"Guretzat positiboa da Mondragon Assembly gure Administrazio Kontseiluan egotea"

Alberto Tellechea, SAFE LOAD TESTING TECHNOLOGIESeko kontseilaria eta CEOa.
Card image cap
2022/09/29

MONDRAGON Sustapen Zentroa, negozio berrien sustapenerako eta garapenerako plataforma korporatiboa da. Testuinguru honetan, MONDRAGONek azken hiru urteetan hamabost bat enpresa berri edo ‘startup’-etan inbertitu du, hainbat kooperatiba hauen kapitalean inplikatuz eta, behar izan denean, Funts Korporatiboekin lagunduz. Safe Load Testing Technologies da horietako bat, Mondragon Assembly kooperatibarekin batera parte-hartutakoa eta garraioaren simulazioaren eta bilgarriaren optimizazioaren alorrean lan egiten duena. Alberto Tellechea, Zuzendari nagusi eta Kontseilariarekin berbetan izan gara.

Hasteko, hitz egin dezakegun Safe Load Testing Technologies-en jatorriaz eta jardueraz.

Safe Load Testing Technologies 2016an jaio zen ITENEn (Bilgarriaren, Garraioaren eta Logistikaren Institutu Teknologikoa), proiektua Europako Horizon 2020 programan aurkezteko. Honen helburua zen ITENEk Safe Load Testing Technologies-era transferentzia teknologikoa egitea, garatzen hasiak ziren garraio-simulazioko makinak merkaturatzeko. Valentziako Erkidegoko Institutu Teknologiko baten merkaturako transferentzia teknologikoaren lehen kasua da.

Urtebete geroago, proiektua programan parte hartzeko onartua izan zen. Eta orduan jaso nuen Safe Load Testing Technologies-en buru izateko proposamena. Proiektua benetan interesgarria iruditu zitzaidan, eta horregatik erabaki nuen enpresa bat hutsetik abiatzeko erronkari ekitea. Horrela, enpresak 2017ko urrian ekin zion bere ibilbideari, lan-arloak aztertuz eta proiektua sendotzen lagunduko zuen profesional-taldea bilatuz.

Safe Load Testing Technologies-en, garraioaren baldintzak simulatzeko makinak diseinatu eta fabrikatzen ditugu, bilgarria optimizatzeko eta baliozkotzeko, produktua banaketa-ziklo osoan behar bezala babes dezan

Transferentzia teknologikoko lehen kasua da, eta, gainera, hazteko ahalmen handia duen merkatu-nitxo batean.

Halaxe da, bai. Aipatu dudan bezala, ideia ITENEn sortzen da, hain zuzen, garraioa simulatzeko laborategi bat sortzeko beharra sortzen zaienean, saiakuntza-zerbitzua zabaltzeko eta arlo horretan ikertzeko. Urte haietan, mota horretako makinak AEBetan bakarrik egiten ziren eta oso garestiak ziren. Beste aukera batzuk aztertu ondoren, ITENEko zuzendariak ondorioztatu zuen Europan merkatu-nitxo interesgarri bat zegoela. Hau ikusita, ingeniari-talde bat biltzea eta garraio-simulaziorako makinak garatzen hastea erabaki zuen, ondoren proiektua H2020 programara aurkezteko.

Horri esker, gaur egun, Safe Load Testing Technologies da Europan mota horretako makinak ekoizten dituen ekoizle bakarra. 

Zein makina mota dira eta zein irtenbide eskaintzen dizkiete bezeroei?

Safe Load Testing Technologies-en, garraioaren baldintzak simulatzeko makinak diseinatu eta fabrikatzen ditugu, bilgarria optimizatzeko eta baliozkotzeko, produktua banaketa-ziklo osoan behar bezala babes dezan. Teknologia horiei esker, enpresak bilgarriaren portaera aztertzeko gai dira, bibrazio-, erorketa-, inpaktu-, konpresio- edota azelerazio-saiakuntzak eginez. Saiakuntzak egin ondoren, bilgarria ez bada gai jasan behar izan dituen indarrei aurre egiteko, enpresak informazio guztia du berriro diseinatzeko eta optimizatzeko, salgaiak modu seguruan garraiatzen direla eta egoera onean iristen direla bermatuz.

