Fagor Taldeak iragarri du 2024an zein proiektu lagunduko dituen

Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez lagunduko dituen hiru proiektuak iragarri berri ditu Fagor Taldeak -bazkideek aukeratu dituzte, bozka bidez-. Euskal Herriko zenbait gizarte eragilek euren egitasmoak abiaraz ditzaten (60.000 euro, 40.000 euro eta 20.000 euro) jasoko dituzte.
Card image cap
2023/12/06

Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak jasoko du Fagor Herrigintzaren laguntza handiena, 60.000 eurokoa, Zestoan (Gipuzkoa) abiarazia duen Amillubi Taupaka proiektuarendako. Eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak jasoko du bigarren laguntza, 40.000 eurokoa, desplazamenduetarako furgoneta egokitua eskuratzeko. Bukatzeko, 20.000 euroko laguntza jasoko du Iñurri minbiziaren aurkako elkarteak 2024ko Min(bizi) Topaketetarako.

Oro har, hamazazpi eragilek aurkeztu dituzte euren gizarte proiektuak, eta bederatzi izan dira bozka fasera heldu direnak

Oro har, hamazazpi eragilek aurkeztu dituzte euren gizarte proiektuak, eta bederatzi izan dira bozka fasera heldu direnak. “Bazkideek eurek aukeratu dituzte zuzenean hiru proiektuak, bozka bidez. Horixe ere badu bereizgarri prozesuak. Alegia, bazkideen inplikazioa eskatzen du, eta euren esku dago erabakia”, azpimarratu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Biolurren, Harrobia ikastolaren, Badiharduguren, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren, Argia ikastolaren, Elhuyar Fundazioaren, Iñurriren, Konkolotxen eta Guhaziakgararen proiektuak izan dira bozka fasean.

Euskal Herrian sortutako ekimenak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko 2022an sorturiko lankidetza programa da Fagor Herrigintza

Prozesua bukatu berritan, Iraunkortasun arduraduna “pozik” azaldu da Fagor Herrigintzaren deialdi berriak izaniko harrerarekin. “Askotarikoak izan dira euren egitasmoak aurkeztu dituzten gizarte eragileak. Aberasgarria eta poztekoa da hori. Zoritxarrez, Fagor Herrigintzak ezin ditzake guztiak lagundu, baina horrek ez du esan gura gizarteari ekarpena egiten jarraitu ezin dezaketenik. Guztiak dira esangura handikoak komunitatearentzat eta etorkizuneko erronkei behar moduko erantzuna emateko zereginarentzat”, argitu du. Horrekin, berretsi du komunitatearen alde jarduteko konpromisoz darraiela Fagor Taldeak, “bide berriak urratuz”. “Urrats sendoak egin dira azken urteotan. Bide berean jarraitu beharra dago, Fagorrek ohi duen moduan, eragileekin elkarlana bultzatuz eta bazkideen inplikazioa bilatuz”, gaineratu du.

Laguntza eta elkarlana

Euskal Herrian sortutako ekimenak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko 2022an sorturiko lankidetza programa da Fagor Herrigintza. Haren bidez, Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propioa eta berritzailea ematea helburu duten proiektuak bultzatu nahi ditu Fagor Taldeak. Horretarako, euren proiektuak aurkeztu ohi dituzte gizarte eragileek, eta hiru aukeratzen dituzte Fagor Taldeko bazkideek, besteak beste, Fagor 2030 iraunkortasun estrategian esangura handienekoak diren Garapen Iraunkorrerako Helburuekin loturiko proiektuak lehenetsiz. 120.000 euro banatzen dira orotara.

Fagor Taldea

Fagor Taldea euskal kooperatiba talde industrial handiena da. 1964an eratu zen talde gisa, Ularco izenpean. Taldea osatzen duten zortzi kooperatibek soluzio teknologiko aurreratuak eskaintzen dituzte hainbat sektoretan: automozioan, makina-erremintan, ostalaritza eta sukaldaritzako ekipamenduan, etxetresnen osagaietan, eguzki energian eta jabetza industrialari loturiko zerbitzuetan. Arrasaten dauka egoitza nagusia eta Debagoiena (Gipuzkoa) eskualdekoak dira Taldea osatzen duten kooperatiba guztiak. Munduko hainbat tokitan ditu lantokiak, 11.565 langileko taldea osatuz. Hain zuzen ere, 15 herrialdetan banaturiko 30 lantegi industrial ditu nazioartean. MONDRAGON korporazioaren partaidea eta sortzaileetako bat da. Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Ederlan, Fagor Electrónica, Fagor Professional, Copreci, Mondragon Assembly eta Galbaian kooperatibek osatzen dute Fagor Taldea.

Zortzi kooperatibek osatzen dugu Fagor Taldea