Prentsa eta estanpazio sistemen diseinu eta ekoizpena, laminatzea, prozesatzea, metalen mozketa eta txapazko piezen soluzioak.
Irakurriena
- 1. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 2. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 3. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 4. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 5. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 6. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 7. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 8. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 9. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 10. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
Fagor Arrasatek jauzi teknologiko berria eman du, altzairua eta aluminioa prozesatzeko lerroetan laser bidezko ebaketa sartuta
Fagor Arrasatek, material metalikoak eta konpositeak konformatu eta prozesatzeko soluzioen garapenean aditua denak, laser bidezko ebaketa-teknologia gehitu dio bobina metalikoak prozesatzeko jarduerari; horrela, bere gaitasun teknikoak osatu ditu eta merkatura eskaintza osatuago eta berritzaileago batekin hurbilduko da.
Arrasaten egoitza duen Kooperatibak, bobinatik abiatuta laser bidezko Danobatgroupen ebaketa-teknologia integratu du duela gutxi. Izan ere, teknologia horretan duen ezagutza eta merkatuan duen esperientzia, pizgarri izango dira jarduera-nitxo berrietan sartzeko, adibidez, ibilgailu elektrikorako osagai berrien fabrikazioan, baita beste sektore batzuetan ere, hala nola klimatizazioa, menajea edo altzairuzko deposituak.
Teknologia, ezagutza eta Danobatgroupetik datozen adituak integratuz, Fagor Arrasatek bobina metalikoa ebakitzeko eta prozesatzeko lineen diseinuaren eta manufakturaren arloan gaur egun dituen jarduerak osatu ditu, eta bere gaitasun teknikoei bultzada handia eman die, bai laser bidezko ebaketa-soluzioak garatzeko, bai simulazio-softwarea garatzeko. Kooperatibak aurreikusi du laser bidezko ebaketa-linea berriek urtean 10-15 milioi euroko salmenta gehigarriak eragin dizaketela 2024an.
Fagor Arrasatek eta Danobatgroupek – MONDRAGONeko Industria Automatizazioko eta Makina Erremintako dibisioetakoak, hurrenez hurren – merkatuan lehiakortasunean irabazteko duela urte batzuk hasi zuten lankidetza-lanaren barruan dago eragiketa hau.
Kooperatibak aurreikusi du laser bidezko ebaketa-linea berriek urtean 10-15 milioi euroko salmenta gehigarriak eragin dizaketela 2024an.
Zer da laser bidezko ebaketa-teknologia?
Bobinatik abiatutako laser bidezko ebaketa-lineak, prentsa bidezko ohiko ebaketa-lerroen alternatiba dira, ekoizpen-kadentzia handirik behar ez duten merkatu-segmentu jakin batzuetan – esaterako, elektro-mugikortasunak sortzen dituen nitxo berrietan –, malgutasun handiagoa eskaintzen baitute:
- Laser bidezko ebaketa-zelula batez hornituta daudenez, lerro horiek egokiagoak dira ekoizpen-beharren aldaketetara, eta edozein pieza edozein unetan ekoiztu ahal izango dute, erraz eta arin. Hainbat materialekin ere lan egin dezakete, hala nola altzairuarekin, altzairu herdoilgaitzarekin eta aluminioarekin, tresnak aldatu beharrik gabe, baita horiek aurrez margotuta eta/edo babes-filmarekin badatoz ere.
- Formatuak mozteko trokelik ez duenez, erreferentzien produkzio-aldaketa ia berehalakoa da, trokel-aldaketarekin lotutako produkzio-geldialdiak saihestuz. Geometria konplexuko piezak fabrikatzeko malgutasun handiagoa ere eskaintzen du. Horrez gain, trokel-multzoak biltegiratzeko espazioaren beharra ere murrizten da, bai eta trokel-parke baten hasierako inbertsioa eta mantentze-lan jarraituen gastua ere.
- Bobina batetik abiatuta, ekoizpen-kostuak murriztu egiten dira, materialaren erabilera optimizatzen delako eta alferrik galtzea murrizten delako.
- Azkenik, instalazioaren kostuak ere txikiagoak dira; lerroa trinkoagoa delako, eta ez duelako ez zulorik, ez eraikin alturik, ez garabirik behar trokel-aldaketetarako.
Fagor Arrasateri buruz
Fagor Arrasate munduko liderra da altzairua, aluminioa eta herdoilgaitza konformatzeko neurrira egindako soluzioen diseinuan eta fabrikazioan: prentsak eta estanpazio-sistemak, metalezko bobinak ebakitzeko eta prozesatzeko lerroak eta metalezko pieza konplexuak fabrikatzeko sistema osoak. Konpositeen konformazioan, beroko eta hotzeko forjaketa-sistemetan eta beroko estanpazioan ere aditua da.
Globalki jarduten du, eta bere bezero nagusien artean daude automobilgintzaren sektoreko fabrikatzaile garrantzitsuenak mundu mailan, hala nola, Volkswagen Taldea, General Motors, Ford, Stellantis edo Tesla, arlo horretako hornitzaile estrategikoak, hala nola, Gestamp edo CIE, siderurgia sektoreko enpresak, hala nola, Tata, Arcelor Mittal, Acerinox, Gonvarri edo Bamesa, eta etxetresna elektrikoen sektoreko konpainiak, hala nola, Bosch- Siemens, Whirlpool, Mabe, General Electric edo Haier.
60 urte baino gehiagoko ibilbidearekin, Fagor Arrasatek 6 ekoizpen-planta, laguntza teknikoko 5 zerbitzu-zentro eta I+G+b zentro bat ditu, bai eta ordezkaritza komertzial ugari munduan zehar. Gaur egun, Fagor Arrasatek 660 lanpostu ditu, Euskal Herriko, Txinako, Mexikoko, Alemaniako eta AEBetako lantegietan banatuta. Fagor Arrasateren batez besteko fakturazioa 200 milioi eurotik gorakoa izan da azken urteotan, eta esportazioak ekoizpenaren % 85 inguru izan ziren.
MONDRAGON Korporazioko kide sortzaileetako bat da, hau da, Europako enpresa-talde handienetako baten kide sortzailea, gaur egun 80.000 profesional dituena.