Lubaki digitala

Javier Benito Rodríguez 44 urteko bilbotarrak ateak ireki dizkigu bere egunerokoan murgiltzeko. Guduzelai digital honetan, prebentzioa eta azkartasuna ezinbestekoak dira automobilgintzaren sektore lehiakorrean bizirauteko. Javier Benito BATZeko azpiegituren eta zibersegurtasunaren koordinatzailea da.
Card image cap
2025/10/27

Industriaren muinean, makineria astuna eta kate-ekoizpena izan direnean betiko protagonistak, defentsarako lehen lerro berri bat sortu da: zibersegurtasuna. Javier Benito Rodríguez BATZ kooperatibako azpiegituren eta zibersegurtasunaren koordinatzailearekin hitz egin dugu. 18 urteko eskarmentua du enpresan, eta industria-erraldoi bat aro digitalean babesteak dakartzan erronken eta pozen berri eman digu.

Benitoren lanketa eguneroko berrikuspen estrategiko batekin hasten da. Lehenik eta behin, zibersegurtasuneko plan zuzendariaren baitan kokatzen diren proiektuen egoera aztertzen du; plan horrek 2027ra arteko ibilbide-orri zehatz bat du ezarrita, eta kooperatibaren defentsaren bizkarrezurra da. Ondoren, gertakarien atzematean jartzen du arreta. Kanpoko SOC (Segurtasun Operazioen Zentroa) batekin elkarlanean, aginte-panelak aztertzen ditu, abian legokeen eraso baten zantzu izan daitekeen edozein anomaliaren bila. Bere lantaldearen kudeaketa eta koordinazioarekin osatzen ditu goizeko lehen orduak.

Industria-sektoreak erronka bereziak ditu. Bulego-ingurunean ez bezala, industrian “disponibilitateak du lehentasuna, beste guztiaren gainetik”. Horrek esan nahi du sistemak askotan zaharrak izaten direla, 8funtzionatzen duen bitartean, ez ukitu” lelopean. Benetako arriskua sortzen da teknologia zaharkitu hori IT sare modernoekin konektatzean, kanpora irekitzeko. Gero eta beharrezkoagoa den konexio horrek ahultasunei atea zabaltzen die, eta suebakiak (firewall) eta mantentze-lanetako langileentzako sarbide-kontrol zorrotzagoak bezalako neurriekin egin behar zaie aurre.

_Q3A7532-Mejorado-NR.jpg

Ransomware delakoa, jaun eta jabe

Mehatxu ohikoenei buruz galdetuta, erantzuna argia da: “izar nagusia ransomwarea da”. Hala ere, eraso mota horrek bilakaera izan du. Orain, datuak zifratzeaz gain, horiek filtratzearekin ere egiten dute mehatxu. Enpresek berreskuratze- planak izan ditzakete sistemak erreskaterik ordaindu gabe leheneratzeko, baina informazio pribilegiatua filtratzeak estortsio-geruza berri bat gehitzen du, zigorrak jasotzeko eta ospeari kalte larria egiteko arriskuarekin.

BATZ kooperatibak ongi daki zer den hori. Iraganean zibereraso garrantzitsu bat jasan zuen. Une kritikoa izan zen, eta berreskuratzeko ahalegin handia eskatu zuen, baina esperientziak aldaketarako pizgarri gisa balio izan zuen: “Ikasi dugu, jardunbide oso onak atera ditugu eta asko hobetu dugu arlo horretan”. Ondorio positiboetako bat kooperatibako langileen kontzientziazioaren hazkunde nabarmena izan zen. Orain, aktiboki ematen dute mezu elektroniko susmagarrien berri, eta segurtasunarekiko konpromiso handiagoa erakusten dute.

Jakin-mina eta etengabeko ikaskuntza

Etengabe aldatzen ari den ingurune honetan, jakin-mina eta etengabeko ikaskuntza funtsezkoak dira. “Mundu hau beti ari da aurrera egiten, eta gustuko dut beti hor egotea, gauza berriak ikasten”, dio. Izan ere, dagoeneko aztertzen ari dira adimen artifiziala nola aplikatu zibersegurtasunean.

Presioari iskin egin beharrean, poztasun handia aurkitzen du bere karguaren erantzukizunean eta horrek dakarren lidergoan. Industria-zibersegurtasunean bere bidea jarraitu nahi dutenentzat, aholkua argia da: oinarri tekniko sendoaz gain, ezinbestekoa da talde-lana bezalako trebetasunak garatzea eta, batez ere, “ekoizpeneko jendearekin harreman ona izatea”. Azken finean, industriaren babesa ahalegin kolektiboa da, teknologiaren eta hura darabilten pertsonen arteko aliantza.

Etorkizuna: erregulazioa, adimen artifiziala eta hornikuntza-katea

Automobilgintzako zibersegurtasunaren etorkizuna erregulazioak markatuko du. Europak dagoeneko jarri ditu mahai gainean UNECE/R155 bezalako araudiak. Horiek ibilgailuen fabrikatzaileei eta haien hornikuntza-kate osoari segurtasun-baldintza zorrotzak betetzea exijitzen diete konektatutako autoetarako. Hori da, Benitoren arabera, "industriaren erronka garrantzitsuena".

Erronka horiei aurre egiteko, BATZ ez da soilik bere segurtasunean zentratzen; hornitzaileei ere bezeroek ezartzen dizkieten estandar berberak eskatzen hasi da. Kanpo-zaintzako tresnak erabiltzen dituzte, dark webean informazio-ihesen bila (kredentzialak edo dokumentuak, esaterako), “eraso bat gertatu baino lehen prebenitu ahal izateko”.

Automoziorako moduluak eta sistemak