Gaurkoan gu, bihar zuek

Elkartasuna lurreratzen denean, ukitu daitekeenean, batzuek besteen babesa sentitzen dutenean, kooperatiba batzuen beharrak eraginda besteen erantzun zintzoa ematen denean, orduan ikusten da MONDRAGONeko kooperatibismo ereduaren solidaritatearen indarra. Halaxe gertatu zaio Etxebarriako Eika kooperatibari. Azken boladako astinduak jota erabakiak hartu behar izan dituzte; estruktura murriztu, pertsonei irtenbideak bilatu, gertuko zein urrunagoko kooperatibetan birkokatu eta askok Lea Artibaiko kooperatibetan aurkitu dute etxe berria.
Card image cap
2026/07/02

Gaur egun Eikako 20 pertsona Kiden daude, 14 Cikautxon, Orbean 13, Dikar-en 8, Maierren 5, Ondoanen bat eta Coprecin beste bat. Guztira, maiatzeko datuak eskuartean, 62 pertsona birkokatu dituzte jada. Ba al dago elkartasun ariketa handiagorik? Interkooperazio eredu sendoagorik? Horren inguruan aritzeko Agustin Bengoetxea (Kideko presidentea) eta Iñigo Arrieta (Eikako presidentea) elkartu ditugu, Kidek Berriatuan duen lantegian.

3Q3A9636.JPG

Iñigo Arrieta, Eikako presidentea, eta Agustin Bengoetxea, Kideko presidentea.

2025eko ekainean konturatu ziren Eikan zerbait ez zihoala ondo. Aurretik ere, 2023an egutegi mugikorra ezarri zuten baina seinaleak orduan baino kezkagarriagoak ziren. Koiunturala baino estrukturala zirudien eta erabakiak hartu beharrean aurkitu ziren. “Kolektiboari egoera azaldu genion, neurriak hartu beharra geneukan eta birkokapenak planteatu genituen. Gure salmenta maila eta fabrikazio gaitasuna oso ezberdinak ziren. Jaitsi behar genuen fabrikazio maila eta pertsonei irtenbide bat zor genien”, adierazi du Iñigo Arrietak, Eikako presidenteak.

Hasi ziren aztertzen, aukera ezberdinak ikusten eta gertuko, bereziki Lea Artibai eskualdeko kooperatiben sekulako erantzuna jaso zuten. MONDRAGONeko sarea, eskualdeko kooperatiben foroa, kooperatiba ezberdinetako giza baliabideetako pertsonen topagunea… bide guztiak aktibatu zituzten. Kooperatiba desberdinen ordezkariekin batzen hasi ziren eta haien guztien erantzunak oiloipurdia eragiten die oraindik orain. “Galdezka hasi ginen, pertsona beharrak badituzue? eta batzuek erantzun azkarra eta positiboa eman ziguten. Gure kolektiboari galdetu genion eta erantzun egokia jaso genuen. Hala, lehenengo boluntarioen zerrenda osatu genuen eta horiek birkokatu genituen aurrenekoz. Eikarentzat lehenengo aldia izan da, ziklo txar asko izan ditugu baina inoiz ez dugu jendea birkokatu behar izan. Tokatzen zaizunean ez dago besterik”.

Iñigo Arrieta, Eikako presidentea: "Eikarentzat lehenengo aldia izan da, ziklo txar asko izan ditugu baina inoiz ez dugu jendea birkokatu behar izan. Tokatzen zaizunean ez dago besterik”

Fabrikazioko jendearekin eman zen aurreneko pausoa. “Kooperatiba hartzaileei profilak definitzeko eskatu genien eta guk etxe barruan publikatu genituen beharrak, boluntarioak eskatuz. Jendea apuntatzen joan zen heinean, kooperatiba jasotzaileek elkarrizketak egiten hasi ziren eta jarraian etorri ziren birkokatzeak”, adierazi digu Arrietak. 2025eko abuztutik aurrera Eikako pertsonak lanean hasi ziren euren lanpostu berrietan. Iñigo Arrietaren esanetan, euren kooperatibako kolektiboaren erantzuna ere oso ona izan da. “Konpromiso itzela erakutsi dute. Gogorra da norbere kooperatiba uztea, gutxienez urtebete kanpoan egingo dutela jakinda. Gainera, ziurgabetasun testuinguru horretan, urtebete pasatu ondoren birkokapenekin jarraitu behar badugu, nola afektatuko zaio kolektiboari?”.

