Irakurriena
- 1. MONDRAGON Foroaren XIII. edizioak 400 lagun baino gehiago elkartu ditu Bilbon
- 2. Guido Agostinelli dibulgatzaile argentinarrak MONDRAGON bisitatu eta sareetan arrakasta lortu du milioitik gora ikustaldi lortuta
- 3. Azaroak Arizmendiarrieta ekarriko du gogora
- 4. Danobatgroupek Enpresa Berrikuntzaren Saria jaso du lidergo teknologikoan egindako 70 urteengatik
- 5. MONDRAGON errotuago Katalunian, Barcelona Circular proiektuan parte hartuz
- 6. M&A operazioak, MONDRAGONen Finantza Foroaren IX. edizioaren ardatz
Eraldaketa metodologikoa, eraldaketa arkitektonikoa
Espazio berriak estreinatu dituzte Arizmendi Ikastolako Almen eta Gaztelupe guneetako DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasle eta irakasleek. Dotoreak, praktikoak, metodologia berriari egokituak. Gehiago dirudi Norvegia Debagoiena baino. Espazio irekiak, altura ezberdinak, harmailak, bilera gela itxiak, irekiagoak, proiektuak partekatzeko guneak eta irakasleen espazioa, bertatik bertara, irekiago, gertuago. Sasoi hori aspaldi igaro duen batek esango lukeen bezala. Zenbat aldatu den irakaskuntza!
“Ko-irakaskuntzan lan egitea ezinbestekoa izango da IZEN egitasmoan eta horretarako espazioak egokitu behar dira, arkitektura berria inplementatuz”. Aitor Ziardegik eta Alaitz Martinezek argi dute irakaste-ikaste prozesuaren ‘iraultza txiki’ baten aurrean daudela. Guztiak egokitu beharko dira, irakasleak eta ikasleak, era berean, proportzioan. Eta horretarako, dudarik gabe, espazioak eraldatu dituzte. “Espazioak aukera eman behar digu proiektuak taldeka lantzeko, leku irekiagoak proiektuak azaldu ahal izateko eta, noski, badira beste eduki batzuk, estilo klasikoagoan, magistralean eskainiko direnak eta horiek eskaintzeko ikasgela itxiak ere beharko ditugu”.
Ko-irakaskuntzan jardutea da helburua. Irakasle bat baino gehiago ikasleekin lanean aritzea, aldi berean, hartuemanean eta edukien lanketan.
Ko-irakaskuntzan jardutea da helburua, irakasle bat baino gehiago ikasleekin lanean, aldi berean, hartuemanean, edukien lanketan. “Ez digu azaleko edukiak balio, sakontasunerako espazioak behar ditugu, klase magistralek ere pisu gehiago hartzen baitute. Hau da beste aldaketa bat. Edukietan janztea ezinbestekoa da. Proiektu ezberdinetan aritzeko eta kritikotasuna lantzeko. DBH4n sakontasun gehiago eskatzen diegu eta analisirako espazioak sortu beharra geneuzkan”. Eta sortu dituzte, bai. Almen eta Gaztelupeko DBH 3 eta 4 guneak dotore daude orain. Irekiak, egurraren goxotasuna eta kristalaren argitasuna nahastuz.

Metodologian aldaketa sakona
PROIen bitartez edukiak mobilizatzen jakitea eskatzen diete ikasleei. “Proiektuak garatzea inportantea izango da, sakontasunez. Matematika hizkuntzarik gabe ezin duzu zientzietan eraiki. Hizkuntza horiek landu egin behar dira. IZENen konturatu gara zientziak ere baduela hizkuntza bat eta fisika, kimikako prozesuak ere garatuko ditugu. Ez dugu hankamotz geratu nahi diziplina ezberdinetan”. Hala, prozedurazko edukiak (gaitasunak garatzeko programazio didaktikoan definitutako eduki mota) arlo guztietan landuko dituzte.
Azterketek presentzia gehiago hartuko dute, nahiz eta ez diren kalifikazio erreminta bakar bezala erabiliko. Hala, IZEN PROIetan ere test une batzuk aurreikusten dituzte. “Lan ona egiteko test horiek gainditu beharko ditu ikasleak”, diote Aitorrek eta Alaitzek.
Barne sendotasuna
Garapen pertsonaleko saioak eta barne sendotasuna barneratzekoak ere garrantzitsuak izango dira. “Adinera nola egokitu? Meditazioa, lasaitzeko arnasketak, yoga… Autoestimua landu behar dugu. Ikasle askok ez du sinisten meditazioan baina bada bide bat antsietatea lantzeko. Arazo mentalak sasoi honetan sortzen dira eta horri aurre egin behar diogu”.
Ko-irakaskuntza praktikan
Ko-irakaskuntzan, 2 irakasle eta 60 ikasle baldin badaude, liberatu daiteke bat tutorizaziorako eta pertsonalizazioan sakontzeko. Aldaketa ez da edonolakoa izango eta eraldaketaren mesedetan, HUHEZIren laguntzarekin dihardute Arizmendi Ikastolako irakasleek. Almenen eta Gaztelupen gaur egun sei linea ditu Arizmendik, guztira 225 ikasle gutxi gorabehera.
Eraldaketa honetan guztian bost ikastola ari dira lanean: Orio, Tolosako Laskorain, Oñatiko Txantxiku, Anoeta eta Arizmendi Ikastola. “Irudikapenean, diseinuan, ekoizpenean ere elkarrekin aritu gara. Dimentsioan, baliabideetan aukera gehiago ditugu orain”. Aldaketarako ekoizpena Otaloran egin dute irakasleek, MONDRAGONen Ezagutza Dibisioan barne. “Otaloran aritu gara lanean, modu oso eraginkorrean eta asko eskertzen da horrelako espazio batean lan egitea”.