TUlankide MONDRAGON

HAU 2019 diseinu lehiaketaren irabazleak

2019/10/23

Uxue Ariztimuño, Amaia Baztarrika eta Olatz Mendiola izan dira HAU diseinu lehiaketaren hirugarren edizioaren irabazleak ZURA proiektuarekin. Hiruak dira Mondragon Unibertsitateko ikasleak.
HAU 2019 diseinu lehiaketaren irabazleak

HAU 2019 diseinu-lehiaketaren III. edizioan aukeratutako lanak ikusgai egongo dira azaroaren 22ra bitartean Mondragon Unibertsitateako Goi Eskola Politeknikoan (1. eraikineko 1. solairuko korridorean).

Euskal kulturako objektu tradizional baten diseinua eguneratzea da lehiaketaren helburua. Aurtengo edizioan aukeratutako objektua zizeilua da, hormaren kontra eta sutondotik hurbil kokatu ohi zen altzari funtzionala. Eserleku bat zen, zorutik gorako bizkar etengabea zuena eta bizkarraren erdiko zatia mugikorra.

Euskal kulturako objektu tradizionalen birdiseinua 

HAU diseinu-lehiaketaren antolatzailea Bitamine Faktoria da, San Telmo Museoarekin, Mondragon Unibertsitatearekin, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Ramírez i Carrillo diseinu-estudioarekin elkarlanean.

Erakusketan ikusgai egongo da, besteak beste, ZURA lan irabazlea, Goi Eskola Politeknikoko Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza Graduko Uxue Ariztimuñok, Amaia Baztarricak eta Olatz Mendiolak egindakoa. Horrez gain, aurkeztutako lanik nabarmenenen lagina bat ere ikusi ahal izango da.

ZURA lanaren bidez lehiaketa irabazi duen taldeak honako sari hau eskuratu du: 600 euro dirutan eta 5 eguneko egonaldia praktiketan Ramírez i Carrillo diseinu-estudioan, Bartzelonan, gastu guztiak ordainduta. Bestalde, EAKO proiektuak ohorezko aipamena lortu du lehiaketan. Haren egilea Aizea Fernández de Lapena da, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko beste ikasle bat, eta epaimahaiak diseinuaren izaera poliedrikoa eta egungo etxearen hizkuntza komunarekin duen konexioa goraipatu ditu.

Zura proiektua

Epaimahaiaren aktaren arabera, «proiektuak trebetasunez eta sentikortasunez uztartzen ditu objektuaren alderdi teknikoak, funtzionalak eta formalak; proposatzen duen diseinua nabarmentzen da bere hizkuntzaren eta adierazpenen aberastasunagatik; bat dator jatorrizko objektuarekin eta, aldi berean, haren ezaugarri batzuk gaur egungo usadio eta ohituretara egokitzen ditu».

Erakusketa San Telmo Museoan egon da ikusgai ekainean, uztailean eta abuztuan, eta arrakasta handia izan du.

Zizeilua

Sutondoan kokatu ohi zen altzari funtzionala da. Pieza gehienak XVI. eta XVII. mendeetakoak dira, baina XIX. mendera arte ere fabrikatu ziren. Pinu-, gaztainondo- edo makal-zurez egindako eserleku luzanga zen. Hormaren ondoan kokatu ohi zen, eta zorutik gorako bizkar etengabea zuen, haize-korronteetatik babesteko eta suaren beroa ez galtzeko. Altzari horren ezaugarrietako bat bizkarrari banden bidez lotuta izaten zuen ohol tolesgarria zen, Ohol horrek mahaiaren eginkizuna betetzen zuen, eta bermatzeko hanka bat izaten zuen. Hitzaren jatorri etimologikoa latinezko subselliu hitza da: sub (behea) + sellium (aulkia). Euskaraz hainbat hitz erabiltzen dira, eskualdearen arabera: zizailua, zizilua, ziziloa, txisilua edo txitxelua, besteak beste.

Eguraldia
Osteguna 21 Min: 6
Max: 13
Ostirala 22 Min: 6
Max: 11
Larunbata 23 Min: 6
Max: 11
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak