Emplea Fundazioa eta Mondragon Team Academy, landa gunera talentua erakarri guran

Bi erakundeek jardunaldi bat antolatu dute, VIVID MTA inkubagailuaren bigarren edizioan parte hartuko duen taldea hautatzeko. Jardunaldian VIVID inkubagailuaren emaitzak ezagutarazi dituzte. Proiektuaren asmo nagusia da landa-udalerriei gazte talentudun kualifikatuak erakartzen laguntzea.
Card image cap
2023/11/21

Mondragon Team Academyk eta Emplea Fundazioak abiatutako egitasmoarekin unibertsitate gehiagok egin dute bat; hala nola Nafarroako Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Zaragozako Unibertsitateak eta EHUk.

Parte hartuko duten gazteak hautatzeko, lehiaketa egin da, LEINN graduko hautagaiek erronka honi erantzungo dion proposamen bat presta dezaten: «Imajinatu 500 biztanleko herri bat zaretela. Zer ekimen jarriko zenituzkete martxan, gazte talentudunak zuen udalerrira erakartzeko eta bertan geratzea ahalbidetzeko?».

'Imajinatu 500 biztanleko herri bat zaretela. Zer ekimen jarriko zenituzkete martxan gazte talentudunak zuen udalerrira erakartzeko eta bertan geratzea ahalbidetzeko?'

Gazte parte-hartzaileek iragan ostiralean elkartu ziren Enpresagintza Fakultatearen Oñatiko campusean. Jardunaldian, bi mahai-inguru egin ziren, helburu desberdinekin: mahai-inguru batean, Mondragon Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitateko eta Valladolideko Unibertsitateko zenbait irakaslek agerian utzi nahi izan zuten nola lor dezaketen prestakuntza-zentroek (beste eragile batzuekin batera) lurraldeen eraldaketan eta dinamizazioan aitzindari izatea. Kasu horretan, landa-garapenerako baliabide estrategiko bihurtzea da modua.

Bigarren mahai-inguruan, 2022an herri horretan zenbait hilabetez bizi izan diren ikasleek bi esperientziaren berri eman dute. Despopulazioaren arrazoiak ezagutzea eta horren aurkako irtenbideak ematea izan da egonaldiaren xedea. Hainbat unibertsitatetako ikasleek lurraldean eragina izan duten proiektuak garatu dituzte, zenbait formatutan (gradu-amaierako proiektuaren eta praktiken bidez, besteak beste).

Lehenengo esperientzian (gradu-amaierako lanaren formatua), ekintzailetzari laguntzeko zerbitzu-eredu baten kontzeptua diseinatu da, landa-inguruneko gazteei zuzenduta eta Espacio Alpha proiektuaren aurretiko esperientzia oinarri hartuta, eta VIVID Akademia prestakuntza-programaren jarraipenarekin. Izan ere, programa hori kontzeptualizatzen ari da ekintzailetzaren jarraipena eta laguntza.

Birpopulatze-turismoaren esparrua

Birpopulatze-turismoaren esparruan garatu den mahai-inguruan aurkeztu da bigarren esperientzia. Xede horrekin, ikasleetako batek azaldu du nola burutu zuten murgiltze-prozesu bat lurraldean, nola izan ziren herritarrekin harremanetan eta nola egin zieten aurre herritar horien erronkei. Ekitaldiaren bigarren zatian, lehiaketa egin da. Bertan, proposatutako erronkari erantzuteko irtenbideak eman dituzte Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko ikasle gazteen bost taldek, eta horietako batek irabazi du.

Azkenik networking edo sarean lan egiteko espazio bat partekatu dute bertaratuek, hots, landa-eremuak eta, zehazki, VIVID inkubagailuak eskain ditzakeen aukerak ezagutzeko irrikan zeuden beste gradu edo maila batzuetako ikasleek.

Administrazio eta enpresa irakaskuntza

Irakaskuntza unibertsitate zentroa