Gure bezero nagusien artean daude bilgarrien entsegu-laborategiak, enbalaje-fabrikatzaileak eta marka handiak, batez ere produktu elektronikoak, elikadura-alorrekoak, farmazeutikoak, kosmetikoak eta abar, garraioan zehar kaltetu daitezkeen produktuak dituztenak, alegia.

Laburbilduz, hauek dira gure merkaturatze-estrategiaren hiru zutabeak: garraioko segurtasuna, bai produktuarentzat baita tartean dauden eragile guztientzat ere; jasangarritasuna, beharrezkoa besterik ez den bilgarria erabiltzeko produktua babestua joan dadin eta zama segurua izan dadin; eta, lehenengo bien ondorioz, enpresentzako kostuen murrizketa.

Noiz gurutzatzen dira Safe Load Testing Technologies eta MONDRAGONen bideak?

Horizon 2020 proiektua 2019ko abenduan itxi ondoren, bakarkako bidea hasi genuen. 2018an 230.000 euro fakturatzen hasi ginen, eta bigarren urtean kopuru hori ia laukoiztu genuen, 800.000 euro fakturatuz. Hasiera oparoa zirudien, 2020ko martxoan pandemia iritsi zen arte. Mundu mailako ziurgabetasun-egoera berriak enpresaren hazkunde-estrategia berriz ere definitzera behartu gintuen, proiektua indartzeko inbertitzaile baten bilaketa aktibatuz.

Bide horretan, 2021eko apirilean MONDRAGON F.C.R. eta Mondragon Assembly enpresaren kapitalean sartu ziren, eta horri esker pandemiak sortutako egoerari buelta eman ahal izan genion, urtea milioi bat ehun mila euroko fakturazioarekin ixtea lortuz.

Gaur egun, Safe Load Testing Technologies-eko lantaldea 8 pertsonek eta hainbat banatzaile ofizialek osatzen dugu, kanpoko hornitzaileekin dugun elkarlanaren bitartez makinak fabrikatuz. Azken atal hau funtsezkoa izan da Mondragon Assembly-rekin sinergiak aurkitzeko.

2021eko apirilean MONDRAGON F.C.R. eta Mondragon Assembly enpresaren kapitalean sartu ziren, eta horri esker pandemiak sortutako egoerari buelta eman ahal izan genion

Nolakoa izan da enpresaren ibilbidea orduz geroztik?

MONDRAGON gure kapitalean sartzeko negoziazioetan, Taldeko kooperatibetako bat ere inbertsioaren parte izatea bilatzen zuten. Eta, dudarik gabe, Mondragon Assembly-k, aliantza oso interesgarria suposatzen zuen guretzat. Alde batetik, Safe Load Testing Technologies Mondragon Assembly-ren sare komertzial zabalaz baliatuko litzateke. Eta, aldi berean, alde guztiek hornitzaile-bezero sinergia ere oso garbi ikusi genuen, gure hainbat ekipo fabrikatzen hasita. Horrela, gure hornitzaile homologatuetako bat bihurtu da. Horrela, hainbat makina fabrikatzen ari dira gaur egun Aretxabaletako lantegian.

Safe Load Testing Technologies lan-taldea eta Mondragon Assembly-ko kideak.jpg

Gainera, oso positibotzat jotzen dugu Mondragon Assembly gure Administrazio Kontseiluko kide izatea. Mikel Gantxegi kooperatibako Zuzendari nagusiaren eskarmentua oso aberasgarria da gure enpresarentzat.

Maila pertsonalean, uste dut oso egokia dela startup-aren jardueraren antzekoa duen kooperatiba batek inbertsioan parte hartzea. Izan ere, ondo baino hobeto ulertzen dituzte sektorearen arazoak eta ezaugarriak, ikuspegi eta esperientzia pertsonala eskaini dezakete, eta sinergia errealak eta oso onuragarriak gauzatzen dira bi aldeentzat.

Zein erabilera eman zaio gauzatutako inbertsioari esker lortutako finantzaketari?

Hainbat lan-lerro aktibatu ditugu. Inbertsioaren zati handi bat marketinaren esparrura bideratu dugu. Gu hasi ginenean, 40 urte baino gehiagoko sektore batean sartu ginen, non lehiakide gutxi zeuden, baina sektorean urte asko zeramatzaten. Bereziki, kontsumitzaileengan oso errotuta dauden enpresa amerikarrak ziren.

Hasiera hartan, gure erronkarik handiena zera zen, bezero potentzial batek gure enpresan konfiantza izatea, startup bat izateak suposatzen zuen arriskua kontutan izanda. Marketineko zuzendari Lidia Maestrerekin batera, marketineko eta komunikazioko hainbat estrategia aktibatzea erabaki genuen, sektorean arlo horretan trebetasun handiko enpresa gisa kokatzeko. Estrategia horiei esker, gainera, esparru digitalaren buru izan gara, mundu mailako erreferenteetako bat bilakatuz.

Aldi berean, inbertsioaren zati bat ildo komertziala indartzera bideratu dugu, batez ere merkatu amerikarra lantzeko, merkatu hori baita helduena eta eskuratzeko zailena, gure lehiakide nagusien mende baitago erabat. Horregatik, tokiko banaketa-akordio bat lotu dugu sektorean garrantzi handia duen eta urte askotako esperientzia duen enpresa batekin. Txinako merkatuan ere sartu gara, gure enpresa ezagutzera ematen hasteko asmoz.

Azkenik, ikerketaren eta I+Garen arloari dagokionez, prototipo berriak diseinatzen ari gara. Enpresa txikia eta sorrera berrikoa gara, ez diogu inoiz berritzeari utzi behar eta denbora inbertitu behar dugu bai produktu berrien garapenean baita eta dauden diseinuen bilakaeran ere, beti abangoardian egoteko. Gure lan egiteko modua gure "feel the innovation" leloarekin lerrokatuta dago: makina berritzaileak sortzeko misioa transmitituz, diseinu garbi eta lagunkoi baten bidez balioa emango dutenak, beti ere software intuitiboak eta erabilerrazak erabiliz. Horixe da, hain zuzen ere, sektoreko beste enpresa batzuen aldean bereizten gaituena eta lehiakortasun-abantaila ematen diguna.

Nolako etorkizuna irudikatzen duzue epe labur edo ertainera? Zein jarduera-aurreikuspen ditu Safe Load Testing Technologies-ek?

Gure helburu nagusia Europako merkatuan dugun lidergoa sendotzea da. Hortik abiatuta, baita merkatu amerikarrean eta txinatarrean sartze- eta posizionamendu-kuota garrantzitsua lortzea ere.

Datuei dagokienez, 2022an 1,8 milioi euro fakturatzeko helburua beteko dugu. Hurrengo bi urteetan, lan-taldea %50ean haztea da gure helburua, 12 pertsonaraino handituz. Eta, 2024ko itxierarako 4,2 milioi euroko fakturazioa lortzea aurreikusten dugu.

Oro har, lanean eta hobetzen jarraitzen dugu, bilgarria optimizatzeko garraio-simulazioko ekipoen alorrean maila globalean liderrak izateko asmoz. Berrikuntza eskaintzen jarraitu nahi dugu, eredu eta makina berriak sortuko dituzten saiakuntzak eta ikerketak sustatuz, gure enpresak hazten jarrai dezan.  

Ekintzailetasuna, dibertsifikazioa eta enpresa-jarduera berrien sorrera sustatzeko MONDRAGON Korporazioaren plataforma korporatiboa gara.

Muntaketa automatikoaren sistemak