Bigarren fasean, burubelarri

Une honetan bigarren fasean sartuta daude buru-belarri. “Kontziente gara estruktura ere egokitu behar dela salmenten mailara. Beharrezko egitura aztertzen ari gara eta horrek ziur zeharkako eskulan soberakina ekarriko du”. Komunikazio prozesuan murgilduta daude. “Dudarik gabe, orain dator gogorrena”. LagunAro EPSVrekin etenik gabeko haria ireki dute, eta bertan aurkitu dute beste aliatu bat. “Esperientziagatik esaten digute jendea birkokatzen dela, badagoela lana eta irtenbideak badirela. Balioan jarri nahi duguna da lana. Langabeziaren aurrean kooperatibak, eta MONDRAGONek lana eskainiko digu. Hori da balioan jarri behar dena. Elkartasun eta interkooperazio erreminta oso potenteak ditugu eta gure behar guztiak betetzen ari dira”.

Etxebarriatik gertu dago Berriatua. Eika eta Kide, biak ala biak, hamabost kilometrora daude bata bestetik. Gertu geografikoki eta gertuago izaerari erreparatuz gero

Kide hartzaileen artean

Etxebarriatik gertu dago Berriatua. Eika eta Kide, biak ala biak, hamabost kilometrora daude bata bestetik. Gertu geografikoki eta gertuago izaerari erreparatuz gero. “Zorionez Kidek beharrak izan ditu eta guk oso gertu sentitu ditugu. Badakigu aurpegiaren beste aldean gaudela orain, elkartasunaren txanponaren beste aurpegian gaudela”, dio Agustin Bengoetxeak. Kidek ere igaro izan ditu krisi garaiak 50 urteko historian. “Gure lankideak birkokatuta joan behar izan dira beste sasoi batean, ez hain kopuru handian, orduan ere gutxiago ginelako, baina bizi izan dugu antzeko egoera”.

Orduan ere, soluzioa Lea Artibai eskualdean aurkitu zuen Kidek, “ekosistema oso berezia osatzen dugu Lea Artibai eskualdean eta foro ezberdinak ditugu non bikain moldatzen garen”. Agustin Bengoetxeak argi dauka, “Ahal genuen neurrian lagunduko geniela, jendea gurean birkokatuko genuela. Momentu ona bizi dugu zorionez, lanez ondo gabiltza, eta horrek laguntzen du, nola ez, erabakiak hartzen.

Elkartasun adierazpen hau MONDRAGONen esperientzia kooperatiboaren ikurra da, interkooperazio ariketa itzela

Elkartasun adierazpen hau MONDRAGONen esperientzia kooperatiboaren ikurra da, interkooperazio ariketa itzela. Honek desberdintzen gaitu eta harro sentitu gaitezke. Erreminta honek aukerak eskaintzen dizkigu kooperatiba guztioi eta arnasgune itzela da. Babes handia da. Azken finean, tokatzen zaiguna egin dugu”. Kooperatiba moduan harro sentitzen direla adierazi digu Agustin Bengoetxeak, eta oso hitz onak ditu Eikatik iritsi-berri diren pertsonen inguruan. “Orokorrean etorri direnak oso ondo integratu dira eta oso gustura dabiltza eta horrek harrotasuna eragiten digu. Perfil askotarikoak ditugu, baina 20 horietatik gehienak dira eskualdekoak. Markina, Mutriku, Ondarru… hurbiltasun horretan gu aukeratzeak balioan jartzen du gure proiektua”, gaineratu du Bengoetxeak.

“Elkartasun eta interkooperazio erreminta oso potenteak ditugu eta gure behar guztiak betetzen ari dira”

Plan estrategikoa Eikan

Eta etorkizunean zer? Galdetuko du irakurleak. Kidek, ahal duen neurrian, elkartasuna adierazten jarraituko du. Eta Eikak plan estrategiko berriari ekingo dio. “Liderrak gara eta liderrak izaten jarraitu nahi dugu, Ameriketako merkatuan bereziki. Bi bezero nagusiak han ditugu eta posizionamendua indartuko dugu. Europa asko aldatu da, txinatar ekoizle asko sartu da eta tamalez desplazatu gaituzte. Dibertsifikatu behar dugu produktua eta zerbitzua. Beste eskaintza mota bat egin behar dugu, bitrozeramika eta sukalde osoa eskaini beharko dugularik”. Dibisio mailan badira aukerak eta ari dira batzuekin eta besteekin aurrera-pausoak ematen. Fagor Elektronikarekin, Coprecirekin eta Orklirekin aukera ezberdinak aztertzen ari dira. “Lanpostuak mantentzeko produktu ezberdinak fabrikatu behar ditugu, aktibitate berriak sustatu eta MONDRAGONen eskutik ideia ezberdinak jasotzen ari gara, epe ertain luzera begira”, adierazi du Arrietak. Hala izan dadila.

Egosketa elektrikorako irtenbideak

Hotz ganberak