragon Unibertsitateak Espainian eta Europan prestakuntza dualean duen erreferentziazko lidergoa, guztira aipamen dual ofizialeko 12 gradu eta 15 unibertsitate-master eskainiz
Era berean, fakultateak 5 unibertsitate-master ematen ditu guztira: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle izateko irakasle-gaikuntza; Ikaskuntza eta Berrikuntza erraztea; Kooperatibismoa eta kudeaketa sozioenpresariala; Euskal Kulturaren dinamizazioa eta Hezkuntza Berriztatzeko Ikerketa, ematen hasiko diren bi aipamen dualei gehitzen zaizkienak.

Ikus-entzunezko Komunikazioko eta Diseinu Grafikoko Nazioarteko Gradu Bikoitza
Datorren ikasturtetik aurrera, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea Ikus-entzunezko Komunikazioko eta Diseinu Grafikoko Nazioarteko Gradu Bikoitza ematen hasiko da, Mondragon Mexiko unibertsitatearekin sinatutako baterako programa. Proposamen berria Aretxabaletako campusean emango da. Ikasleek Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak egingo dituzte, eta titulu bikoitza lortzeko aukera izango dute, ikasturte batez Mexikon Diseinu Grafikoko gradua eginez.
- Egitura eta mugikortasuna:
- Mexikoko ikasleak: 4 urte Mexikon, Diseinu Grafikoko ikasketak egiten + 1 urte Aretxabaletan, Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak egiten.
- Aretxabaletako ikasleak: 2 urte Aretxabaletan, 1 urte Mexikon (ikasle-trukean) eta azken 2 urteak Aretxabaletan.
- Tituluak: Mondragon Mexiko unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak aitortutako tituluak lortuko dituzte ikasleek.
Humanitate Digital Globaletako Aipamen Duala
Fakultateak beste berrikuntza garrantzitsu bat ezarriko du datorren ikasturtean: Humanitate Digital Globaletako Graduko Aipamen Duala; alegia, humanitateen alorrean modalitate dualean emango den Estatu osoko lehen titulua. Eredu horri esker, Bilbao AS Fabrik campusean ematen den gradu horretako ikasleek hauek uztartuko dituzte: unibertsitate-prestakuntza eta prestakuntza-egonaldiak erakunde eta/edo enpresetan, 3. eta 4. mailetan. Prestakuntza humanistikoa, gaitasun digitalak eta nazioarteko orientazio argia konbinatzen ditu tituluak.
Kooperatibismoko eta Kudeaketa Sozioenpresarialeko Unibertsitate Masterreko Aipamen Duala
Era berean, Kooperatibismoko eta Kudeaketa Sozioenpresarialeko Unibertsitate Masterrak Aipamen Duala eskainiko du datorren ikasturtetik aurrera, unibertsitatearen eta euskal kooperatibismoaren ikuspegi praktikoarekin eta eraldatzeko bokazioarekin bat eginez.
LANKI – Kooperatibismoaren Ikertegiak zuzentzen duen master hori % 100 online izango da, eta kooperatibak eta gizarte-ekonomiako erakundeak kudeatzeko, gidatzeko eta berritzeko gai izango diren profesionalak trebatuko ditu. Munduko ekosistema kooperatiborik aurreratuenetako batean egingo da: Mondragon esperientzia kooperatiboan, eta egonaldi presentzial bat egiteko aukera eskainiko du, hura bertatik bertara ezagutzeko.
Aipamen berriari esker, ikasleek aukera izango dute, erakunde laguntzaileetan sartzeko —kasu honetan gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeetan— eta master-amaierako lana eta zenbait modulu zuzenean ingurune profesional batean egiteko, gainbegiratze profesional eta akademikoaren pean.
Liderra prestakuntza dualean
Mondragon Unibertsitateak are gehiago indartu du prestakuntza dualean Estatuan eta Europan duen posizioa. Berritasun horiekin, 12 graduk eta 15 unibertsitate-masterrek izango dute aipamen dual ofiziala Mondragon Dual ereduaren barruan, zeinak 900 enpresa eta erakunde laguntzaile baino gehiago dituen, 50 urtetik gorako esperientziaz gain, ikas-ekinezko (unibertsitatea-enpresa) trebakuntzan.
Gainera, Mondragon Unibertsitatea EU4DUAL Europako aliantzako liderra da, eta Europako lehenengo unibertsitate duala. Aliantza horretatik, irakaskuntza berriztatzeko proiektuak eta baterako master berriak koordinatzen ditu, prestakuntza dualaren arloan Europan duen zeregin aitzindaria sendotzeko.