Irakurriena
- 1. Mondragon Unibertsitateak maiatzera arte eskainiko ditu ate irekien jardunaldiak
- 2. Cikautxok Hidrogeno ibilgailuetarako osagaiak eta zirkuituak garatzen ditu
- 3. “Iraunkortasunaren arrakasta lan taldean dago, eta zentzu honetan beste erronka handi bat talentuaren garapena da”
- 4. Ausolanek eta Basque Team-ek Aktiba zaitez kanpaina abiarazi dute, haurtzarotik jarduera fisikoa sustatzeko
- 5. Basque Culinary Centerrek 10 urte bete ditu, gastronomia sustatzen
- 6. MONDRAGON Korporazioak eta ONCE Gizarte Taldeak bat egin dute prestakuntza, enplegua eta teknologia sustatzeko
- 7. Juanjo Ansoategi hil da
- 8. LagunArok normaltasunaren itzulera iragarri du
- 9. Pertsonen berrikuntzaren hilabetea Garaian
- 10. Eskuratu LABORAL Kutxaren txirrindulari-ekipamendua
Gazteak bueltatzeko programa hedatzeko protokoloa sinatu da

Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek, Confebaskek (Euskal Enpresarien Konfederakuntza), ASLEk (Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea) eta Konfekoopek (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa), euskal gazteak Euskal Autonomia Erkidegoan finkatuta dauden lan-zentroetara bueltatzeko programari zabalkundea emateko lankidetza-protokoloa sinatu dute.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Lanbidek, programa aitzindaria jarri dute martxan; kalitateko enplegua sustatzeko, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean lanean ari diren 35 urtetik beherako gazteak Euskadira itzuli ahal izateko.
Aldeek adostu dute gazteak bueltatzeko programari buruzko informazioari zabalkundea ematea, enplegu-aukerak antzematen lankidetzan jardutea eta programak eskaintzen dituen aukeren inguruan interesa izan dezaketen pertsonen aurrean sustapen zuzena eta pertsonalizatua egitea. Horretarako, alde sinatzaileek beren giza baliabideak, informatikoak eta materialak izango dituzte.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak, Kepa Olivares ASLEko presidenteak, Rosa María Lavín Konfekoopeko presidenteak, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak, akordioa izenpetu dute Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan.
Euskal enpresa-sarean, Confebask euskal enpresarien interesen adierazle da, ASLE lan-sozietateen enpresa-taldea da gizarte-ekonomiaren arloan eta Konfekoop Euskadiko kooperatiben ordezkaria da, lankidetzako sustapena eta prestakuntza bultzatuz. Euskal Unibertsitate Sistema dela eta, prestakuntza-eskaintza zabala eta kualifikatua du, ezagutza-adar guztietan. Prestakuntzaz gainera, horietan ikasketak egin zituzten pertsonekin loturei eusteko programak dituzte; horrela, pertsona horien lan-ibilbideen datuak izateko sareak eratzen dituzte (Ehualumni, Deustoalumni edo Mukide).
Horrela, agerian geratu da agente sinatzaile guztiek interes bera dutela: erkidego honetatik kanpo lan-jarduera hasi duten gazteak euskal enpresetara buelta daitezen sustatuko duten lan-jarduketako programetan sakontzea.
Programa aitzindaria
Laguntza-ildoa bikoitza izango da: alde batetik, 35 urtetik beherakoak diren eta kanpoan gutxienez 12 hilabete lanean daramatzaten euskaldunak kontratatzen dituzten euskal enpresek diru-laguntza jasoko dute, soldataren zati bat ordaintzeko; bestetik, kontratatutako gazteek laguntza bat jaso ahalko dute, joan-etorrien gastuak ordaintzeko.
Enpresentzako laguntzak gutxienez urtebeteko iraupena duten kontratuetara bideratuko dira, eta plusak emango zaizkie kontratu mugagabeak sinatzen dituzten enpresei. 2017an, 1.766.667 euro bideratu dira programa horretara, eta programarekin jarraitzea aurreikusten da.