Irakurriena
- 1. Arizmendiarrieta Gunea zabalik da Otaloran
- 2. Eroski Taldeak 17,8 milioi euroko emaitza positiboa izan du 2026ko lehen hiruhilekoan
- 3. LKS Next-ek 85 milioi euroko langa gainditu du 2025ean eta % 19ko bilakaera izan du 2026ko hasieran
- 4. "Kooperatibismoari kontakizuna falta zaio. Ez istorio faltagatik, baizik eta kodeak ez direlako gaur egungoekin bat etortzen"
- 5. Batzek 69 milioi euroko finantzaketa sindikatua itxi du 2032ra arteko hazkundea sustatzeko
- 6. MONDRAGONek 11.322 milioiko salmentak lortu zituen 2025ean, eta 1.346 enplegu berri sortu
Hego Euskal Herriko ekonomiaren hazkundea esperotakoa baino hobea izaten ari da aurten
2023ko Ekonomia Txostenak eta aurtengo urtealdirako aurreikuspenak aurkeztu ditu Laboral Kutxak Bilbon eta Iruñean, eta azpimarratu du “errealitateak ustekabe positiboa” ekarri duela. Izan ere, aurtengo lehen hiruhilekoan %0,5 eta %1 bitarteko hazkunde tasak izan dira Hego Euskal Herriko lau eremuetan, eta, beraz, Laboral Kutxak asko hobetu ditu iazko abenduan eginiko iragarpenak: aurreikuspen berrien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko BPG %2 haziko da aurten, eta Nafarroakoa, %2,1. Abenduan, %1,4ko igoera iragarri zuen.
Enpleguak ere hazten jarraituko du Laboral Kutxaren ustez. Hala, urte amaieran langabezia tasa %7,5era jaitsiko da EAEn, eta %9,4ra Nafarroan. 2023an langabezia tasa %7,7koa izan da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta %9,9koa Nafarroan. Inflazioan, berriz, jaitsiera ez omen da horren nabarmena izango: KPI %3,2koa izango da EAEn, eta %3,1koa Nafarroan.
Are, banku kooperatiboak nabarmendu duenez, “inflazioaren aurkako borroka ez da amaitu oraindik”. Datuek erakusten dute luze joko duela Europako Banku Zentralak lortu nahi duen %2ko helburua lortzea; Laboral Kutxaren iritziz, 2025ean gertatuko da hori. Bitartean, EBZren Gobernu Kontseiluak arretaz jarraituko dio soldaten bilakaerari, eta unean uneko datuetan oinarrituko ditu erabakiak.
Barne-indarra, aurreikuspenen oinarri
Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa departamentuko zuzendariaren arabera, hiru izan dira aurreikuspen baikorren arrazoiak: zerbitzu sektore sendoa, lan merkatuaren dinamismoa eta kontsumoaren portaera ona. Hala ere, industria sektorean ere antzeman da hobekuntza, eta horrek sendotu egin ditu hazkundearen aurreikuspenak.