Irakurriena
- 1. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
- 2. Gerodanek MONDRAGONen egoitza nagusiko ekipamendu proiektu berria garatu du
- 3. "Jaguar Land Roverrek funtsezko laguntzaile teknologikotzat hartzen gaitu"
- 4. Mondragon Unibertsitateak hamar titulu berri eskainiko ditu hastear den ikasturtean
- 5. Zabalik da Fagor Herrigintza lankidetza programaren deialdi berria
- 6. Laboral Kutxa, Espainiar estatuko bigarren banketxerik onena Forbes aldizkariaren arabera
- 7. LABORAL Kutxak 134 milioi euroko irabaziak lortu ditu 2024ko lehen seihilekoan
- 8. Felix Ormaetxea Uribetxebarria zendu da
- 9. MONDRAGONek bere urteroko Kongresua egin du Bilbon
- 10. “Abentura zirraragarria izan da”
Fagor Ederlan Tafallak, GERNAk eta Mundukidek Elkartasun Erronkarekin bat egin dute
Mundukide MONDRAGONeko kooperatiben baitan lanean diharduen Garapenerako Laguntza eskaintzen duen Fundazioa da; eta GERNA, Nafarroako gaixotasun arraroen edo ezohikoen taldea. Fagor Ederlan Tafallarekin batera eta guztien arteko indar metaketatik sortu da Elkartasun Erronka. Kooperatibako zein MONDRAGON Korporazioko zenbait pertsonak ere parte hartu dute egitasmoan.
Elkartasun erronkaren sustatzaileak, GERNAko eta Mundukideko ordezkariak eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak.
Oinarri solidarioak ditu, baina baita ere kirol oinarriak. Izan ere, Riki Abad ultrafondista nafarrak sekulako balentria egingo du. Aldi berean, erronka solidarioak agerian jarri nahi ditu balio kooperatiboak; elkartasuna, elkar-lana, gizartearekiko ardura eta ezberdinen arteko berdintasuna.
Guztion baturatik eta guztion ilusioarekin ekintzaren bitartez diru bilketa egitea nahi da
Guztion baturatik eta guztion ilusioarekin ekintzaren bitartez diru bilketa egitea nahi da, bai GERNArentzat zein Mundukiderentzat. Elkartasun erronkak ekintza ezberdinak hartuko ditu bere baitan. Kirol arloari dagokionez, Riki Abad kirolaria urriaren 21ean abiatuko da korrika Tafallatik Eskoriatzara lehenengo, Fagor Ederlanen lantoki nagusira, eta ondoren Aretxabaletara, Mundukidek Urkulun egingo duen III. Lasterketa Solidarioan parte-hartzera. Guztira, 145 km egingo ditu eta gainera Urkulun egingo den lasterketan esku hartuko du, Fagor Ederlaneko beste zenbait lankiderekin batera. Hori guztia urriaren 22an gertatuko da eta 23an, Abadek Tafallarako bidea hartuko du, baina bizikletan. On Jose Maria Arizmendiarrietak Arrasateko Esperientzia Kooperatiboa hedatzeko erabili zuen antzerako bizikleta batekin. Ibilbidean 195 km egingo ditu, eta MONDRAGONek Nafarroan dituen kooperatiba industrial guztiak zeharkatuko ditu.
Alderdi solidarioari erreparatuz gero, elkatasun erronkak balioko du GERNArentzat dirua batzeko. Hala, Nafarroako Gaixotasun Arraroen elkarteak bere kideen terapiak finantzatzeko diru iturria izango du. Era berean, Mundukide erakundeak munduan dituen proiektu ezberdinak finantzatzeko ere batuko da dirua.
Informazio gehiago: https://fetsolidario.com/
Fagor Ederlan Tafalla kooperatibaren hamargarren urteurrena
Ekimenak Fagor Ederlan Tafalla kooperatibaren hamar urteko ibilbidea ospatzeko balioko du. Urteurrenean, besteak beste, balioan jarri nahi da eraldaketa soziala. Ekimena urriaren 23an amaituko da Tafallako plazan. Riki Abad arratsaldeko bostetan iritsiko da bertara eta ongietorriaren ondoren urteurren ekitaldi xume bat egingo da hamar urte igaro direla ospatzeko. Ekitaldian, besteak beste, Fagor Ederlan Tafalla kooperatibako zein Fagor Ederlan Taldeko eta MONDRAGONeko ordezkariek esku hartuko dute. Baita Tafallako udal ordezkariek ere.
Ekitaldia xumea izango bada ere, ez dira faltako zuzeneko musika, dantza taldeak, bideo emanaldiak eta protagonista nagusienen testigantzak.