TUlankide MONDRAGON

'Freskoetan espezializatzeko' programa hasi da, Lanbide Heziketa Dualean

2019/03/12

Hau sortzeko elkartu dira: Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI), EROSKI eta Leioako Ostalaritza Eskola.
'Freskoetan espezializatzeko' programa hasi da, Lanbide Heziketa Dualean

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 'freskoetan espezializatzeko' programa aurrendaria atera du, Lanbide Heziketa Dualaren eskaintzaren barruan. Aste honetan hasi da lehen promozioa, eta datorren urteko ekainean aterako dira lehen tituludunak.

Sukaldaritza eta Gastronomiako erdi mailako teknikariaren titulazioan sartu dute espezializazio programa hori. Hura sortzeko, elkartu egin dira Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI), EROSKI eta Leioako Ostalaritza Eskola. Hirurek ere era aktiboan parte hartu dute ikaslearen konpetentzien soslaia diseinatzeko orduan. Hala, ikastetxean jasoko dute prestakuntza, batetik, eta praktika ordainduekin eta zainduekin osatuko dute, bestetik, bi alorretan ere behar diren konpetentziez jabetu daitezen. Prestakuntza akademikoa Leioan izango da, Ostalaritza Eskolan. Zikloaren bigarren mailan, EROSKI taldearen dendek alderdi praktikoan dihardutenen %75 hartuko dituzte. Hirugarren mailan, praktiken %85 EROSKIn egingo dute, eta %15 Leioako Ostalaritza Eskolan.

Titulazio horren bidez, batetik, erantzun bat eman nahi zaio ekoizpen ehunean dagoen eskariari, eta, bestetik, programan parte hartzen duten ikasleen enplegagarritasuna hobetu. Horrez gain, lan munduan beste irteera bat izango dute sukaldaritzaren bidea argi ikusten ez duten ikasleek.

"Merkataritzaren sektorean, gaur egun, profesionalak behar dira freskoetan espezializatuak, eta hori indartu nahi dugu Lanbide Heziketaren alorretik. Espezializazio aurrendari hori lan merkatuaren premietara egokituta dago, zehazki, banaketaren mundura, eta, hortaz, erantzun bat emango dio lan merkatuari, gero eta gehiago ari baita profesional espezialistak eskatzen", azaldu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, Ricardo Lamadridek.

"Gaur egun, freskoen arloan profesionalentzat dagoen prestakuntza gehiago da elikaduraren industriari begirakoa merkataritzari begirakoa baino; horregatik, enpresak gure langileak etengabe prestatzen ari gara profesionaltasun ziurtagiriekin. Espezializaio berri honek, zalantzarik gabe, erantzun bat emango dio eskean den gure sektoreari. Esate baterako, EROSKI bakarrik hartzen badugu kontuan, iragarrita dago datorren 10 urteetan 400 profesional beharko direla espezializazio arlo horretan; izan ere, freskoak ari dira hartzen kontsumo handiaren ardatza. Horrek esan nahi du jendea formatu beharko dela ekoizpen ehunaren eta kontsumitzailearen premiei erantzuteko. Langile taldeen gaitasuna indartzea lehentasunezkoa da EROSKIrentzat lehiakortasuna hobetzeko", esan du EROSKIren Gizarte arloko zuzendari nagusiak, Iñigo Eizaguirrek.

"Sukaldaritza eta Gastronomiaren ziklo teknikoa oso lotua dago freskoen espezialistekin; dena dago erlazionatuta elikadurarekin eta osasunarekin. Espezializazio honek ikasleen enplegagarritasuna hobetuko du, eta lan merkatuko eskarietara oso doituta dagoen irteera bat emango du", esan du Leioako Ostalaritza Eskolako zuzendariak, Ibon Andrakak.

Eguraldia
Igandea 13 Min: 14
Max: 29
Astelehena 14 Min: 10
Max: 24
Asteartea 15 Min: 8
Max: 19
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak