TUlankide MONDRAGON

MODELA: gaztelania-euskara itzultzaile automatiko iraultzailea

2018/11/29

Eragile ezberdinek hartu dute parte proiektuak. ISEA eta Mondragon Linguak elkarlanean balioztatu eta merkaturatu dute proiektua. Eskura dago MODELA izenarekin.
MODELA: gaztelania-euskara itzultzaile automatiko iraultzailea

Dagoeneko, euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpen automatikoko sistemarik onena denon eskura dago: MODELA (www.modela.eus). Azkenaldian boladan dagoen adimen artifizialeko teknikarik berritzaileenean oinarrituta garatu dute: Sare Neuronaletako Itzulpen Automatikoa (NMT, Neural Machine Translation). “Orain arte hizkuntza nagusien arteko itzulpen-sistemetan erabili den teknika aurreratu hori euskarazko testuekin ere aplikatzeko modua aurkitu dugu”, adierazi dute Itziar Cortesek eta Igor Ellakuriak, Elhuyarreko eta MondragonLinguako Itzulpengintzarako Teknologien eta MODELAren arduradunek.

Lau euskal zentro teknologikoren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta itzulpen enpresa baten arteko elkarlanaren emaitza da MODELA.

Itzulpen automatikoan aurrerapen garrantzitsuak egiten ari dira munduan, baina erronka teknologiko handia da oraindik ere. Bide horretan, euskarak lortu du mundu eleaniztunean tokia egitea, eta jauzi kualitatibo handia ekarri du MODELAk. Izan ere, orain arteko itzulpen automatikoko sistemetan, emaitzen kalitatea mugatzen zuten euskararen morfologia aberatsak eta bestelako ezaugarriek; aldiz, sare neuronaletan oinarritutako sistemetan, gainditu egin da muga hori, eta euskararen hizkuntza-teknologiak beste hizkuntzen pare jarri dira.

Sare neuronaletan oinarritutako itzultzaile automatikoek izugarrizko jariakortasuna eskaintzen dute, aurrez ezagutzen genituen sistemekin alderatuz. “Euskararen kasuan, inoiz ikusi ez diren kalitateko itzulpenak eskaintzen ditu MODELAk. Lehen aldiz, euskarazko itzultzaile automatiko baten erabilera praktikorako ateak ireki zaizkigu”, gehitu dute MODELAren arduradunek.

Euskal Herriko enpresetan euskara zabaltzeko aukera

Languneren merkatu-ikerketaren arabera, EAEko itzulpen-merkatua (publikoak eta pribatuak barne hartzen dituena) 40 milioi euro ingurukoa izan zen 2017an, eta, guztira, 500 milioi hitz itzuli ziren. Beraz, eragin handia izango du teknologiaren eta profesionalen garapenean; esaterako, MODELAk itzultzaileen produktibitatea handitzeko aukera eman dezake. Hala ere, ez dator itzultzaile profesionalak ordezkatzera, euskarazko eduki gehiago sortzen laguntzera baizik.

“Euskaraz bizi nahi duten pertsona eta erakundeetan ere eragin handia izango du; itzulpenen kalitateari esker, eguneroko komunikazioa (enpresen barne-komunikazioa, blogak, etab.) euskara hutsean bideratu ahal izango da”, diote Elhuyar eta MondragonLinguako arduradunek.

Alegia, MODELAk lagunduko du erakundeetan euskararen idatzizko erabilera handitzen eta euskara normalizatzen, eta enpresek kalitateko tresna bat izango dute euskaraz komunikatzeko gai ez direnentzat. Modu horretara, erakunde barneko komunikazioa bermatuko da, bakoitzari bere hizkuntzan komunikatzeko aukera ematearekin batera.  

Aipatutakoaz gain, euskarazko kalitate handiko itzultzaile automatiko hau lagungarri izango da hizkuntza-teknologien garapenerako eta aplikazio berriak sortzeko, hala nola laguntzaile birtualak, testuen analisia, etab. Aplikazio horiek eragin handia izango dute sektore hauetan, besteak beste: osasuna, administrazio publikoa, fabrikazio aurreratua eta ikus-entzunezkoak.

Elkarlanean garatu den proiektua

MODELA itzultzailea Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko zenbait agenteren arteko elkarlanari esker garatu da, eta Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk ELKARTEK ikerketa-programaren bidez bideratutako laguntzari esker gauzatu da. Hizkuntza-teknologien ikerketa eta garapenean jarduten diren euskal erakunderik esanguratsuenak bildu ditu proiektuak. Gainera, partzuergoak ikerketatik merkaturatzeraino doan kate guztia bete du, agente-mota desberdinen partaidetzarekin.

Alde batetik, itzulpen-teknologietan abangoardian dauden hiru erakundek (Vicomtech ikerketa-zentroak, Elhuyar Fundazioak eta UPV/EHUko Ixa taldeak) beren gain hartu dituzte proiektuaren garapen tekniko nagusiak, eta Ametzagaiña proiektuaren kudeaketa orokorraz arduratu da. Bestalde, ISEA arduratu da MondragonLingua eta Eleka Ingeniaritza Linguistikoarekin (Elhuyar Fundazioaren enpresa teknologikoa) elkarlanean proiektuaren emaitzak baliozkotzeaz eta merkaturatzeaz. Aipagarriak izan dira, halaber, Elhuyarrek, MondragonLinguak eta EiTBk itzultzaile automatikorako sistemak garatzeko ezinbestekoak diren datuak eta hizkuntza-edukiak biltzeko garaian egin dituzten ekarpenak. Azkenik, Elhuyarrek eta MondragonLinguak bat egin dute itzultzaile automatikoaren irismena handitzeko eta merkaturatzea bizkortzeko. 

 

Informazioa eta web-zerbitzua: www.modela.eus

Eguraldia
Larunbata 14 Min: 15
Max: 30
Igandea 15 Min: 16
Max: 30
Astelehena 16 Min: 16
Max: 28
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak