Floox eta Ikerlan, ibilgailu elektrikoak kargatzeko aro berri baten buru

Haririk gabeko kargagailuen belaunaldi berri bat garatu dute, noranzko bikoa eta ibilgailu elektrikoentzako eraginkortasun handikoa, mugikortasun elektriko erosoago, garbiago eta konektatuago baterako bidea irekitzen duen proposamen aitzindaria.
Card image cap
2025/10/07

Dagoeneko posible da auto elektrikoa ibilgailutik jaitsi gabe kargatzea. Premium PSU potentzia-elektronikaren fabrikatzaileak, Floox spin off-aren bidez —ibilgailu elektrikoentzako karga azkarreko eta ultraazkarreko soluzioetan espezializatua-, eta Ikerlan zentro teknologikoak ibilgailu elektrikoentzako bi noranzkoko eta efizientzia handiko haririk gabeko kargagailuen belaunaldi berri bat garatu dute.

7,5 kW-eko soluzio bat da, ibilgailu elektriko arinen kargarako erabiltzen dena, eta 22 kW-eko karga erdi-arineko beste irtenbide bat, industria-aplikazioetarako egokia, hala nola, ibilgailu elektriko astunetarako, merkataritza-zentroetarako eta bulegoetarako. Bi kargagailuek sare elektrikotik xurgatzen duten energia ibilgailura transferitzen dute, 20 zentimetroz bereizitako bi antenari esker (bata lurrean jarrita eta bestea ibilgailuan sartuta). Horrela, eremu elektromagnetiko bat sortzen dute, ibilgailua kablerik gabe kargatzen duena, sarearen kalitatea kaltetu gabe eta energia-sektoreak eskatutako kalitate estandar handiak betez.

Prototipoek %92-95eko errendimendua dute, eta gaur egun merkatuan dauden haririk gabeko kargagailuak baino hobeak dira; bi noranzkoko kargak, bestalde, energia deskargatzeta ahalbidetzen du unean uneko behar energetikoa hornitzeko

Erabiltzailearentzako karga funtzional eta erosoko soluzio bat, ibilgailutik jaitsi beharrik ez duena. Gainera, sendotasun eta fidagarritasun handiagoa eskaintzen du, ez baitu atal mugikorrik eta konektorerik agerian, eta, hala, eguraldiak eragindako higadura minimizatu egiten da.

Efizientzia, bi noranzkokotasuna eta fidagarritasuna

Kargagailu horien ezaugarri nagusietako bat eraginkortasun handia da: prototipoek % 92-95eko errendimendua dute, eta gaur egun merkatuan dauden haririk gabeko kargagailuak baino hobeak dira (batez bestekoa % 85-90 bitartekoa da). Gainera, merkatuan bakarra den teknologia bat dute: bi noranzkoko karga. Horrek, ibilgailua elikatzeaz gain, bateriatik sarera edo beste gailu batzuetara energia itzultzeko aukera ematen du. "Itzalaldi bat gertatuz gero, adibidez, etxeko sare elektrikoari lagundu diezaiokete", azaldu du Fernando Gonzálezek, proiektuan parte hartzen ari den Ikerlaneko ikertzaileak, joan den apirilaren 28an egin zen hornidura-mozketa orokortuari erreferentzia eginez.

Etorkizuneko ikuspegia duen teknologia

Horrez gain, zentro teknologikoak kontakturik gabeko energia-transferentziarako sistemen garapenean duen ezagutza eta ibilbidea ere balioesten ditu Gonzálezek: "Urte asko daramatzagu garraioaren sektoreari aplika dakizkiokeen haririk gabeko karga elektrikoko soluzioak sortzen, arlo horretan etorriko denari aurrea hartuz eta gure bezeroei etorkizuneko mugikortasun elektrikoko sistemetarako teknologia aurreratu eta jasangarria eskainiz, betiere energiaren sorkuntzan inpaktua minimizatzea helburuarekin".

Gainera, Ikerlanek garatutako teknologiaren potentziala automobiletik haratago doa. "Horrelako soluzioak egokitu daitezke beste sektore batzuetan gailuak kargatzeko: robotak biltegi automatizatuetan, droneak edo trenak", adierazi du Gonzálezek.

Garapen horiek CDTIk finantzatutako eta 2023an hasi zenSmartgreenergy proiektuaren barruan sartzen dira. Floox eta Ikerlanen arteko proiektu honek jarraipena ematen dio Premium PSUrekin izandako lankidetza arrakastatsuari. Lankidetza horri esker, urte horretan bertan, bihurgailu osagarri bat garatu ahal izan zen katenarien energia aprobetxatzeko eta Turingo tranbiaren klimatizazio-sistema elikatzeko.

Ikerketa zentro teknologikoa